Xenofobia, arrazakeria, diskriminazioa eta atzerritarren legea gaitzetsi dituzte kalean

uriola.eus 2021ko abe. 20a, 10:00

Migratzaileen Nazioarteko Eguna izan zen larunbatean, hilak 18, eta ehunka pertsona atera ziren Bilbon zehar kolektibo horren aldeko eskubideak aldarrikatzera nahiz instituzioei erantzukizuna eskatzera. Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeak manifestua argitaratu du egun horren harira.

Jarraian, manifestua osorik irakurgai:

"Pertsona migratuen, arrazializatuen eta errefuxiatuen biltzarrean, euskal gizartearen eta Estatuaren aurrean manifestatzen gara, gure bizitza eta eskubideei eragiten dieten zapalkuntza eta bidegabekeria guztiak ikusarazteko eta salatzeko. Lege arrazisten, borondate politikorik ezaren eta, batez ere, pertsona migratuen bizitzan eta lurraldeetan kolonialismoa betikotzearen ondorio da.

Estatu espainiarreko biztanleriaren % 10 baino gehiago gara. Eta ez dugu ahaztu behar gure atzean familiak, bizitza-istorioak, irrikak, ametsak eta itxaropenak daudela.
Europak bere mugak babesteko ahaleginak egiten dituen bitartean, migratuok xenofobiaren, egiturazko arrazakeriaren, diskriminazioaren eta atzerritarren legearen aurka borrokatzen dugu.

Horregatik salatu nahi dugu gaur:

  • Itsasoan milaka etorkin hiltzea, Europar Batasuna eta bere mugako erregimena -FRONTEXek ezarritakoa- erantzule eginez, eta pertsona guztientzako bide seguru eta legezkoak exijitzen ditugu. Ceuta, Melilla eta Kanariar Uharteetako pertsonak penintsulara eramatea ere eskatzen dugu.
  • Europako erauzketa-politika, zeinak Hegoalde globaleko herrialdeetan esku-sartzea duen.
  • Atzerritarren legeak abalatutako arrazakeria instituzionala. Horregatik, berehala indargabetzea eta justizia indarkeria instituzionala jasan duten pertsona guztientzat eskatzen dugu.
  • Poliziak migratutako eta arrazializatutako pertsonen gorputzen aurkako indarkeriaren erabiltzea. Beraz, sarekada arrazistak eta kaleko saltzaileen kriminalizazioa amaitzea eskatzen dugu.
  • Migratzaileek egindako lanen lan-baldintza eskasak; halaber, premia handiz eskatzen dugu berehala erregularizatzeko Estatuko migratzaile guztiak, etengabe eta baldintzarik gabe, eta, gainera, Espainiako eta Euskal Autonomia Erkidegoko Gobernuak legez aitortzea zaintzako langileak.
  • Harrera-programa solidarioak sortzeko borondate politikorik eza. Hori dela eta, euskal erakundeei eskatzen diegu etxebizitzarako eta gizarteratze eta laneratze plan bat sor dezatela, pertsona bakar batek ere eskubide horiek eskuratzeko aukerarik gabe gera ez dadin, eta pertsona guztiak Euskal Herrian erroldatuak izan daitezen.
  • Migratutako pertsonentzako “espetxeak” diren CIE eta CITES direlakoak; beraz, horiek ixtea eta beroko itzulketak eta deportazioak amaitzea eskatzen dugu.
  • Migratutako pertsonentzat atzerritarren bulegoetan izapideak egiteko hitzordurik eza; berehala arintzea eskatzen dugu.
  • Inoren kargura ez dauden adingabeak kriminalizatzea; benetako harrera eta babeserako neurri espezifikoak eskatzen ditugu.Gaurko egunez salatzen dugu! Eta ozen oihukatzen dugu. Inor ez da ilegala!

EUROPA ZITALA

IREKI HARRESIA BEREHALA!

Pertsona migratuen, arrazializatuen eta errefuxiatuen biltzarrean"