Aurrekontu sozialagoak aldarri

uriola.eus 2021ko abe. 20a, 12:12

"Obra faraonikoetan eta gastu militarrean ehunka milioi euro xahutzen direla" eta onartu diren aurrekontuek "murrizketa sozialak" dakartzatela salatu dute goizean hainbat ekintzailek. Arroparik gabe, hotza pasatzea tokatu zaie, jendeak egunerokoan pairatu behar duten pobrezia irudikatu dutelarik.

AHT Gelditu plataformako, Kakitzat Koordinakunde Antimilitaristako eta gizarte bazterketaren aurkako eta giza eskubideen aldeko Berri-Otxoa taldeko zenbait kide fardelak soinean elkartu dira goizean Eusko Jaurlaritzaren Kale Nagusiko egoitzaren aurrean. Ekintza horrekin, 2022ko aurrekontuan azpiegitura handietarako eta gastu militarrerako gordetako diru partidak gaitzetsi eta baliabide horiek gizarte zerbitzuetara bideratzeko beharra aldarrikatu dute.

Azpimarratu dute datorren urterako onartutako aurrekontuek ez dutela aintzat hartzen egungo testuingurua, eta osasunean, etxebizitzan, gizarte laguntzetan nahiz hezkuntzan murrizketak dakartzatela eta ez diola erantzuten pobreziari eta desberdintasunei buruzko azken inkestako datuek azaleratzen dituzten arazoiei; izan ere, inkesta horrek adierazten du biztanleen herenak zailtasun handiak dituela hilaren amaierara iristeko.

EAJ, PSE-EE eta EH Bilduri leporatu diete aurrekontuen bozketan murrizketok ahalbidetzea. "Diru-sarrerak bermatzeko errenta %30 murriztuko da egugo legediari dagokionez", nabarmendu dute. Pentsiodunek eta mendeko pertsonak haien ardurapean dituztenek 300 euro gutxiago jasoko dutela ere gaitzesgarria iruditzen zaiela azaldu dute, besteak beste.

Azpiegitura handien gastuak

Gaur Eusko Jaurlaritzan elkartu direnek uste dute aipatutako adibideekin alderatuta, larria dela azpiegitura handietara zenbateko horren handiak bideratzea: "Abiadura Handiko Trenaren obretara 388,4 milioi euro bideratzen dira, eta beste 48,2 Gipuzkoako adarrera; edo 100 milioi EAEko industria militarrerako dirulaguntzetara". Aipatutako proiektuekin diru hori guztia "xahutu" baino ez dela egiten uste dute.