“Prostituzioaren ikusezintasunak arriskutsuago bihurtzen du lanbidea”

Maite Txintxurreta Agirregabiria 2021ko abe. 21a, 12:18

Askabide elkarteko presidentea da Miriam Santorcuato (Argazkia: M. Santorcuato)

80ko hamarkadan sortu zen Bilbon Askabide, prostituzioan diharduten emakumeekin lan egiten duen elkartea. Abenduaren 17an Sexu Langileen Kontrako Indarkeriarekin Amaitzeko Nazioarteko Eguna izan zela eta, gai horri buruz berba egin dugu Miriam Santorcuato presidentearekin.

Sexu Langileen Kontrako Indarkeriarekin Amaitzeko Nazioarteko Eguna izan zen ostiralean. Zein da Askabidek arlo horretan egiten duen lana?

Askabidek erakunde gisa duen misioa da prostituzioan jarduten duten emakumeen beharrizanak identifikatzea eta arreta ematea. Ahalegintzen gara gugana jotzen duten emakumeek helarazitako orotariko eskaerei erantzuten. Ildo hori interbentziozkoa edo kolektiboarekin zuzeneko lana egitean datzana da. Horrez gain, badugu beste lan ildo bat sentsibilizazioa, informazioa eta salaketa jorratzeko. Alderdi hori gehienbat erakundeko profesionalok eta boluntariook lantzen dugu. Bazterketa handiari eta babesgabetasunari lotuta kolektiboak pairatzen duen egoera salatu eta jendarteari helarazten diogu. Eskubide falta gaitzetsi eta ikusgarritasuna sustatzen dugu, duintasuna eta eskubideak oinarri.

Gure ildo estrategiko nagusietako bat da prostituzioan diharduten emakumeen aurkako indarkeriaren prebentzioa. Izan ere, kolektibo oso zaurgarria da, ikusezin bihurtu arazi dena eta oso babesgabea. Horren ondorioz, indarkeria askoz ere bortitzagoa da, eta era guztietakoa: indarkeria fisikoa, umiliazioak, irainak, sexu erasoak, aurrez adostu ez diren edo konsentimendurik gabeko zerbitzuak ematera behartzea, bortxaketak, sustantziak kontsumitzera behartzea…

Lehenik eta behin, ikusarazten diegu nominak ez duela biolentzia merezi. Hau da, prostituzioan diharduten emakumeak izate hutsagatik ez dutela zertan pairatu erasorik, eta ez dutela zertan egin nahi ez duten edo bezeroarekin aurrez adostu ez duten praktikarik. Izan ere, maiz uste izaten da prostituzioak inplizituki berekin dakarrela eraso edo umiliazio batzuk jasatea. Horrekin lotuta, garrantzitsua da emakumeak gai izatea eraso bat edo indarkeria egoera bat identifikatzeko. Egin nahi ez duten zerbait egin behar izatea ere indarkeria mota bat dela lantzen dugu. Edo irain bat, umiliazio bat, mespretxuzko tratua… Hori ezin da onartu. Beraz, badago alderdi bat ahalduntzearekin lotua, eta beste bat beren burua defendatzeko edo egoera horiek kudeatzeko erremintak edo aukerak eskaintzean datzana, bai unean bertan, bai beranduago; esaterako, salaketa jartzea, autobabesa eta prebentzioa lantzea elkarteko profesionalekin, eta abar.

Salaketarena ere bada Askabideren beste lan bat. Aukera dugun bakoitzean, publikoki salatzen ditugu egoerak. Bada, jendarteak ere uste izaten du indarkeria eta prostituzioa elkarri lotuta doazela, zaila izaten baita azaltzea prostituzioan dabilen emakume batek sexu eraso bat jasan duela. Batzuetan badirudi zaila dela hori ulertzea. Egiten ditugun hitzaldi eta prestakuntza saioetan ere txertatzen dugu indarkeriaren dimentsio hori.

Beste arazo bat da gaur egun dugun genero indarkeriaren legearen parametroetan ez direla sartzen bezeroek prostituzioan dihardutenei egindako erasoak. Hortaz, eraso huts gisa jotzen dira halakoak, baina guk argi ikusten dugu genero konponentea. Salaketaren kontua ere konplikatu egiten zaie halako erasoen biktimei; esate baterako, paperik ez badaukate. Gainera, ez daukate babes eta prebentzio neurriak eskuratzerik. Hortaz, legearen irismena zabaltzeko eskatzen dugu, bazterketa egoeran dauden emakumeei egindako erasoak ere aintzat hartzeko, kasu honetan prostituzioari lotutakoak.

Lanbide arriskutsua da prostituzioa?

Baietz uste dut. Arriskutsua da ikusezina delako. Gero eta gehiago, gainera. Kaleko prostituzioa luzaroan egon da, klubetakoa ere bai, eta garai batean oso bogan egon ziren errepideetako klubak ere… Baina hori guztia desagertuz joan da eta prostituzioa orain etxebizitzetan gauzatzen da. Sarri, emakume batek edo bik alokatzen dituzten pisuak izaten dira, eta bezeroak Internet bidez jartzen dira harremanetan. Ondorioz, bilatu nahi duenak aurkitzen du, baina kontua emakumearen eta bezeroaren artean geratu ohi da. Beraz, babesgabetasun maila areagotzen da. Eta erakundeoi askoz ere gehiago kostatzen zaigu jakitea emakume horiek non dauden eta haiengana gerturatu ahal izatea Askabidek eman dezakeen babesa eskaintzera.

Bilbon, garai batean indar handia izan zuen kaleko prostituzioak. Gaur egun, zertxobait murriztu da Gorte kalean eta Miribilla inguruan, lege berriengatik agian, baina ez dut esan nahi desagertu egin denik. Kaleko prostituzioak dakarrena da, maiz, auto batean sartzea eta auto hori martxan jartea. Niri horixe iruditzen zait beldurgarriena. Arrisku egoera itzela da. Askabiden kolektibo horrekin berariaz lan egiten dugu. Hortaz, baditugu proiektu batzuk gu haiengana gerturatzeko, edo jada ezagutzen gaituztenek gugana jotzeko.

Azkenaldian etxebizitzetako prostituzioa areagotu dela diozu. Pandemiaren ondorioz izan da?

Ez, lehenagotik datorren joera da, ez du pandemiarekin zerikusirik. Baina pandemiak bestelako eragin asko izan ditu. Izan ere, krisi handiek bereziki kolpatzen dituzte zaurgarrienak. Kasu honetan, batez ere konfinamendu garaian, emakume gehienek ezin izan dute lanik egin. Emakume hauentzako, lanik ez egiteak esan nahi du diru-sarreren zenbatekoa zero izango dela. Horrez gain, bakardadea aipatu behar da, edota etxebizitza prekarioak. Konfinamendua latza izan bazen etxe on bat eta familia egonkor bat dugunontzat, pentsa nolakoa izango zen bizilekua partekatzen dutenentzat, logeletan bizi direnentzat…

Egoera bortitza izan da benetan. Bada, hirugarren sektoreko entitateek egindako lana nabarmendu nahiko nuke. Lehenengo lerroan egon gara oinarrizko arreta emateko. Janaria banatu da, higiene produktuak ere bai, behar handia baitzegoen. Oinarri-oinarrizko produktuak dira, baina emakume hauek ezin izan dituzte erosi. Eusko Jaurlaritzaren kanpaina baten baitan dirua eman zen, Cáritasen bidez bideratu zena, alokairuak eta abar ordaintzeko. Ekimen interesgarria izan zen eta oso ondo eraman zuten aurrera Cáritasekoek. Erakundeok eskaerak egiten genituen, adibidez, emakume batek ezin bazuen alokairua ordaindu, eta laguntza bideratzen zuten. Elikagaien Bankuak ere lan oso garrantzitsua egin du, eta dirulaguntzak eman dituzte elkarteek oinarrizko produktuok eskuratu ahal izateko. Hezitzaile batek esan zidan Askabidek sekula ere ez zuela horrenbeste janari eta diru banatu.

Bestalde, elkarteetatik lan handia egin da kontentzio emozionalarekin lotuta. Emakumeak oso bakarrik eta galduta zeuden, oso babesgabe. Bada, asmo nagusia izan zen beraiek jakitea beste aldean bazegoela norbait hitz egin ahal izateko.

Zein da bezeroen profil orokorra?

Elkartean egin izan dugu proiekturen bat edo beste bezeroekin. Izan ere, egiten dugun guztiarekin lortu nahi duguna da emakumeen bizi kalitatea hobetzea. Profilari dagokionez, bizitza bera bezalakoa dela esan ohi dugu, aintzat hartuta gizonezko bezeroak dituzten emakumeekin lan egiten dugula. Hortaz, orotariko gizonak daude: kultura, herrialde, klase sozial nahiz adin ezberdinetakoak. Ez dugu identifikatu profil zehatz bat, denetarik dago.

Bezeroekin egin dugun lana beti izan da sentsibilizazioaren alderdiarekin lotua. Esate baterako, preserbatiboaren erabilerari lotutako kanpaina bat egin dugu. Gezurra badirudi ere, kasu askotan lan handia egin behar da arlo horretan. Tratu ona ematearen aldeko beste kanpaina handi bat ere egin genuen. Ildo beretik, emakumeekin lantzen ditugu zerbitzu bakoitzaren ostean nola tratatuak sentitu diren identifikatzeko tresnak.

Prostituzioaren gaineko estigmak zaildu egiten du langile horien egoera hobetzeko bidea?

Estigmaren gaia da, hain zuzen, kontu honen giltzarrietako bat. Esan ohi dugu emakume bat, prostituzioan egun batez ari izan bada zein bizi osoz, markatuta geratzen dela jada. Ondorioz, ez gara gai emakume horiek aintzat hartzeko; prostituta bezala baino ez ditugu ikusten eta ez diegu beren potentzialtasunei erreparatzen. Ez gara gai ikusteko nahiak, bizi proiektuak, ametsak eta, azken finean, prostituzioaren jardunaz harago ere bizitza bat daukaten emakumeak direla.

Elkartearen xede taldean dauden emakumeak prostituziora eraman dituzten arrazoiak oso lotuta egon ohi dira muturreko bazterketa egoerekin. Bada, aipatutako estigmaren ondorioz, maiz haiek ere ez dute uste izaten gai direnik beste gauza batzuk eskuratu edo eskatzeko eta beste gauza batzuei ekiteko. Hortaz, landu beharrekoa ahalduntzea da, entzutetik hasita. Askabideren lehenengo premisa da ez epaitzea. Negoziaezina da hori. Ez epaitu, errespetatu, eta entzun. Eta eskatzen dutenaren arabera goaz gure lana aurrera eramaten.

Pixkanaka erremintak ematen zaizkie, gai izan daitezen erabakiak hartzen joateko eta beren bizi proiektua eraikitzeko modu autonomo eta duinean. Irits dadin une bat zeinetan etorkizunera begirako erabaki bat hartzeko moduan kokatuta egongo diren. Hori lortzeko bideak izan daitezke prestakuntza, terapia lana, tailerrak... Eta badaude kasu batzuk zeintzuetan emakumeek lehenik eta behin beste kontu batzuk konpondu behar dituzten. Toxikomania izan daiteke, esaterako, edo etxebizitzarekin lotutako zailtasunak, arazo administratiboak... Muturreko adibide bat jartze aldera: nik gaur ez badakit zer emango diedan afaltzeko seme-alabei edo non lo egingo dudan gauean, ez naiz hasiko ikastaro bat egitean pentsatzen.

Aukera berdintasunaren gaia ere asko lantzen dugu. Gizon eta emakumeen arteko parekidetasunaren garrantzia oso argi daukagu. Elkar gurutzatzen diren bi dimentsio daude hemen. Bata generoa da, eta bestea, pobrezia. Bigarren horri lotuta, nik beti diot klasistak garela, eta emakume hauek pobreak izateak askoz ere zaurgarriago bihurtzen ditu eta bazterketaren mugara hurbiltzen ditu.

Kasu gehienetan pobrezia hori da emakumeak prostituziora eramaten dituena?

Badakigu badaudela prostituzioan beste baldintza batzuekin diharduten emakumeak, baina guk ez dugu kolektibo horrekin lan egiten. Gurera datozen guztiak pobrezia egoeran daude eta bizipen oso latzetatik datoz: migrazioak, trantsituko prozesu izugarriak, familia oso desegituratuak, sexu abusuak... Inolako aukerarik izan ez duten emakumeak dira. Eta halakorik izan badute ere, aukera horiek benetan prekarioak izan dira. Hortaz, une jakin batean erabaki dute aukera honen aldeko hautua egitea, gainerakoak ere ez baitzitzaizkien duinagoak iruditzen. Eta kasu askotan biziraupenaz ari gara.

Zer edo zer gaineratuko zenuke?

Badago alderdi oso garrantzitsu bat, eta da gure DNAn dagoela justizia sozialaren alde lan egitea, gizarte justuago baten alde. Gizarte eraldaketaren klabean egiten dugu lan; izan ere, uste dugu aukera berdintasuna landuta, gizarte duinagoaren zein emakume hauen duintasunaren alde lan eginda eta jendarte inklusiboagoa sustatuta, berdintasun handiagoa lortzen dela. Horixe da gure lanaren norabidearen giltzarria. Hain zuzen, horregatik eman ziguten 2020ko Emakunde saria.