Tranbia Zorrotzaurre uharteraino iritsiko da

uriola.eus 2021ko abe. 23a, 08:00

Bilboko Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailak adostu dute 2,4 kilometro eta bost geltoki izango dituen trazadura berria egitea. Jesusen Bihotzaren albotik luzatuko dute egungo ibilbidea, eta Olabeagako kaitik gurutzatuko du itsasadarra Deustuko Erriberara iristeko.

Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak eta Juan Mari Aburto Bilboko alkateak gaur bertan eman dute lortutako adostasunaren berri.

Lehen kalkuluen arabera, aurrekontuari eta epeari dagokienez, 40 milioi euroko inbertsioa egingo da, material mugikorra kontuan hartu barik, eta 40 hilabete beharko dira tranbiaren luzapen berria eraikitzeko eta martxan jartzeko.

Euskal Trenbide Sarea une honetan idazten ari den informazio azterlanaren aurrerapena da oraingoa. Lanok amaitu ostean, azterlana behin-behinean onartuko da, jendaurreko informazioaren izapidea gauzatu bitartean. Organo eskudunak ingurumenaren gaineko eraginaren adierazpena ere onartu beharko du. Behin betiko onartu ostean, hurrengo urratsa eraikuntza proiektua idaztea izango da.

Atxuri-Bolueta tartea 2022ko martxorako martxan jartzearekin batera, Bilboko tranbiak 8 kilometroko sarea izango du (orain 5,8 kilometro dira), eta Bolueta eta Casilla artean 16 geraleku egongo dira. Uharteraino luzatuta, 21 geltoki eta 10,5 kilometroko luzera izango ditu.

Azalpen teknikoak

Trazadura berria Euskalduna Jauregiko geltokitik hurbil hasiko da. Tranbiak Jesusen Bihotzaren  biribilguneari buelta emango dio Zorrotzaurre eta Casilla aldera joateko. Beraz, inguru horretan dagoen bulego eraikinaren aurretik doan zatia erabili barik geratuko da.

Euskalduna Zubiraeta Olabeagarantza doan errepiderako sarreraren ostean, ezkerraldea eta Bilbo lotzen zituzten Renfeko trenak zihoazen trenbide zaharraren parean, trenbide bikoitzeko trazadura berria eskuinera biratu eta betelan batzuen gainean jaitsiko da, erabiltzen ez den trenbide plataformaren kotara iritsi arte.

Trokabidearen, La Ventosa bidetik Olabegara jaisten den bide txikiaren eta antzinako trenbidearen bidegurutzearen inguruan egongo litzateke adar berriaren lehen geltokia.

Itsasadarra 100 metro inguruko zubi finko baten bidez gurutzatuko litzateke, Olabeagako kaiaren eta San Nikolas kalearen artean. Aztertzeke dago ea zubi berria autobusek ere erabiltzeko aukerarik egongo den.

Uhartera iritsita, eta inguru horretako garapen urbanistikorako diseinatutako plana amaitzeko zain, beste lau geltoki egongo dira.

Lehenengoa Frank Gehry zubitik gertu egongo litzateke, etorkizuneko hegoaldeko parke teknologikoaren ondoan.

Tranbiak uhartearen beste muturrerantz egingo du Galletagileen etorbidetik, eta bigarren geltokia izango du Artiachen galleta fabrika zaharraren eraikinaren ondoan eta San Pablo Apostoluaren Parrokiatik gertu.

Hirugarren geltokia Digipen eta Mondragon unibertsitateek hartzen dituzten Beta eraikinetatik gertu egongo da, Bilboko Udala erabilera publikoko plaza berria urbanizatzeko lanak eta geotermia proiektua egiten ari den lekuan.

Eta uharteko laugarren geltokia etorkizuneko parke teknologikoaren parean egongo litzateke, Lancor eraikinaren parean eta San Inazioko zubitik gertu.