Seigarren urtez jarraian egingo da topaketa. Aurreko urteetan izandako arrakastaren ondorioz, erreferentziazko ekimen bihurtu da, bai estatu mailan, bai nazioartean. Izan ere, bertaratuek Dietrich Buxtehude, Tetsunosuke Kushida, Alfred Reed, Guy Woolfenden eta Andrés Valero-Castells bezalako autoreen lanak izango dituzte entzungai.
Programak orkestra zuzendaritzako ikasketak gaur egungo formazioetan sustatzea izango du helburu nagusitzat. Baita ere, baliabide teknikoak eta artistikoak eskaintzea talde instrumentalen zuzendaritza garatzeko.
Horren barruan, gazte zuzendarientzako ikastaro bat egingo da urtarrilaren 11tik 14ra bitartean. Hasiera batean 51 ikaslek eman zuten izena; %15a atzerritarrak eta beste guztiak, Espainiako autonomia-erkidego ezberdinetatik. Horietatik, 10 zorioneko pertsona izan ziren hautatuak Arriagako kontserbatorioan eta Bilbao Musikako egoitzan egingo diren topaketa hauetan parte hartzeko. Bilboko Udal Musika Bandako José R. Pascual-Vilaplana zuzendari titularrak emango du ikastaroa eta Douglas Bostock maisu britainiarra, gonbidatu gisa parte hartuko du.
Ostiraleko saioan, praktiketako banda modura, Bilboko Udal Musika Banda arituko da. Aurreko urteetan bezala, aipatutako hamar ikasleek lehiaketa honetan parte hartzeko aukera izango dute. Sari bezala, irabazleak Bilboko Udal Banda zuzenduko du 2022-2023 denboraldiko kontzertu batean. Epaimahai gisa, Udal Bandako irakasleek jardungo dute.
Ez da izango hilabeteko kontzertu bakarra
Aste honetakoa ez da izango Bilboko Bandaren hilabeteko azken kontzertua. Urtarrilaren 23an Esukaldunako Auditoriora itzuliko da taldea, Etorkizun hurbila izeneko kontzertuarekin.Ernesto Aurignac saxofoi altua, Moises P. Sánchez pianista, Toño Miguel kontrabaxua eta Ramón Prats bateria izango ditu lagun.