Tuterako hilketa salatzeko kontzentrazioa egingo dute iluntzean

uriola.eus 2022ko urt. 12a, 10:56

Beste behin ere Arriagan elkartuko dira eraso matxista bat salatzeko

38 urteko emakume baten gorpua aurkitu zuten astelehenean Tuteran, indarkeria zantzuekin. Bikotekidea astearte arratsaldean aurkitu zuten gendarmeek Bordeletik gertu. Indarkeria matxistaren urteko lehen biktima izan liteke eta horren harira, feministAldek deialdia egin du gaur 19:45erako, Arriagan.

Urteko bigarren astean jada, indarkeria matxistaren 2022ko lehenengo erailketa salatzeko kalera aterako da Euskal Herriko mugimendu feminista. Astelehen goizean Tuterako bere etxean aurkitu zuten Sara Pina Yeregi, labanaz egindako zauriekin. Noticias de Navarrak emandako informazioaren arabera, emakumearen familiak berarekin harremanetan jartzeko ahalegina egin zuen asteburuan. Astelehenean, lan egiten zuen eskolara bertaratu ez zenez Udaltzaingoari eman zioten oharra. Hauek suhiltzaileekin eta foruzainekin batera indarrez sartu ziren bere etxera eta han aurkitu zuten gorpua.

Atzo Tuteran bertan gaueko 20:00etan hilketa salatzeko kontzentrazioa egin zen. Gaur Bilboren txanda izango da, Arriagan. FeministAldek plazaratu duen moduan, 2022a hasi berria da, baina jada erasoen aurkako protokoloa aktibatu beharrean daude. Kasua oraindik aztertu behar den arren, erailketa matxistagatik susmagarri da gizonezkoa.

Urteko lehena

Urtez urte errepikatzen jarraitzen den arazo bat dugu indarkeria matxista. Biktimen kopurua urtero mantentzen da eta aurten bi aste baino gutxiagoan lehen biktima agertu da. Pasa den urtean 5 hildako izan ziren Euskal Herrian. 2020an bezainbeste. Zifrak, urte batzuetan gehiago eta beste batzuetan gutxiago, baina zifretan ez da gorabehera handirik egon azken urteetan. 2003an kontaketa hasi zenetik 113 izan dira guztira hildako biktimak.

Gertakariaren harira oharra argitaratu du Euskal Herriko Mundu Martxak, eta honako hau azpimarratu du taldeak: "Feministok behin eta berriro esango dugu, estrukturala den arazo baten aurrean gaudela. Gizarte osoaren arazoa den hau, emakumeon gorputzetan gorpuzten da. Nazkatuta gaude behin eta berriz berdina oihukatzeaz, ez gara isilduko".

Hala, gaurkoan, Tuterako erailketa salatzeaz gain, egiturazko aldaketak exijituko dute plazaz plaza: "Berriz ere baliabideak eskatuko ditugu instituzio publikoetan, eraldaketa soziala lortu nahi badugu, alderdi ezberdinetatik lan egin behar dugu denok batera. Gizarteak aldaketa beharra dauka, eta jarrera matxistak eta sexistak behingoz amaitu behar dira".