“Gure eguneroko elikaduraren oinarria landare jatorriko elikagaiak izan beharko lirateke”

uriola.eus 2022ko urt. 17a, 14:26
EHUko doktoreak etzi emango du hitzaldia Bidebarrietan (Argazkia: Nerea Telleria)

Nerea Telleria Euskal Herriko Unibertsitateko Nutrigenomika eta Nutrizio Pertsonalizatuko doktorea eta elikadura jasangarriaren arloko ikerlaria da. Zer da benetan dieta osasungarri eta jasangarri bat? izenburudun hitzaldia emango du asteazkenean, urtarrilak 19, Bidebarrieta Liburutegian (19:00). Elikaduraz eta horrek gure ingurumenean duen eraginaz jardun dugu hizketan berarekin.

Elikadura Jasangarriko taldeko ikerlaria zara EHUn. Zein da bertan egiten duzuen lana?

Campus Bizia Lab-eko hainbat proiektutan parte hartu dugu, eta elikadura jasangarriari eta osasungarriari buruzko ikerketak egin ditugu. Webgune bat egin genuen (alimentacionsostenible.org), eta artikulu zientifiko bat ere argitaratu genuen. Ikasleen dietaren kalitatea eta ingurumen inpaktua aztertu genituen azken horretan.

Zeintzuk izan dira ikerketa horretatik atera ahal izan dituzuen ondoriorik esanguratsuenak?

Alde batetik, ikasleen dietaren kalitatea aztertu genuen, eta bestetik, ingurumen inpaktua; hau da, berotegi efektuko gasen isurtzea kalkulatu genuen. Eta gero, horien artean erlaziorik ote zegoen aztertzen aritu ginen. Nutrizio kalitate altuko dieta batek ingurumen inpaktu handia edo txikia daukan jakitea izan zen ikerketaren helburuetako bat. Eta ikusi genuena izan zen erlazioa desberdina zela erabilitako kalitate indizearen arabera.

Amerikar indize bat erabili genuen ikusteko kalitate altuko dieta zuten ikasleek zenbateko berotegi efektua sortzen zuten. Agian espero genuen baxua edukitzea, baina alderantziz izan zen. Dieta kalitate altua zeukaten, baina ingurumen inpaktu handia ere bai. Eta beste indizearekin, zeinak mediterranear dietarekiko atxikidura neurtzen zuen, alderantziz gertatzen zen. Dieta kalitate ona zeukatenez, ingurumen inpaktu baxua zeukaten.

Zergatik izan daiteke hori?

Erlazio hori gertatu zen indize bakoitzak aldagai batzuk neurtzen dituelako eta garrantzia handiagoa ematen diolako batzuei besteei baino. Baina berotegi efektuko gasen isurtzea kalkulatzean ikusi genuena izan zen ingurumen inpaktu altua zuten dieten %50 animalia jatorriko elikagaietan oinarritzen zela.

Hain zuzen, haragiaren kontsumoak ingurumenean duen eraginaren gaia pil-pilean dago azkenaldian.

Haragi gorriak, haragi prozesatuak, hestebeteak eta antzekoak dira ingurumen inpakturik handiena duten elikagaiak. Azken finean, animalia horiek elikatzeko ere ur eta elikagai asko behar da, eta horrek badu eragina ingurumenean. Energia asko behar da.

Gure dietan aldaketak egon dira, eta elikagai horiek gero eta gehiago jaten dira. Dena den, badauzkagu alternatibak; esaterako, lekaleak. Proteina iturri on bat, merkea eta ingurumen inpaktu baxua duena. Orduan, murriztu dezakegu haragiaren kontsumoa, batez ere haragi gorriena, hestebeteena eta prozesatuena, eta lekaleen kontsumoa handitu. Onuragarria izango da gure osasunerako zein ingurumenerako.

Beraz, haragia ez litzateke izan beharko egunerokoan jateko.

Hori da, gure eguneroko elikaduraren oinarria landare jatorriko elikagaiak izan beharko lirateke.

Sarri esan ohi da merkeago dela txarto jatea, ondo baino, eta erosoagoa ere badela.

Egia esan, kontua ez da ondo jatea garestia dela, baizik eta gaizki jatea oso merkea dela. Prezio baxu horiek erakargarriak dira, batez ere zaurgarritasun egoeran dauden kolektibo batzuentzako. Baina gaur egun badauzkagu beste alternatiba batzuk ere, merkeak direnak eta azkar egin daitezkeenak. Lehen esan dizkizudan lekaleak lapiko batean egiten baditugu, 40 minutuan eginda daude, eta guk egin behar dugun lana bost minutukoa da: dilista batzuk sartu eta listo. Askotan gakoa da antolatzea eta jakitea zer jan behar dugu. Orain modan dago batch cooking deritzona. Hau da, esate baterako, igande arratsaldean bi ordu igarotzea janaria prestatu eta aurreratzen, astean zehar denbora askorik izan ez arren, prozesatuetara jotzea beharrezkoa izan ez dadin. Eta lekale batzuk eta barazki batzuk erostea ez da garestia. Gainera, lapiko batetik hainbat errazio ateratzen dira. Gehiago egin eta horiek hozkailuan mantenduz gero ere, beste egun batzuetarako izan dezakegu prest.

Ekoizleak egotea eta horien baldintzen egokitasuna da elikadura ekologikoa eskuragarriagoa izateko baldintzetako bat, ezta?

Bai. Esaten dugunean bertako produktuak erosteko, alde batetik nekazari horien lan baldintzak sustatzen ditugu edo hobeak izan daitezen laguntzen dugu. Hau da, beraientzako ere onuragarria da guk produktuok erostea. Baina, beste alde batetik, ingurumen inpaktua ere murrizten dugu, garraioari lotutako emisioak saihesten ditugu eta. Ez da gauza bera Bizkaiko fruta edo barazkiak erostea edo Hegoamerikatik ekartzea.

Sasoiko produktuak erostea, gainera, merkeagoa da. Prezio hobea dute eta, horrez gain, errespetatzen dugu zein den jaki bakoitzaren garaia. Hala, ez dugu sustatzen, adibidez, abenduan marrubiak izatea.

Hurbileko ekoizleei erosteak aukera eman dezake ezagutza zuzenagoa izateko jaten dugun horri buruz.

Hori da. Eta gainera, sasoiko eta bertako produktuak erostean, azken finean elikagai freskoak erosten ditugu, eta ez prozesatuak. Ez ditugu erosten gozoki industrialak. Izan ohi dira hemengo frutak, hemengo barazkiak, lekaleak…

Joera da otorduak nolabait ere tramite gisa egitea. Lehen denbora eta garrantzia handiagoa eskaintzen zitzaien.

Askotan, esnatzen gara, ez dugu ezer prest, eta esaten dugu: “Zerbait hartuko dut lanean edo unibertsitatean”. Eta beste kontu bat da zer daukagun gure eskura. Kasu gutxitan egoten dira, adibidez, frutak vending makinetan. Azken finean, horrek bultzatzen gaitu oso osasuntsuak ez diren elikagaiak erostera. Baina hori lehen esandakoarekin lotuta dago: pixka bat antolatuz gero eta etxean beti frutak edo elikagai osasuntsuak edukiz gero, ohituko gara halakoak ere jaten. Nahiz eta korriketan ibili, hamaiketakorako platano bat hartzeak ez digu lan handirik ematen. Kontua da barneratzea elikadura osasuntsu eta jasangarriaren garrantzia eta pixkanaka gauzak aldatzen eta ohitura txiki batzuk barneratzen joatea.

Beste ezer gaineratuko zenuke?

Esango nuke guk, kontsumitzaile gisa, erosten ditugun elikagaien gaineko ardura daukagula, baina askotan ahaztu egiten zaigun beste arlo bat dela elikagaien hondakinena. Horrekin lotuta, urtero pertsona bakoitzak kilo mordo bat botatzen du zakarretara, eta milaka elikagai gelditzen dira aprobetxatu barik. Dirua botatzen dugu, bai, baina gainera, inpaktua dauka ingurumenean.

Landare jatorriko elikagai gehiago hartzeko ohiturarekin plastikozko ontzien erabilera ere murriztu ahal izango litzateke?

Ontziak gauza bat dira, baina, gainera, antolatzen bagara eta baldin badakigu zer jan behar dugun datozen egunetan, are hobeto. Geure burua eta gure hozkailua antolatzen badugu, ez dugu gehiegi erosiko eta gero zakarretara bota. Edo ondo ulertzen baditugu etiketak eta baldin badakigu noiz arte dagoen ondo elikagai hori. Izan ere, maiz botatzen ditugu zalantzak sortzen direlako: “Badaezpada ez dut jango, ez baitakit ona egongo den ala ez”.

Bestalde, kasu askotan ez daukagu astirik erosi dugun guztia prestatzeko. Adibidez, larunbatean kriston erosketa egiten dugu aprobetxatuz kotxea hartu dugula horretarako, eta denetarik sartzen dugu. Eta ondoren, bata ez dugunez jan eta bestearen iraungitze data igaro denez, botatzen hasten gara eta, horrela, elikagai mordo bat botatzen da.