Bilboko zinema jaialdiak 2022ko edizioko irudia eta ildo nagusiak aurkeztu ditu. Aurten berriz ere, sexu eta genero aniztasuna Bilboko hainbat kultur guneetara eramango ditu. “Marioker”, “Lumatza”, “Soropila”, “Kapaza” edo “Kuir” bezalako hitzekin, gure burua inposatutako etiketarik gabe izendatzeko eskubidea bultzatuko dute.
Kontzeptu hauek, June Fernandezek eta Amaia Alvarez Uriak sortutakoak dira eta Zinegoakek bultzatutako “Nola izan/esan bollera euskaraz” proiektuan bildu dira. Bertan, Euskal Herriko eremu anitzetan lesbianismoari edo sexu-aniztasunari buruz hitz egiteko erabili izan diren hitzekin hiztegi bat egin da. Jaialdiaren antolakuntzaren esanetan, beharra dugulako gure buruak berriro izendatzeko, erakusteko, identifikatzeko eta munduan gure lekua egiteko: “izanak egiten baitu izena”.
Kartelak Lander Telletxeak diseinatu ditu. Diseinatzailea, jaialdiaren katalogoaren eta irudiaren azken edizioetako egilea izan da. Gainera, euskal kulturarekin lotutako hainbat proiektu landu ditu eta hainbat erakunderentzat lan egin du.
Aldaketa zuzendaritzan
Beste aldaketa bat egongo da aurtengo edizioan. Alaitz Arenzana artista bilbotarrak, jaialdiaren azken edizioetan zuzendari lanak egin zituen eta aurten, lidergoa hartuko du. Urtez urteko hazkundea kontuan hartuta, jaialdiak bere helburuak berrikusi nahi ditu epe ertain eta luzera eta horregatik egin dute Alaitz Arenzanaren aldeko apustua.
Artistak eskarmentu handia du ikus-entzunezkoen sorkuntzan eta proiektuen koordinazioan. Zinegoak jaialdiko zuzendaritzan dagoen lehenengo emakumea izango da eta erronka ilusioz hartu du, azaldu duenez: "jaialdia mantentzeko eta aberasteko borrokan jarraitu dut, behar-beharrezkoa delako sexu-, identitate- eta genero-aniztasunaren alde lanean jarraitzea".
Urteroko egitura
Zinegoakek urtero bezala Bilboko hainbat aretoetan proiekzioak egingo ditu, sexu- eta genero-aniztasunari ikusgarritasuna emateko. Jarduera horiek unean indarrean dauden osasun-neurriei egokituta egongo dira.