Euskaltzaleek kulturgintzan duten rola hausnartzeko topagunea

uriola.eus 2022ko urt. 20a, 12:08
Topaguneko kartela (Irudia: Euskaltzaleen topagunea)

Euskaltzaleen topagunearen 20. Edizioa Bilborocken egingo da urtarrilaren 27an. Kulturgintzan euskaltzale. Zein da euskaltzaleon rola kulturgintzan? izenburupean, galdera horri erantzuteko lehen pausoak ematea da aurtengo edizioarekin lortu nahi dena.

Topaldiak, kulturgintzan aritzeko eta eragiteko bide berrien inguruko gogoeta bultzatuko du. Abiapuntua azken urteetako gogoeta prozesuen emaitza bateratua izango da. 2015eko Topaldia, 2016ko Jalgi topaketa, Elgoibarren egindako euskalgintza prozesua eta Azpeitiako kultur mahaiak antolaturiko kultur artikulazioari buruzko jardunaldiak hartu dira oinarritzat.

Azken urteetan kulturgintzaren inguruko hausnarketa, jardunaldi, lan dinamika eta mahai-inguru ugari egin dira. Hala ere, oraindik ez dakite zenbateraino dagoen definituta euskaltzaleen egitekoa eremu horretan, Topaguneko kultur arloko arduraduna den Johana Olabarriak azaldu duen moduan. 

Ikuspegi bateratu baten zein jarrera kolektibo baten hasierako oinarriak jartzea izango du helburu edizio honek, etorkizun hurbil zein urrunera begira: “COVID garaiak ere, agerian utzi ditu euskal kulturgintzaren baitan badirela, besteak beste, egiteko moduetan hausnartu beharra, elkarlanerako aukerak eta, batez ere, etorkizuneko euskal kultur transmisioaren erantzukizun partekatu baten beharra”.

Gogoetarako tresna ezberdinak

Norabide eta ikuspegi bateratuak irudikatzen hasteko eta parte hartzaileen gogoeta sustatzeko, tresna ezberdinak jarriko ditu eskura topaldiak 45 minutuko hitzaldietan. Alde batetik Elgoibarko eta Iruñerriko esperientziak. Lehena 10:15etan izango da eta euskalgintzak eta kulturgintzak nola bat egiten duten agerian utziko du. Bigarrena 12:15etan, herri mugimendu ezberdinen elkarlanaren ondorioz, euskara modu naturalean erdigunean jartzen duten proiektuak nola sustatu dituzten azalduko du.

Beste alde batetik, kulturgintzaren eremuan jarduteko gakoak izan daitezkeen baliabideek ere azalduko ditu Topaldiak. Bitartekaritza elkarlanerako jarrerari buruz Artaziak kooperatibako adituek hitz egingo dute 11:00etan. Euskal kulturgintza mundu digitalean kokatzeko gakoak, Burutü komunikazio agentziako zuzendariak azalduko ditu 13:00etatik.

Azkenik eta egunari amaiera emateko, Johana Olabarriak, Euskaltzaleen topaguneak euskaltzaletasunetik kulturgintzari eskaintzeko duena azalduko du 13:45tan ordu erdiko hitzaldian.  

Izen ematea

Jardunaldia Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien babesarekin eta Soziolinguistika klusterraren laguntzarekin antolatuko da. Jardunaldian izena eman ahalko da urtarrilaren 25era arte, topaldia.topagunea.eus web orriaren bidez.