Komunikatu baten bidez sindikatuak, Covidari aurre egiteko protokoloaren betekizunaren eskatze mailaren, langilearen bizkar gainera zamatutako lan kargaren eta hezkuntza administrazioaren kudeaketaren arteko kontraesana salatu du.
Haurreskolak zabalik mantentzeko, enpresek lan hitzarmenean jasotakoaren kontra, hezitzaileak aparteko orduak egitera behartzen ari direla ohartarazi du Steilasek. Gainera, haurreskoletan jakinarazi da, Covid errefortzuei dagokionez hartutako neurriak zentro guztietan apurka-apurka malgutzen joango direla. Horrek langileen lan karga eta kaltea handitzea eragingo du Steilasen esanetan.
Heziketa bereziko Hezitzaileen sektoreko egoera ere azaldu du sindikatuak. Ikasgeletarako itzulerak bajaz “beteta” heldu zen. “Aurreikusi” ahal zen egoera horren aurrean Administrazioak aparteko neurririk ez hartzea salatu dute. Ikasturte hasieratik salatzen ari diren egoera ere gogoratu dute: “hezkuntza ordezkaritzetako langile-falta nabarmena da eta pertsonal arloak bunkerizatu egin dira, egungo kaosa areagotuz”.
Lehen egunetik betetzen ez diren bajak arazo bakarra ez dela azpimarratu dute. Astea gainditzen ez duten bete gabeko ordezkapenak eta beharrik ez dagoen ikastetxeei gaizki esleitutako ordezkapenak ere salatu dituzte. Horrek lanez “erabat gainezka” dauden eta aniztasun funtzionaleko ikasleen beharrak behar bezala asetzera iristen ez diren langileak egotea eragiten du Steilasek esan duen moduan. “Ikasle horiek dira hezkuntza premia bereziak dituztenak eta zoritxarrez, askotan, zaurgarrienak eta mendekotasun handienekoak. Eta, tamalez, ikasle hauek dira, kudeaketa kaxkar honen biktima nagusiak”.
Ordezkapenak lehen egunetik
Arrazoi hauengatik guztiengatik, sindikatuak Hezkuntza zentro guztietan eta Haurreskolak Partzuergoan hezitzaile nahiz irakasleen ordezkapenak lehen egunetik betetzea eskatu du. Baita ere, beharrezko baliabide guztiak jartzea eta kudeaketa lanetarako ere behar diren baliabide teknikoak eguneratzea exijitu du, orokorrean langileak “pairatzen ari diren lan karga handiekin amaitzeko” eta familiek, ikasleek zein haurrek “merezi duten hezkuntza zerbitzua” jasotzeko.