Indar erakustaldia gauzatu nahi du mugimendu sozialistak

uriola.eus 2022ko urt. 24a, 16:23

Burgesiaren diktadura gelditu! Ofentsiba ekonomikoa eta politikoa borrokatu leloa hautatu du Gazte Koordinadora Sozialistak larunbaterako deitu duen Euskal Herri mailako mobilizaziorako. Manifestazioa 18:00etan abiatuko da Jesusen Bihotzetik.

Iruñean eta Bilbon manifestazio bana egingo du Gazte Koordinadora Sozialistak urtarrilaren 29an. Hiru adar nagusi izango dituzte kalera atera nahi dituzten aldarrikapenek, deialdian azaldu dutenez. Hala, gazte langileen egoera “geroz eta okerragoa” dela salatu nahi dute batetik, eta horren erakusle gisa identifikatu dituzte “lan baldintza kaskarrak eta eros ahalmenaren gutxitzea”. Bestalde, “eskubide kolektiboen urraketa” gaitzetsiko dute: “Bankari eta enpresari handien interes ekonomikoak babesteko, biztanleriaren eskubide zibil eta politikoen ezabapena, kriminalizazioa, kontrol soziala eta errepresioa ditugu nagusi garaiotan”. Eta, amaitzeko, “politikari profesionalen fartsatik kanpo antolatzeko beharra” aldarrikatuko dute, “sortzen duten blokeo politikoa gainditu eta onartu dituzten eskubideen murrizketei aurre egiteko”.

Otsailean bi urte beteko ditu Gazte Koordinadora Sozialistak, eta ordutik hona herritarren aldetik lortutako atxikimenduaren isla izango dira asteburuko hitzordu biak. Era berean, garaiotan, Covid-19aren pandemia “bankari eta enpresari handien interes ekonomikoak bermatzeko” baliatzen dihardutela azaldu dute deitzaileek, eta uste dute horixe izan dela “eskubide zibil zein politikoen murriztea eta urraketa etengabea” gertatu izanaren arrazoia, baita gazteen pobrezia areagotu izanarena ere.

Asanblada eta bertso saioa

Hitzordu handia baino lehen, urtarrilaren 27an, Bilboko GKS-k asanblada irekia egingo du. Bilbo Zaharreko kultur etxean izango da, 18:30ean hasita. Larunbateko manifestazioaren lanketan lagundu nahi duen orori egin diote bertaratzeko deia.

Bestalde, egun berean baina beranduago, 20:30ean hasita, Ikasle Abertzaleak taldearekin batera bertso saioa antolatu du Bilboko GKS-k. Erronda kaleko La Villa tabernan izango da, eta Gorka Pagonabarragak eta Txaber Altubek kantatuko dute. Horren ostean, soinu beltzek girotuko dute taberna.