Gabriel Aresti ipuin lehiaketaren 39. edizioa martxan da

uriola.eus 2022ko urt. 25a, 13:39

Parte hartu nahi dutenek martxoaren 30era arte aurkeztu ahal izango dituzte beren lanak, euskarazko zein gaztelaniazko modalitatean.

Bilboko poeta famatuaren izena daraman sariketak bi helburu nagusi ditu, udalak (ekimenaren antolatzailea) azaldu duenez: "Literatura-sorkuntza sustatzea eta euskarazko autore garrantzitsuenetako baten bizitza eta lana ezagutarazten laguntzea".

Aurten ere bi modalitate egongo dira, euskarazkoa eta gaztelaniazkoa, eta horietako bakoitza irabazten duen egileak 3.500 euroko saria eskuratuko du. Horrez gain, 1.750 euroko bina akzesit emango dituzte.

Bilbotarrei ez ezik, 18 urtetik gorako edozein nazionalitateko idazleei zuzenduta dago lehiaketa. Ipuinen gaia librea izango da, eta ipuinak jatorrizkoak, argitaratu gabeak eta beste edozein lehiaketan saririk jaso gabeak izan beharko dira, eta gehienez ere hamabost orrialde izango dituzte. Oinarri zehatzak eta gainerako informazio guztia helbide honetan kontsulta daiteke: www.bilbao.eus/arestilehiaketa. Parte-hartzaileek ipuinak formatu digitalean aurkeztu beharko dituzte Bilboko Udalaren web orriaren bidez.

2021eko edizioan honako hauek izan ziren irabazleak: euskaraz, Karmele Mitxelena (Begi urdinak lanari esker), eta gaztelaniaz, Belén Sevillano (Vuelo Nupcial ipuinarekin). Akzesitak eskuratu zituzten lanak, berriz, honako hauek izan ziren: Juan Mari Atutxaren Mandragorak eta azeri-buztanak, Nerea Arrutiren Lope de Aguirre, Traidore, Alejandro Hernán Manríquezen Cachorros eta Juan José Montielen El costado blanco de mi amor.