Juan Crisostomo Arriaga kontserbatorioaren mendeurrena

uriola.eus 2022ko urt. 28a, 11:47

JoaquĆ­n Achucarrori omenaldia (Irudia: irekia)

Musikariak prestatzen ehun urte baino gehiago dabilela ospatu du kontserbatorioak. Ekitaldiko unerik hunkigarriena Joaquin Achucarro piano-jotzaileak eragin du. Nazioartean ospetsua den kontserbatorioko ikasle ohiak Fran List-en Sueño de Amor eta Chopinen 3. sonata jo zituen.

2020an bete zituen Juan Crisostomo Arriaga kontserbatorioak ehun urte, baina Covid-19aren eraginez atzeratu behar izan zuten ospakizuna. Orain bi urte geroago, ekitaldia behar bezala egitea lortu dute. Iñigo Urkullu buru izan duen omenaldian, Juan Mari Aburto alkatea ere parte hartu du bideo baten bidez.

Horrelako ekitaldi batean, musika ezin zen falta eta Joaquín Achucarro pianista izan da protagonista nagusia. Artista bilbotarra, nazioartean oihartzun handiena izan duen euskal piano-jotzailea izan da. Auditorioan bertan, txikitako oroitzapenak izan ditu kontzertua eman baino lehen: "89 urte ditut, Kontserbatorio honek baino batzuk gutxiago, baina txikitan klaseetara joaten nintzen emozioaz gogoratzen naiz".

102 urte hauetan Achucarro ez da izan nabarmendu den bakarra. Maisu-maistrak, irakasleak, orkestra-zuzendariak eta konpositoreak bihurtu diren ikasleen hainbat belaunaldi igaro dira kontserbatoriotik. Jesús Arambarri, Carmelo Bernaola, Luis de Pablo, Félix Ayo, Joaquín Achúcarro, Emma Jiménez, Gabriel Erkoreka edo Asier Polo, beste batzuen artean. 

Ikasle horien egunerokoa eta kontserbatorioaren historia kontatuko duen dokumental bat prestatzen ari dira, Ehuneko ehun eta bi deiturikoa. Horretaz gain, Carmen Rodriguez Suso musikologoak idatzitako liburu bat argitaratuko da aurten eta martxoan hitzaldiak eta kontserbatorioaren ikasle zein irakasleek eskainitako kontzertuak egongo dira.

1920tik musikarien formakuntzan

Juan Crisostomo Arriaga kontserbatorioak 1920ko urriaren 1ean hasi zen funtzionatzen 25 irakasle eta 423 ikaslerekin. Bizkaiko Foru Aldundiaren onarpenarekin Elkarte Filarmonikoaren instalazioak erabiltzen zituen. 1956an Juan Crisosotomo de Arriagaren jaiotzaren 150. urteurrena izan zen eta Kontserbatorioak konpositore bilbotarraren izena hartu zuen. 

2006-2007 ikasturtetik Bilboko Kontserbatorioak Ibarrekolanda plazan kokatutako eraikinean dauka egoitza. Lekua Bilboko Euskal Lutheria Eskola eta Dantzertirekin partekatzen du. Aurtengo ikasturtean, zentroak oinarrizko mailako eta maila profesionaletako graduetako 475 ikasle ditu. Honek duen ibilbide luzearen harira, Foru Aldundiko Kultura zuzendaria Begoña de Ybarrak, kontserbatorioaren garrantzia azpimarratu du: "Musika eta kultura beharrezkoak dira gure bizitzan".