Albertina Carri argentinarrak Zinegoak 2022 Ohorezko Saria jasoko du

uriola.eus 2022ko urt. 31a, 13:06

Irudia (Jetmir Idrizi)

LGTBI+ zinema eta arte eszenikoen jaialdiak Albertina Carri goraipatu nahi izan du, zuzendari, gidoilari, ekoizle eta aktibista feminista gisa izan duen ibilbide luzeagatik. Martxoaren 1etik 4ra, ziklo berezi bat antolatu du jaialdiak Bilbao Arten, bere hainbat lan proiektatzeko. 

"Hego Amerikako sortzaile belaunaldi berri baten ahotsik nabarmenetakoa da. Bere lana etengabeko esplorazio bat da, begirada hegemonikotik kanpo geratzen den guztiari ikusgarritasuna emateko, hizkuntza propioen bidez". Horrela deskribatu du Alaitz Arenzana Zinegoakeko zuzendari artistikoak Albertina Carriren ibilbidea. 

Hainbat film labur egin ditu eta Rotterdameko, Londresko eta Vienako jaialdietan aukeratu zuten No quiero volver a casa izan zen bere lehen film luzea. Hurrengo film luzeetan, lau urte zituenean 1977ko diktadura militarrak bahitu zituen bere aita eta amaren bilaketa islatu zuen; Los Rubios (2003) eta Cuatreros (2017) produkzioetan hain zuzen ere.  

Urte horietan zehar sexualitatea ere landu du. Arau, patroi eta jarrera normatiboen aurrean askatasuna eta autonomia aldarrikatu ditu, jaialdiarekin lotzen duena zuzen-zuzenean. Geminis (2005) eta La Rabia (2008) filmetan, sexua hartu zuen ardatz narrazioaren garapenerako eta pertsonaien definiziorako.

Zinemaz gain telebistarako saioak ere sortu ditu Marta Dillonekin batera. La bella tarea, emakumeen haurdunaldiari eta erditzeari buruzko ikuspuntu ezberdinak dituen dokumental saila; Visibles, argentinako LGTBI+ errealitateari buruzkoa, dokumental formatuan edo 23 pares fikziozko lana. Asterisco LGTBI+ Nazioarteko Zinemaldiaren sortzailea ere izan da.

Lanik handiena 

Duela hiru urte, 2018an, sexualitatearen, zinemaren, askatasunaren, politikaren eta feminismoaren arteko lotura handiena izan duen pelikula landu zuen: Las hijas del fuego. Zinemagilearen esanetan, adiera posible askotan, generoaren konfigurazio berri bat bilatzen duen pornografia lesbofeminista da bere lana: "Emakumeen gozamena erakusteko modua ere berreraikitzea bilatzen du, begirada maskulinotik urrunduta, erotizazioa besterik nahi ez duena". Zinegoakek prestaturiko ziklo bereziaren barruan, filma proeiktatuko da. Otsailaren 27an, BBK Aretoan, 18:30ean. Egunean bertan, Albertina Carrik Irantzu Varela kazetari eta aktibista feministarekin batera parte hartuko du solasaldian.