Bizkaiko egoitzetan greba antolatu dute larunbaterako

uriola.eus 2022ko urt. 31a, 15:00

Erakundeek neurriz gaindiko gutxieneko zerbitzuak ezartzen dituztela uste du ELA sindikatuak, eta horren bidez greba eskubidea urratzen dutela salatu dute.

Bigarren greba eguna izango dute larunbatean, otsailak 8, Bizkaiko nagusien egoitzetako langileek. 11:30ean Arriaga plazatik abiatuko den manifestazioa izango da egun horretako mobilizazio nagusia lurraldean.

Salatuko dute Lan Sailak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta patronalek hitzarmena berritzeko negoziazioa "blokeatuta" daukatela eta, gainera, protesta egiteko eskubidea ukatzen zaiela langileei. Izan ere, greba egun batean "urteko beste edozein lanegunetan baino langile gehiago" egoten dela azaldu du ELA sindikatuak, gainerako lan egunetan langile gutxiagorekin lan egitera behartzen dituztela azpimarratuta. "Grebarako eskubidea urratzen duten gutxieneko zerbitzuak ezartzeak ez du konponduko zaintzen egiturazko arazoa, ezta sektoreko lan baldintzak ere", diote beharginen ordezkariek.

Plazaratu dituzten eskaeren artean honako hauek daude: utzi diezaiotela soldatak izozteari; langileak lehen egunetik ordezkatzea; kontratazio mugagabeak eta lanaldi osokoak egitea; berdintasun planak adostea; kontziliazioa hobetzea; lanaldi partzialak ezabatzea; langile gehiago kontratatzea, egunean gutxienez 2 orduko arreta bermatzeko (gaur egun, 60 minutu dira Bizkaian), eta zaintza duina bermatzeko neurriak.