Pandemia garaian, esku hartze sozialeko langileei premiazkoa eta beharrezkoak zirela esan zieten. Egoeraren ondorioz aldaketak egongo zirela eta haien lanei bere "benetako balioa" emango zietela esan zieten. Hala ere, LAB-en esanetan ordutik hona, haien sektore "anitz, feminizatu eta konplexu" horren kontrako "erasoak" nabarmendu dira: "Kaleratzeak, azpikontratazioen areagotzea, enpresa batzuk hitzarmenetik deskuelgeak bilatzea, etab. Hau da, langileen lan baldintzak kaskartzen ari dira euren interes eta mesedetan". Hitzarmenez hitzarmen, sektorean dauden arazo nagusietako batzuk desagertu ez direla gaineratu dute.
Zerbitzu sozialen pribatizazioarekin lotu dute zuzenean arazo hau. Publikoak izan behar ziren gizarte zerbitzuak enpresa, elkarte eta erakunde pribatuen esku egotea, Bizkaiko Foru Aldundiak gizarte zerbitzuekiko duen axolagabetasuna erakusten duela azaldu dute: "Honen ondorioa, langileon baldintza prekarioak dira".
Arazo horiek konpontzeko bidean, urteak daramate sektoreko langileontzat hitzarmen kolektibo duinagoa bilatzen. Sufritzen dituzten ratio jasan ezinak salatzen, kontratazio prekarioen kontra borrokatzen, sektorean dauden adineko langileei eta euren erretiroen alde edota, lan osasunari eta prebentzioari bere benetako balioa eman nahian, berdintasun eta kontziliazio plana errealak bultzatzen, eta sektoreak jasaten dituen azpikontratazioen kontrako borrokan.