Udaletxe ondoko biribilguneko bidegorriaren arriskuak salatu dituzte txirrindulariek

Pablo Martínez Canibe 2022ko ots. 3a, 15:54

Itsasadarreko bi aldeak batzeko asmoz udaletxe ondoko biribilgunean egindako bidegorriak polemika handia sortu du. Txirrindulariek honen arriskua hainbatetan salatu dute; hala ere, udalak horri garrantzia kendu eta bizikletekiko kontzientziazio faltan jarri du begirada.

Transformazio handia bizitzen ari da hiria azken urteetan, baita mugikortasunari dagokionez ere. Autoz beteriko kaleetan zehar, bizikletaren erabilera sustatzea izaten ari da helburu azken aldian. Bidegorriak izaten ari dira hura lortzeko baliabide nagusia. Bilbaobizi bizikleta zerbitzu publikoak ere indar handia hartu du azken hiru urteetan. 2018an, aurreko zerbitzuarekin, 377.154 erabilera egon ziren, eta bizikleta elektrikoen zerbitzu berria jarri zenetik, 2019an, lau milioi erabilera baino gehiago erregistratu dira. 

Hala ere, bidegorriak egiteak baditu bere zailtasunak, eta hainbat faktore hartu behar dira kontuan. Bizikidetza autoekin ez da beti erraza eta batzuetan bizikletentzako bideak, lagungarriak baino, arriskutsuak bihurtzen dira. Hori gertatu da, hain zuzen ere, udalaren azken proiektuarekin. Itsasadarreko bi aldetako bidegorriak batu nahian, obra berria, udaletxeko biribilgunetik igaro behar zen, baina Alde Zaharra eta beste hainbat auzo konektatzeak dakarren trafiko handiak arriskua areagotzen du txirrindularientzat. Bi aldeak batzeko ideia ontzat jo du Biziz Bizi hiri txirrindularien elkarteak, baina motordun ibilgailuek dakarten arriskua azpimarratu du.

Urte hasieran martxan jarri zenetik ez da egon istripurik, baina bizikleta erabiltzaileek behin baino gehiagotan salatu dute horrelako biribilgune batek dakarren arriskua. Izan ere, bidegorri berriak autoen sarrera eta irteera guztiak zeharkatzen ditu seinalizazio handirik gabe. Txirrindulariek lehentasuna duten arren, auto guztiek ez dute arau hori errespetatzen edo, askotan, ez dituzte ikusten. Auto eta autobusak bidegorriaren erdian, bizikletak sigi-saga egiten autoen artean edo istripua izateko zorian egon diren erabiltzaileak ikus daitezke bertara gerturatuz gero.

Hala ere, udala pozik agertu da egindakoarekin, eta Alfonso Gilek, Mugikortasun eta Iraunkortasun zinegotziak, motordun ibilgailuen gidarien kontzientziazioan jarri du fokua: "Arazo nagusia da erabiltzaileak sentsibilizatu behar ditugula bizikletekin elkarbizitzen ikasteko". Prozesu horren barruan, autoek ere bizikletekin elkarbizitzen ikasi behar dute, bidegorrien kasuan zein errepidearen barruan. Horretarako, bideak eta seinalizazioak moldatzen ari dira apurka-apurka: "Autoen bideetan bizikleten seinaleak margotzen ari dira eta txirrindularien gehiengoak errespetatzen dituzte, baina oraindik badaude errespetatzen ez dituzten batzuk".

200€-ko isuna egoera salatzegatik

Duela bi aste, Biziz Bizi plataformako Carlos Mazónek hainbat bira eman zizkion biribilguneari honen arriskuak grabatzeko. Bi minutuko bideo batean, behin baino gehiagotan ageri da autoak saihestu behar izaten, edo ibilgailuek azken momentuko balaztada eman behar izan zutela ikusten da, txirrindularia  ez harrapatzeko. Hala ere, bideo-salaketa horrek 200€-ko isuna ekarri zion.

Aste honen hasieran, Biziz Bizi elkarteko kideari, Udaltzaingoak ausarkeriaz gidatzeagatik jarritako isuna heldu zaio. Mazonek isuna biribilgunearen "arriskua publiko egiteagatik" jarri diotela argi dauka: "Grabatzen egon ginen denboran udaltzainen autoak igaro ziren, eta ez zidaten isunik jarri une horretan. Horrek gehiago indartzen du nire ideia: 200 euroen arrazoia da nire kexa ez zaiela gustatu udaletxean".

Kexak udaletik

Elkarrekin Podemos-IU koalizioak ere biribilgunea salatu du, eta udalbatzara eramango du gaia, “udalak premiazko neurriak ezar ditzan bidegorriaren segurtasuna hobetzeko”, Ana Viñals bozeramaileak azaldu duenez. Koalizioak, bidegorriaren segurtasuna hobetu nahian radar pedagogiko bat instalatzeko, seinale bertikalak eta horizontalak indartzeko eta motordun ibilgailuen erabiltzaileentzako hezkuntza-kanpainak egiteko eskatuko dio gobernu taldeari.

Bestalde, proiektu hauek aurrera ateratzeko orduan, herritarren parte-hartzearen garrantzia azpimarratu dute. Horretarako, Hiri Mugikortasun eta Mugikortasun Jasangarrirako Foroa aktibatzea eskatu dute, herritarrek haien iritzia eman dezaten. Izan ere, txirrindularien iritzi eta ideiak bidegorri egoki eta seguru bat eraikitzeko gakoa izan daitezke. Herritarren eta, batez ere, txirrindularien iritzia ezinbestekotzat jo du Biziz Bizik: "Ez dakigu nork diseinatzen dituen horrelako bideak edo nork esaten duen bidegorria horrela izango dela; izan ere, txirrindulari batek ez luke horrela egingo".

Espainiako bizikleta sarerik txarrenetakoa

Azken urteetan bizikletaren erabileran aurrera egin arren, Bilbo ez da ibilgailu honekin mugitzeko tokirik onena. Populazioa eta bizikletaren erabilerari ematen ari zaion indarra kontuan hartuz, OCU-k txosten bat osatu du Espainiako 14 hiritako bizikleta sareen analisia egin ostean. Sailkapen horretan, Bilbo hamargarren lekuan ageri da, balorazio txarrarekin.

Gehienez ere bost izar lor daitezkeen balorazio baten arabera, zazpi alderditatik seitan bi izar baino ez ditu Bilbok: sarearen osotasunean, jarraitutasunean, uniformetasunean, zuzenekotasunean, oparotasunean eta zenbat bide doazen bide nagusitik kontuan hartzen duen alderdian. Sarea ezaguterraza den edo ez baloratzen duen alderdiak bakarrik jaso ditu hiru izar. Identifikatu duten arazo handienetako bat tarteen arteko konexioa da: "Bilboko leku asko ez dira erosoak bizikletaz ibiltzeko. Bide nagusi askotan txirrindulariek ez dute tokirik", azaldu du Biziz Bizik. Bidegorri berria arazo hauek konpontzeko sortu dute hain zuzen ere, baina ikus daitekeenez, arazoa ez konpontzeaz gain, beste bat sortu dute.

Buelta emateko unea

Arazo honen aurrean eta hura salatzen dutenek jasotzen duten erantzuna kontuan hartuta, Biziz Bizi ez da geldirik geratu. Elkarteak deialdia luzatu die herritarrei, datorren asteartean, otsailak 8, bertaratzen direnen artean buelta emateko biribilguneari.