Lorpenei jarraipena emateko erronka dauka euskalgintzak aurten

Maite Txintxurreta Agirregabiria 2022ko ots. 2a, 14:30
Paul Bilbao, Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia, goizean Bilboko Abando Hotelean egindako ekitaldian

Euskalgintzaren Kontseiluak 2021eko jardunaren irakurketa ekitaldia egin du goizean Bilbon, eta hasi berri den urteko lan ildo nagusiak aurkeztu ditu. Besteak beste, “adostasun sozialetik adostasun politikora jauzi egiteko” beharra azpimarratu du Paul Bilbao idazkari nagusiak.

Instituzioetako ordezkariak, euskalgintzako hainbat elkarte eta taldetako kideak, hezkuntza erakundeetakoak, politikariak zein gizarte nahiz lan arloko eragileak bertaratu dira Kontseiluaren aurkezpenera.

Nabarmendu du 2021. urtean hizkuntza politikaren arloan gertatutakoen balorazioa administrazioka egin dutela (EAE, Nafarroa eta Ipar Euskal Herria), banaketa horrek baldintzatu baititu eremu bakoitzeko aurrerapenak.

Zailtasunen gainetik, “herri gogoa”

Bilbaok hiru gai azpimarratu nahi izan ditu 2021ari dagokionez: “Administrazioko langileen hizkuntza gaitasuna jomugan egon izana, hezkuntzan zabaldutako aukerak eta ikus-entzunezkoen eremuan egindako lanketak”. Hala, azken bi arlo horietan jardun dutenei esker ona adierazi nahi izan die. Pantailak Euskaraz ekimena edota Seaska aipatu ditu, besteak beste. Izan ere, adierazi du normalizazio prozesuan hezkuntza “zutabea” dela, eta, ildo horretatik, salatu du “oztopoak sistematikoki jartzen zaizkiola euskarazko irakaskuntzari”, Nafarroaren kasuari erreferentzia eginez.

“Botere judizialaren oldarraldiak” ere hartu ditu ahotan Paul Bilbaok: “Kontseiluak berretsi nahi izan du botere judizialak epaien bidez ezarri nahi duela hizkuntza politika berria estatuan; are gehiago, botere judiziala hizkuntza politika nahierara arautzen hasia dela jurisprudentzia baliatuz”. Adibide gisa aipatu du atzo bertan ateratako albistea, Gasteizko epaile batek euskara “hizkuntza zailenetakoa” dela oinarri hartuta emandako epaiarena. Behargin bat hirugarren hizkuntza eskakizuna zegokion lanpostu batetik kaleratu, Laudioko Udalari langile hori berriro hartzeko agindu zion.

Aipatutako zailtasunez gain, baina, ikuspegi baikorra ere erakutsi du idazkari nagusiak, eta gogora ekarri du hizkuntzaren normalizazio prozesurako herri gogoa kaleetan islatu dela amaitu berri den urtean: “Herri gogor hori hainbat modutara atera da plazara, bai eskubideak aldarrikatzeko edo bidegabekeriak salatzeko, bai euskaraz bizitzeko nahia lau haizetara zabaltzeko”.

Bestalde, Kontseiluak nabarmendu nahi izan du, iaz agindutakoaren ildotik, hizkuntza politiketan eragiteko adostasun soziala irudikatzea lortu dutela Batuz Aldatu proiektuari esker. Horren baitan, Euskal Herri osoko askotariko eragileak elkartzea lortu dute; besteak beste, sindikatuak, elkargo profesionalak, gazte erakundeak, mugimendu feministako ordezkariak, kirol arlokoak eta enpresetakoak.

2022an jorratu beharrekoak

Aurtengo ildo nagusiei dagokienez, aurkezpenean nabarmendu dute Batuz Aldatu dinamikan lanean jarraitzea oso garrantzitsua dela, eta eragile gehiago atxikitzeko “lanketa berezitua” egiteko asmoa daukatela aurreratu dute Kontseiluko kideek.

Bada, hizkuntza politiketan eragiteko asmoz, “alorrez alor lehentasunezko helburuak eremuka eta eragileekin batera zehazteko” garaia da, Paul Bilbaoren esanetan. Bada, horretarako, arestian aipatutako adostasun sozial hori handitu eta indartu eta adostasun politiko bilakatzea izango omen da euskalgintzaren asmoa. Helburu zehatzen artean, besteak beste, Nafarroako zonifikazioaren amaiera aipatu du.

Topaguneko lehendakari Kike Amonarrizek ere hartu du hitza ekitaldian zehar, eta bere ustez “urte interesgarria” datorrela esan du. “Guztion artean 2022a euskararen urtea bilakatzea” nahiko luke Amonarrizek, eta elkarlana horretarako ezinbestekotzat jo du. Bilbaoren hitzei erantzunez, azaldu du ez duela uste mehatxua “soilik judiziala” denik. Esaterako, Madrilen eta Parisen gobernuak aldatuz gero gerta daitekeenaren aurrean “prest egoteko” beharra azpimarratu du.