"Latsarriak emakumeen espazioak zirela bistaratu nahi izan dugu"

Maite Txintxurreta Agirregabiria 2022ko ots. 4a, 09:03
BilboArteko Art House Zinema aretoan egindako emanaldia (Argazkiak: Uriola, Esti Maguregi eta Con Ciencia Y Arte)

Esti Maguregi Con Ciencia Y Arte taldeko kidea da, eta Latsariak izeneko ikus-entzunezkoa zuzendu du, emakume horien bizipenak eta testigantzak biltzen dituena. Joan den astean egin zuten estreinaldi itxia Kastañoseko udaltegian, eta atzo arratsaldean BilbaoArten proiektatu zuten lana. Datozen asteetan ere hainbat emanaldi eta solasaldi egingo dituzte han-hemen.

Esti Maguregi BilbaoArteko emanaldiaren osteko solasaldian

Con Ciencia Y Arte-ren proiektua da Latsariak. Aurkeztuko diguzu taldea?

Lau neska gara. Alde batetik, Marta [Brancas] dago, historialaria. Berak jada bazeukan latsariei buruzko informazio dezente, eta ezagutzen zuen testuinguru historikoa. Beraz, bereziki arlo horretan jardun du, nahiz eta lana guztion artean egin dugun. Argenisek [Mesa], bestalde, performanceak egin ditu eta arlo artistikoa landu du. Esate baterako, metraje ertaineko film honetarako poema bat egin du. Irunek [Lauzirika] egin du produkzio lan guztia, dena lotu du, deiak egiten aritu da, eta abar. Eta ni neu argazkigintzan aritu naiz, kasu honetan bideogintzan, eta ondoren edizio lanak egin ditut. Horrekin lotutakoak antolatzea ere tokatu zait: soinu teknikariak, kameralariak eta abar. Lan horiek Amaia Santamaria eta Pello Maudorekin batera egin ditut.

Joan den astean egin zenuten estreinaldia. Nola joan zen?

Oso ondo. Proiektu hau orain dela urte eta erdi hasi genuen, eta inurrien antzera aritu gara, gutxinaka. Interesa piztu digun proiektua izan da, eta emakumeek izandako rola ikusarazi nahi izan dugu. Gaur egun ia ez dago latsarririk Bilbon, baina guk bageneukan gaiarekiko kuriositatea. Eta gerora ikusi dugu gure interes hori jendearenearekin bat etorri dela, jaso dugun feedback-a ona izan da eta. Emakunderen aldetik, esaterako, babes handia jaso dugu.

"Gaur egun ia ez dago latsarririk Bilbon"

Dena den, uste dut garrantzitsuena dela elkarrizketatu ditugun hamahiru emakumeei gustatu izana. Batzuek ezin izan ziren etorri, baina familiartekoak bertaratu ziren. Harrera oso beroa egin ziguten, oso sentimentala izan zen. “Nire ama ezin izan da etorri, pena handia ematen dit”, eta halakoak esan zizkiguten. Jendeak negar eta guzti egin zuen. Horrekin ikusi genuen egindakoak bazeukala oihartzuna, eta oso pozik gaude horrekin.

Nola sortu zen ikus-entzunezko hau egiteko ideia?

Ni batu nintzenerako, Argenisek, Irunek eta Martak jada bazerabilten ideia buruan. Egia da haiek orain arte gauza performatiboagoak egin izan dituztela San Frantziskoko Sarean espaziorako, eta alderdi teknikoekin laguntzeko sartu nintzen ni. Hortik aurrera, talde lanean are gehiago murgildu ginen, eta horrela jakin nuen zertxobait gehiago latsariei buruz. Hurbileko kontu bat bihurtu zen. Bilbo Zaharra-San Frantzisko inguruan bertan, adibidez, Hiru Zutabeen Plazan, latsarri bat zegoen. Bertako zerbait da, eta auzokoek ere hitz egin digute horri buruz. Uste dut orduan hasi zela guztia. Eta ez daukat ahazteko Bakedanora [Nafarroan] joan ginenekoa. Irune eta Argenis joan ziren hasieran, eta han bai, latsarria topatu zuten. Herri txiki bat izanik, jende askok hitz egin zigun bertako latsariei buruz. Hortaz, pentsatu genuen horren guztiaren erregistro moduko bat egon beharko litzatekela. Materiala bazegoela ikusi genuenez, azkenean esan genuen: “Ondo legoke ganorazko elkarrizketa batzuk egitea”. Eta hau sortu da azkenean. Gure helburua ez da hasieratik izan dokumentala egitea; aldiz, gutxinaka gertatu da, egiten joan ahala.

"Gure helburua ez da hasieratik izan dokumentala egitea; aldiz, gutxinaka gertatu da, egiten joan ahala"

Batez ere Bilboko emakumeak dira protagonista. Nolakoa izan zen elkarrizketatuak bilatu, haiekin harremanetan jarri eta proiektua azaltzeko prozesua? Nola hartu zuten proposamena?

Hori bai izan zela talde lana, elkarrizketa mordo bat izan ziren eta. Hasieran, hotzago zihoan dena, ez baikenuen elkar ezagutzen. Baina gutxinaka, kafe batekin hasita, benetako erlazio bat sortzen joan zen. Hori bai, egia da ikara ematen zigula aurrean kamera bat jartzeak. Ni, adibidez, asko harritu ninduen elkarrizketa bat egitea proposatzean esaten zutela: “Niri? Niri zertarako egingo didazu ba?”. Hortaz, testigantza horiek pisua har dezaten nahi dugu, jendeak ikusi eta benetan baloratu dezan zertan aritu izan ziren eta zer egin duten.

Gauza mordoa kontatu dizkigute, eta, zentzu horretan, garrantzitsua izan da helburu zehatz bat finkatu eta horri jarraitzea. Beraz, apur bat laburtzen joan behar izan gara nahitaez. Gure helburua izan da bistaratzea latsarriak emakumeen espazioak zirela. Funtsezko gaia izan da hori guretzat. Eta beste bat izan da erakustea haien artean nolabaiteko laguntza sare bat sortzen zela.

Elkarrizketa bat merezi ote duten zalantzan jartzearena lotuta egon daiteke historikoki emakumeen lanari garrantziarik eman ez izanarekin?

Bai, ziur nago hala dela. Lehen ez zen batere baloratzen emakumeek etxean egiten zuten lana, eta beraiek ere ez dute pentsatzen aparteko ezer denik. Horregatik, haientzako arraroa izan da horren arrunta iruditzen zaien gauza bati buruzko elkarrizketa bat egitea.

Egia da, bestalde, ogibide modu bat ere egon zela. Adibidez, Olabeagan, Teresak [Ayo] kontatzen duenez, Bilbora iristen ziren norvegiarren arropak garbitu behar ziren. Beren amak egiten zuen hori, eta ordainketa bat egoten zen trukean. Beraz, dirutxo bat ere atera izan zuten batzuek jardun horretatik. Edo, adibidez, Seberetxeko Pilik [Moja] kontatzen du beren ama, baserri inguruan bizi zena, Bilboko hirigunetik urrun samar, esnea saltzera joaten zela. Bada, dirudun jendeak arropak ematen zizkion, eta hurrengo egunean garbi jaso. Seberetxen bai, han latsarria daukate. Agian ez zen ogibide bat gaur egun ulertzen dugun eran, batez ere kontuan hartuta industrializazio garaitik askoz ere gehiago azalarazi direla gizonezkoen lanbideak, meatzeetakoa eta abar. Baina latsariekin lotutako ogibide bat ere egon zen, etxeko lan gisa egiten zenaz gain. Hori ere azpimarratu nahi izan dugu.

"Latsariekin lotutako ogibide bat ere egon zen, etxeko lan gisa egiten zenaz gain"

Grabaketak non egin dituzue?

Kontuan izan dugu non gertatu diren elkarrizketatuek kontatutako istorioak. Lehen aipatu dudan norvegiarren kontu horri buruzkoa, adibidez, Olabeagako zonaldean grabatu genuen, itsasadarra hartuta erreferentzia modura. Latsarriak dauden tokietan, erakutsi egin ditugu, Seberetxen, Bakedanon eta Nabarnizen, adibidez.

Irudi edo artxibo zaharrik erabili duzue?

Bai. Egia da nagusiki elkarrizketetan zentratu garela, baina hasieran ezagutza historiko hori ere jaso nahi izan genuen. Orduan, Marta Gonzalezi esker bete genuen apur bat arlo hori. Eta Nerea Gastonekin ere jarri ginen harremanetan, masterreko lan gisa Durangon egin baitzuen gai honen inguruko ikerketa. Baina, azken finean, latsariak haiek dira protagonistak, eta ez genuen luzemetrai bat egin nahi izan. Baina bai, balio izan digu informazio osatuagoa izateko, eta artxibo zaharrak ere bildu ditugu. Adibidez, Urazurrutian zegoen latsarriaren argazkiak sartu ditugu, Hiru Zutabeen plazakoarenak ere bai… Ez dugu guztia argazkiekin egin nahi izan, baina balio izan digute andreek nola garbitzen zuten ikusteko. Horretarako, Bilboko Udaleko argazki erregistrora jo genuen.

Estreinako proiekzioa Kastaños auzoko liburutegian egin zenuten, antzina garbitegi publikoa izan zen lekuan. Zuek elkarrizketatu dituzuen emakumeak halakoetara edo bestelako latsarrietara joaten ziren?

Amaiak [Loizaga] kontatzen du latsarriak antzina ere erabiltzen zirela, baina industrializazioa hasi zenean, isurketa denak erreka eta ibaietara egiten hasi zirela. Orduan hasi zen garbitegi publikoen benetako beharrizana. Horrez gain, Bilbon gaixotasunak ugaritzen hasi ziren, eta bakoitzak bere familia babesteko eta osasuna zaintzeko era bat zen garbiketa. Guk elkarrizketatu ditugunek ez zuten garbitegi publikoetara joateko ohiturarik, bakoitzak bere zonaldean zeukalako latsarriren bat. Kastañosekoa, baina, apur bat hobea zen, hirigunean bertan zegoelako, eta jende askorentzako eskuragarriago zegoen.

Bilbon gaixotasunak ugaritzen hasi ziren, eta bakoitzak bere familia babesteko eta osasuna zaintzeko era bat zen garbiketa

Con Ciencia Y Arte osatzen duzuenok emakumeak zarete. Zuen aldetik, alde handia igarri duzue sasoi hartako bizimoduaren eta oraingoaren artean?

Harritzekoa da, bi belaunaldi atzeragoko emakumeak dira eta. Alde batetik, badirudi ez dela horrenbeste denbora pasa, baina, bestalde, alderatuz gero egia da oso garai latzak bizi izan dituztela. Hala kontatzen dute haiek: “Neguan pasatzen genituen sekulako hotzak. Nire baserria zortzi minutura zegoen eta eskuak gogortu egiten zitzaizkidan”. Baina, aldi berean, daukaten oroitzapena oso polita da: “Joe, baina hemen oso ondo egoten ginen”. Jarrera horrek asko harritu nau.

Nik benetan ikusten dut aldaketa bat. Izan ere, nik garbigailua hamar minututan jartzen dut. Eta eurek hiru ordu edo gehiago behar zuten, bizi ziren lekuaren arabera. Egun bateko goizaldea horretan soilik igarotzen zuten. Hor alde handia dago. Esaten dute garbigailua asmakuntza ona izan dela, denbora gehiago izatea ahalbidetu baitie. Eta, gaur egun, guk denbora hori beste gauza batzuekin betetzen dugu.

Garrantzitsua da ezkutuan egon izan diren istorio horien gaineko kontzientzia ere lantzea.

Bai. Batzuek bizi izan dute eta badituzte oroitzapenak. Beste batzuek ez dute bizi izan, baina badakite zer diren latsarriak. Eta badaude latsarriak zer diren ere ez dakitenak, garbigailua baino ezagutu ez dutenak. Uste dut polita dela errealitate horretaz jabetu eta sakontzen hastea. Gauza mordo bat deskubritzen da horrela. Istorio hauen azpian kapa asko daude, guztiak aipatu ezin izan ditugun arren.

Horrez gain, gai asko tabutzat hartu izan dira. Hilerokoarena, adibidez, ez zen gizarteratzen, baina, noski, gero han joan behar zenuen zeure kuleroak garbitzera. Halakoak lantzea ere polita da. Hori bai, gauza bat da haien testigantzak entzutea, sekulakoak direnak, baina gero, kamera bat aurrean jartzean, esaten dizute: “Horretaz berba egitea nahi duzu, benetan?”. Badago nolabaiteko erresistentzia bat. Bakedanoko Josefinak [Urra], adibidez, aise hitz egiten du, baina ez daki azaltzen, ez dauka halako gaiez aritzeko berbarik. Galdetzean ea nola zen hilerokoarena, edo zergatik gizonak ez ziren joaten, zera esaten zigun: “Horrenbeste aldatu da kontua, azaltzen ere ez dakidala”.

"Gai asko tabutzat hartu izan dira. Hilerokoarena, adibidez, ez zen gizarteratzen"

Baina ni gauza batekin geratzen naiz, eta da guk geure ikerketa egin dugula. Ez da bakarrik kameran ikusten dena, gu geu ere hazi egin gara proiektu honi esker.

Zerbait gaineratuko zenuke?

Benetan uste dut honek solasaldi luze baterako ematen duela. Gaur egun, garbigailua jartzea garrantzitsua da, baina garai hartan benetan ikusten zen zein puntutaraino zen ezinbestekoa garbiketa. Bestela, gaixotasunen batekin kutsatu eta hil zintezkeen.

Kontu sinple batetik abiatuta hausnarketarako eta istorio hauek gehiago baloratzeko bidea ireki ahal izatea polita izango litzateke. Gainera, sekula pentsatuko ez genituen gauzak deskubritzeko aukera ematen du. Adibidez, Bakedanoko Carmenek [Salinas] dio etxean garbigailua duela baina oraindik ere garbitzen duela eskuz. Ohitura hori geratu zaio. Kontatzen du, gainera, herrian bi latsarri zeudela, eta horietako batera soilik gaixorik zeuden pertsonen eta hildakoen gauzak garbitzeko joaten zirela, bestea garbiago mantentzeko, eta halako gauzak. Teknika batzuk ere gordetzen dituzte, badute ezagutza partekatu bat. Adibidez, lixibarena: antza, errautsak ur beroarekin erreakzio kimiko bat egiten du eta lixiba antzeko bat sortzen da. Eta horrekin izarak zuritzen zituzten. Kuriosoa da benetan. Bestalde, lehen oso baxuak egiten zituzten latsarriak, eta kukulumuxu garbitu behar izaten zuten. Hortaz, hor ere hobekuntza txertatu zuten gerriko mina saihesteko, eta zutik garbitzeko modukoak jarri zituzten. Egon zen eboluzioaren erakusgarri da hori.

Datozen emanaldiak

Datorren astean ere aukera egongo da Bilbon Latsariak ikusteko. Otsailaren 9an, asteazkena, Hika Ateneoan zinema foroa egingo dute, 19:00etan. Ostiralean berriz (hilak 11), Zorrotzako udaltegian proiektatuko dute (18:30). Eta aurrerago ere hainbat hitzordu lotu dituzte, tartean Bilbo Zaharreko Xake Espazioan eta Abando, Buia eta Masustegiko udaltegietan. Bilbon ez ezik, Gernikan eta Bakedanon ere aurkeztuko du lana Con Ciencia Y Arte taldeak.