Langile Autodefentsa Sarea eratu da Bilbon

uriola.eus 2022ko ots. 3a, 11:12
Ekimena aurkezteko egindako agerraldiko irudia (Argazkia: Langile Autodefentsa Sarea Bilbo)

Hiriko Kontseilu Sozialistaren eskutik dator ekimena, eta soldatapeko lanaren esparruan defentsa bitartekoak garatzea eta antolakuntza komunista hedatzea izango ditu helburu. Aurkezpen ekitaldia eta kontzertuak antolatu dituzte hurrengo asteko astebururako.

“Lan baldintzen defentsa eta hobekuntza proletalgoak bere interes propioen araberako gaitasun politikoak metatzearekin harremanetan jarriz” eraman nahi du aurrera langileen autodefentsa sortu berri den sareak. Izan ere, “lan baldintzen defentsa sozialismoaren aldeko borrokarekin lotuta garatu beharreko auzia dela” ulertzen dute sustatzaileek. Aurkezpen gisa argitaratu duten oharra hemen irakur daiteke osorik.

Bada, ekimenari buruzko xehetasun gehiago emate aldera, jendaurreko aurkezpena egingo dute hilaren 11n, ostirala, Zazpi Kaleetako La Bolsa aretoan, 18:30ean hasita. Horren ostean, beharginen baldintzen gaiarekin jarraituz, Adam Radomskik hitzaldia eskainiko du, Azken Lan Erreformak ezkutatzen duena izenburupean. Bertaratzeko interesa duenak mezu bat bidali beharko du honako helbide elektroniko honetara: las.ral.bilbo@gmail.com

Ez da, baina, Langile Autodefentsa Sarearen sorreraren harira antolatu duten hitzordu bakarra. Hurrengo egunean, otsailak 12, kontzertuak egingo dituzte Errekaldeko Etxarri gaztetxean (20:00etan; ate irekiera 19:00etan). Bake Faltsua, Habemus Papam eta Krav Boca taldeak arituko dira taula gainean. Sarreraren prezioa 5 euro da, eta aforoa mugatua izango da.