Nazioarteko blues jaialdia estreinatuko du aurten Bilbok. Udalak azaldu duenez, hogei kontzertu eta jarduera baino gehiago izango ditu, guztiak dohainik. Dagoeneko konfirmatuta dauden kontzertu nagusietako bat Chicagoko All Stars-arena izango da. Hiri horretako hainbat blues musikari ospetsuk hitzordurako berariaz sortutako banda izango da, hain zuzen ere. Partaideak Bob Stroger, Kim Johnson, Mike Avery, Kenny Smith, Billy Flynn, Piano Willie eta Joey Saye "mitikoak" izango dira.
Lehenengo edizioa aire zabalean egingo dela azaldu dute, eta haurrengana zuzendutako kontzertu pedagogikoak ere programatu dituzte, baita emakumeei eta bluesari buruzko hitzaldi bat ere, kontzertu batekin lagunduta. Kokaleku nagusia Areatza izango bada ere, hiriko hainbat txokotara iritsiko da jaialdia, "New Orleanseko estilo peto-petoan", dixie bandek han-hemenka egingo dituzten kalejirei esker.
Bob Stroger (Haity, Missouri, 1929) musikariak jasoko du estreineko edizioko aitortza nagusia, hau da, jaialdiaren ikur izango den txapela. Ibilbide luzea du atzean Strogerrek, XX. mendeko bigarren zatiko banda garrantzitsuenetako batzuen partaidea izan baitzen: Ottis Rush, Jimmy Rogers, Sunnyland Slim, Willie Mabon, Snooky Pryor, Eddie Taylor, Pinetop Perkins… 70eko eta 80ko hamarkadetan, American Folk Blues Festivalen biren sail erritmikoa osatu zuen, Oddie Paynerekin batera, eta besteak beste Carey Bell, Lousianna Red eta Jimmy Rogersekin aritu zen. 90eko hamarkadan, bere banda propioa gidatzen hasi zen eta kontzertuak eman zituen nazioartean.
"Udako jaialdia hiriaren bihotzean"
Bilboko Alkate Juan Mari Aburtoren ustez, “aukera paregabea da udan zita musikal garrantzitsu bat izateko, bluesarekin, honek indartzen baikaitu mota horretako ekitaldien katean. Lehenengo edizio honek oso elementu erakargarriak izango ditu: izen handiko figurak ekartzea, aire zabalekoa eta doakoa izatea…, eta Bilboko bihotzean bertan. Espero dugu jaialdia hirian gustukoa izatea eta bisitari asko erakartzea”.
“Oso zaindutako jaialdi bat da, kalitate gorenekoa, generoaren nazioarteko figura ospetsuak Bilbora ekarriko dituena. Lehenengo edizio hau bizi dugun garaiak ezartzen dituen dimentsioetara egokitutako formatu batez aurkezten da. Espero dugu datozen urteetan zita hau hirian finkatzea eta jendea zerbait propiotzat sentitzera iristea”, azaldu du Carlos Mallesek, Bilbao Blues Festivalen zuzendariak.