Euskaraldiak kaleak berreskuratu nahi ditu hirugarren edizioan

uriola.eus 2022ko ots. 4a, 11:20

Siadecok 2020ko Euskaraldiaren inguruko ikerketa aurkeztu du Bilboko Itsasmuseumean. Bigarren edizioan, Covid-19ak eragin zuzena izan zuen, eta parte hartzaileen kopurua %21 jaitsi zen. Hala ere, bostetik batek lehen aldiz eman zuen izena eta herritarrek orokorrean balorazio ona egin zuten.

Aurten Euskaraldiaren hirugarren edizioa ospatuko da azaroaren 18tik, abenduaren 2ra. Bi astez Ahobizi eta Belarriprest txapekin beteko dira kaleak, baina aurretik 2020ko edizioaren emaitzak eta ondorioak aurkeztu ditu Euskaraldiaren koordinazio mailak. Bigarrena, lehenengo edizioko mezuak egonkortzeko balio izan zuela azpimarratu zuen Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak.

Edizio hura, ariguneen berrikuntzarekin heldu zen eta Covid-19ak eragindako zailtasunei aurre egiteko bide ona izan zen; izan ere, pandemiak era nabarmenean murriztu zuen kaleko presentzia: "Kaleko presentzia asko gutxitu da pandemiaren eraginez eta bagenekien horrek ariketan bertan eragingo zuela", aipatu du Amonarrizek.

Kike Amonarrizen aurkezpenaren ostean, Lide Rekondo eta Unai Oiartzunek, Siadeco ikerketa taldeko kideek, Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren enkarguz egindako ikerketaren emaitzak plazaratu zituzten. Emaitzak ateratzeko hiru ikerketa-ildo nagusi erabili zituzten. Lehenengoan parte-hartzaileei buruzko azterketa egin zuten, norbanakoena eta entitateena. Bigarrenean haien jardunari eta jardun horren eraginari buruzko azterketa egin da datu kualitatibo eta kuantitatiboen bitartez; norbanakoen artean 2800 inkesta, 45 elkarrizketa eta 11 eztabaida talde egin ziren. Entitateen kasuan 600 inkesta, beste 45 elkarrizketa eta sei mahai-inguru. Azkenik batzordeen eta prozesuen azterketa egin zen. 

Emaitzak lehen edizioko ikerketakoek bezala positiboak izan ziren, hala ere eta batez ere pandemiak eraginda parte hartzaileen kopurua behera egin zuen. 46.970 partaide gutxiago egon ziren, baina %20ak lehen aldiz eman zuen izena eta lautik hiru, hurrengo edizioan parte hartuko zuela esan zuen. Gainera sortu ziren 24.363 ariguneek kalean galdutako partaidetza berreskuratzea lortu zuten neurri batean. Biztanleria osotik %15ak parte hartu zuen, "jarduera masiboa", Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren hitzetan. Profilari dagokionez bi heren emakumeak izan ziren eta 30 eta 44 urte arteko adin tartean egon zen parte-hartzailetza handiena. 

Txapen erabilera eta kaleko presentzia indartzea, helburu nagusia

Lehen edizioan bezala, txapak nabarmendu dira identifikagarri gisa eta gure ingurukoak hobeto ezagutzeko: "Txapek inguruan ditugunekiko informazioa ematen digu" azpimarratu du Zupiriak. Ahobizi-ak, Belarriprest-en hirukoitza izan ziren bigarren edizioan, hala ere kopuru handiagoa jaitsi zen lehenengoaren kasuan. Rolaren aukeraketa norberaren ezagutzaren arabera hartzen dela ondorioztatu du ikerketak. Eremu erdaldunetan, Belarriprest-ak nagusitzen dira eta Ahobizi-ak eremu euskaldunetan. 

Edizio berrira begira erronka nagusiak aipatu ditu Kike Amonarrizek: "Kaleak berreskuratu behar ditugu eta txapen erabilera indartzeko lan egingo da". Izan ere, eragin positiboa izan dute identifikagarri hauek gure harremanak euskaratzerakoan. Partaideek duten eragina indartzen eta aktiboak izan daitezen bilatuko dute hirugarren edizioan: "Belarriprest eta ahobiziak eragile aktibo izatea nahi dugu bai euren buruarengan eta baita ingurukoengan ere" azaldu du Zupiriak.

Hizkuntza ohitura aldatzeko leloa

Azkenik Ana Ollo, Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetako Kontseilariak, hirugarren edizioaren leloan jarri du atentzioa: "Hitzez ekiteko garaia". Aurrera egiteko hitza eta ekintza uztartzeko beharra nabarmendu nahi duen leloa dela azaldu du Ollok. Izan ere, Euskaraldia, hizkuntza ohitura aldatzeko prozesuaren hasiera dela azaldu eta epe laburreko begiradak alde batera uzteko eskatu du kontseilariak.