“Benetan nagusia” izango da aurtengoa

Maite Txintxurreta Agirregabiria 2022ko ots. 4a, 13:56

Bilboko Konpartsek 2022ko jai egutegia aurkeztu dute gaur. Azken bi urteotako ospakizunak pandemiak erabat baldintzatu dituen arren, aurten, azkenean, normaltasunetik hurbilago egongo den festa giroa jartzeko ekimenak egingarri ikusten dituzte. Aratusteetako X. Kopla Txikien Lehiaketa izango da abiapuntua, aste bi barru egingo dena.

Hasi berri den urtean zehar elkarlanean sakontzeko asmoa dutela iragarri dute Bilboko Konpartsek, eta prestatzen ari diren Nagusia* egingo dugu! kanpainako ekintzetan parte hartzera gonbidatu eta animatu dituzte bilbotar guztiak. #NGS22 traolaren bidez egingo dute egitasmoaren zabalkundea. 

Nerea Matutek eta Ioritz Varonak eman dute 2022an Bilboko jai eta ospakizunen berri. Lehenengo hitzordu handia hiru aste barru ospatuko diren Aratusteak izango dira. Hala ere, oraindik ez dituzte aurreratu mozorro festa horretarako prestatutakoak, horren berri ematea jai batzordeari dagokiola baitiote. Hain zuzen, “denbora dezente” daramate batzorde horrekin batera egitaraua prestatzen konpartsetako kideek. Honela azaldu du Matutek: “Gure asmoa Aratuste garaian alaitasuna zabaltzea da, ilusio handia daukagu […] Oso aldakorra izaten ari da guztia, baina baditugu hainbat plan, eta prest egongo gara unean uneko osasun egoerara egokitzeko”.

"Gure asmoa Aratuste garaian alaitasuna zabaltzea da, ilusio handia daukagu"

Egutegi oparoa

Aratusteez harago ere, hainbat data borobildu dituzte konpartsek. Esaterako, Korrikarekin bat egingo dute. Euskararen lasterketak apirilaren 6an zeharkatuko du Bilbo, eta egun horretan ere “gure hizkuntza nagusia egiteko lana eta kilometroak” egingo dituzte konpartsakideek.

Ekainean, ordea, kirola eta bizimodu osasuntsua izango dira protagonista Bolintxu harana defendatzeko aldarriarekin batera. Hilaren 11n, Txosnaganerako mendi-ibilbide neurtua egingo dute, dagoeneko “klasiko” bilakatu dena. San Juan bezperan berriz, udako solstizioa ospatuko dute, euskal usadioei jarraikiz.

Hurrengo hilabetean, hau da, uztailean, konpartsakide eguna ospatuko dute, ohi bezala, bakoitzak bere konpartsari dagokion jantzia soinean. Hilaren 16an izango da hori.

Birusak baldintzatutako urteak

Jendea biltzearen debekua izan denez covid-19 birusaren kutsatzeak saihesteko prebentzio neurri nagusietakoa azken bi urteotan, Bilboko Konpartsek eta, oro har, jai, ospakizun eta ekitaldien antolaketan diharduten taldeek beren ohiko jarduna ikaragarri mugatu behar izan dute. Konpartsak, baina, ez dira geldirik egon: “Ahalegindu gara ekimenak egiten urte osoan zehar; are, ezer ere egin ezin zitekeela zirudienean ere saiatu egiten ginen eta programatu egiten genuen. Hortaz, lanak ez du etenik izan”.

"Ahalegindu gara ekimenak egiten urte osoan zehar. Lanak ez du etenik izan"

Jakina denez, aurreikusitako ekintza batzuk egin ahal izan dituzte eta beste asko ez. Dena den, egoerari etekina atera ahal izan diotela azaldu du Varonak: “Une ona izan da, komatxo artean, barne hausnarketa egiteko, federazio gisa nahiz konpartsa bakoitzak bere aldetik. Hortaz, egoera honi esker ikusi ahal izan dugu zer nolako osasuna daukagun eta nola garatu eta indartu dezakegun geure burua”. Orain arteko eskarmentuak lagundu omen die ikusi ahal izateko nola moldatu, jakin zein neurri mantendu behar diren nahitaez, nola antolatu, eta abar. “Hortaz, uste dugu aurtengoak benetan ondo antolatuta daudela”, ondorioztatu dute.

Aste Nagusi ahaztezina xede

Urteroko jai hitzordu nagusia, izenak berak dioen bezala, Bilboko Aste Nagusia da. Bada, abuztuko egunok berezko duten giroa eta alaitasuna berreskuratzeko asmoa daukate konpartsek, eta baikor azaldu dira: “Saiatuko gara guztia topera egiten”. Osasun egoera normaltzen ari den honetan, konpartsek adierazi dute prest daudela jaiak Bilbora “modu intentsuan” bueltan ekartzeko.

Osasun egoera normaltzen ari den honetan, konpartsek adierazi dute prest daudela jaiak Bilbora “modu intentsuan” bueltan ekartzeko.

Ildo horretatik, aurreratu dute ekitaldiak prestatuko dituztela eta Areatzako txosnagunea bi urteren ostean berriro muntatzeko asmoa daukatela: “Ahaleginduko gara ahalik eta urrunen iristen, gure esku dagoen guztia egingo dugu; hala ere, ez da soilik gure kontua, osasun egoera aintzat hartu behar da eta. Baina posible den guztia egiten saiatuko gara”.