Egonean

Erabiltzailearen aurpegia Julen Pagazaurtundua 2022ko ots. 5a, 09:00

Egonean dauden bi:

- Entzun al duzu urliari gertaturikoa?

- Zeini?

- Duela aste gutxi batzuk okindegian hasi zenari.

- A!, bai. Zer du horrek, bada?

- Bertatik bota berri dute.

- Zer diostazu?! Bai, ala? Ez al zen iaioa ogia egiten?

- Bai bai, ofizioa ezagutzen zuen, baina orea lantzen hasi aurretik, ez omen zituen eskuak garbitzen, ez baitzekien nola; eta, dakizunez, okindegian oso oso zorrotzak dira higiene kontuei dagokienez.

- Oso oso, bai. Ogi ona egiteko ez da behar-beharrezkoa ganoraz xaboitzea, baina inork ez du gustuko ahora daramanean zikinik aurkitzea.

- Esan omen zioten, lan orduetatik kanpo, egun batzuk emango zizkiotela ikas eta, jardunari ekin baino lehen, horretarako ohitura har zezan.

- Eta berak, baietz, ezta?

- Berak, baietz.

- Baina bete ez, ezta?

- Erdizka-edo…

- Eta kale gorrira, ezta?

- Horixe bera.

- Baliteke behar bezala ikasteko astirik izan ez izana.

- Baliteke… baina hori adostu bazuten… denbora, gogo edo abilezia falta… batek daki.

- …

- Bada, tirabirak badu besterik. Sandiak okindegikoen erabakiaren kontra egin du, eta urlia berriz kontratatzera derrigortzekotan omen da.

- Sandia? Hori…

- …bada nor. Dio eskuen garbiketa ez dela ahuntzaren gauerdiko eztula eta urlia nagusiegia dela orain horretan aritzeko eta egitera behartzea diskriminatzailea dela eta ahalegina ez dela aintzat hartu.

- Horrek dioena…

- …bada zer.

- Bai-edo…

- Nago, uste baino lehen, lohia jaten hasiko garela.

- …

- Aizu!, eta ba al dakizu ezer kaleratu duten bitarteko funtzionarioaren eta Udalaren artekoaz?

- Zertaz?

- Ezertaz ez. Berdin dio.