Shakespearen intentsitate guztia oholtzara

Maite Txintxurreta Agirregabiria 2022ko ots. 7a, 12:30

Asteburuan estreinatuko dute Arriaga Antzokiaren ekoizpen berria, Kingdom/Erresuma/Reino, autore ingelesik ezagunenaren tragediak jorratuko dituena punta-puntako aktore taldearekin, Calixto Bieitoren zuzendaritzapean eta Bernardo Atxagak egokituta. Lehenengo emanaldia ostiralean izango da, hilak 11, 19:00etan.

Estreinaldi berezia dakar Arriaga Antzokiko programazioak asteburu honetarako. Izan ere, euskaraz taularatuko dute lehenengoz William Shakespearen tragediak biltzen dituen Kingdom/Erresuma/Reino antzezlana. Antzerkian ibilbide luze bezain oparoa duen Calixto Bieitok sortutako obra honetan idazlearen intentsitate, tentsio, bortizkeria eta poesia guztia azaleratuko da, aukezpenean azaldu dutenez. Eneko Sagardoy aktoreak aipatu duenez, “Shakespeare ezagutzen ez duenak gozatuko du, eta ezagutzen duenak ere hari solte interesgarri asko topatuko ditu horietan sakontzeko”.

Juan Mari Aburto alkateak adierazi du antzokian euskarak garrantzia berezia izateko apustua egiten ari direla, eta uste du gaur aurkeztu duten antzezlanak Bilbo “nazioarteko panoramara” eramango duela.

“Barruan daramagun umearen aldarrikapen erromantikoa”

2018an hasi zen proiektu hau idazten Calixto Bieito zuzendaria, eta, bere hitzetan, “antzoki honetarako eta aktore hauentzako proiektu ideala” zenaren sentsazioa zeukan. Aktore konpainiaren maila goraipatu du Bieitok, esanez Europan zehar lan egin duenean topatu dituen “konpainiarik onenen parekoa” dela. Honako hauek osatzen dute aktoreen zerrenda: José María Pou, Joseba Apaolaza, Lucía Astigarraga, Ylenia Baglietto, Ainhoa Etxebarria, Miren Gaztañaga, Iñaki Maruri, Koldo Olabarri, Lander Otaola, Eneko Sagardoy eta Mitxel Santamarina.

Antzezlanari dagokionez, “familien arteko gerra zibil antzeko bat” dela aurreratu du aurkezpenean, eta nabarmendu du Shakespearek berezko dituen ezaugarriak biltzen dituela, hala nola ziurgabetasuna, zentzugabekeria, tentsioa, kontrastea edota intentsitatea. “Ume baten ametsa bezalakoa da, guztion barruan daramagun umearen aldarrikapen erromantikoa”, esan du.

Bada, efektu horiek guztiak lortzeko aktoreek egindako interpretazio lanari lagunduko dio eszenatokiaren prestaketak ere. Izan ere, muntaiaren plateamendua “oso gaur egungoa” da eta “instalazio bat izan litekeen horrengandik gertu dabil”, antolatzaileen esanetan.

Atxagaren egokitzapena

Bernardo Atxaga idazlea ere Bilbon izan da aurkezpen ekitaldirako, eta “mirari” gisa deskribatu du horren maila handiko lan bat geurean ikusteko aukera, lantaldearen nahiz zuzendariaren bikaintasuna goraipatu dituelarik.

Bedita Larrakoetxeak joan den mendean zehar egindako Shakespearen itzulpenetatik abiatuta landu du testua, baina azpimarratu du itzulpenok bere horretan egokitzea zaila zela, euskara azken urteetan asko aldatu omen delako. Hortaz, Asun Garikanoren laguntzaz itzuli eta egungo hizkuntzara ekarri ditu autore ingelearen idatziak, hainbat iturritatik edanez: “ingeles modernorako itzulpena, François-Victor Hugoren frantseserako itzulpena, gaztelaniazkoa…”.

Lan horretan zebiltzatela, beren buruari honakoa galdetzen omen zioten Atxagak eta Garikanok: “Nola liteke autore bakarrak horrenbeste gauza buruan edukitzea?”. Shakespeare “giza arimaren zirrikitu guztietan” sartu zela begitantzen zaio Atxagari, eta “unibertso” horren taula gaineko irudikapena ikusteko gonbita luzatu du.

11 emanaldi

Estreinaldi handia euskaraz izango da, otsailaren 11n, 19:00etan. Dena den, datozen egunetan ere egongo da antzezlana Arriaga antzokian ikusteko aukera. Zehazki, hilaren 12an, 13an eta 24an egingo dituzte euskarazko emanaldiak. Gaztelaniazkoak berriz, otsailaren 17an, 18an, 19an, 20an, 25ean, 26an eta 27an izango dira. Emanaldi guzti-guztiak 19:00etan hasiko dira, eta sarrerak salgai daude dagoeneko antzokiaren webgunean.