Greba deialdia egin dute sindikatuek Osakidetzan otsailaren 25 eta 28rako

uriola.eus 2022ko ots. 7a, 13:36

Sindikatuek gaur egindako agerraldia (Irudia: ELA)

Osasun Sailaren "immobilismoa" eta "konponbide eza" salatzeko, ELA, SATSE, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek lehen arretan 25erako deitu dute greba eta 28an Osakidetza esparru guztietan. Bestalde, manifestazioa egingo da 26an. 

Agerraldia egin dute gaur Bilbon sindikatuek, Osakidetza bizitzen ari den egoera "larria" salatzeko. Urtarrilean zehar, hainbat mobilizazio egin ziren protesta egiteko eta 23an, manifestazio jendetsua egin zen. Hala ere, salatu dutenez, Osakidetzak eta Osasun sailak "ez dute pauso bakar bat ere eman eta ez dute neurri bakar bat ere proposatu Osakidetzak dituen arazo larriak konpontzeko".

Manifestaldien ostean Gotzone Sagardui Osasun Sailburuak egindako adierazpen batzuk kritikatu dituzte. Sailburuaren esanetan, Osasun Sailak kontratatzeko borondatea zuen arren, hori egiteko ezintasun materiala zuela familiako medikurik eta pediatrarik ez daudelako. "Esan behar da adierazpen horiek, errealitatea ez islatzeaz gain, Jaurlaritzaren erantzukizuna ezkutatu nahi dutela. COVID-19aren krisiak larriagotu egin du lehen ere gertatzen ari zen egiturazko egoera bat", azaldu dute sindikatuek.

Kategoria batzuetako langileak kontratatzeko zailtasunak onartu dituzten arren, Osasun Sailaren azken urteetako erabaki politikoei leporatu diete arazoa sindikatuek: "50 urteko batez besteko adina duen plantillaren belaunaldi erreleboa planifikatzeko erabateko falta egon da, non sisteman sartzen direnak baino profesional gehiago erretiratzen ari diren; eta, bestetik, Osakidetzak bere plantillari ematen dion tratu txar sistematikoaren ondorioz, langileek ihes egiten dute lehen arretarik arreta espezializatura, osasungintza pribatura, edota atzerrira". 

Hala ere, lehen arretaren arazoa bakarrik ez dela adierazi dute sindikatuek: "Arreta maila guztietan eta kategoria guztietan gertatzen da". Lan gainkarga sistematikoa, hobekuntza ikuspegirik eza eta baliabide eza ikusita, langile askok erretiroa hartzea erabakitzen dutela gaineratu dute.

Aldarrikapenekin jarraitzeko greba

Aldarrikapenekin jarraitzeko asmoz, aurrera pausu bat eman eta bi greba egun egitea erabaki dute. Otsailaren 25ean lehena izango da eta lehen arretan egingo dute lanuztea. 28an berriz Osakidetzako esparru guztietara zabalduko dute deialdia. Gainera bi egunen artean, 26an, larunbatean, hiru hiriburuetan manifestazio deialdia egin dute 12:00etan. 

Benetako negoziazioa eta edukiak planteatu arte Mahai Sektorialean parte hartuko ez dutela iragarri dute; horrekin batera Osakidetzak martxan jarri behar dituen aldarrikapenak azaldu dituzte. Osakidetzako aurrekontua 2023 ekitaldirako handitzea eskatu dute, "EBko batez bestekora iritsi arte (BPGren %7), horren %25 lehen arretara bideratuz".

Lan-kargak arrazionalizatzeko eta herritarrei kalitatezko arreta emateko "milaka lanpostu" sortzea eta plantillak indartzeko behin-behinekotasuna %8ra jaistea aldarrikatu dute. "Galdutako erosteko ahalmena berreskuratzea eta murrizketa guztiak lehengoratzea" eskatu dute eta EAGetan aplikatutako "murrizketa guztien rebertsioa" ere. Kategoria guztietan, erretiroak, bakanteak, bajak eta bestelako absentziak berehala, osorik eta lehen egunetik betetzearen beharra azpimarratu dute.

Lan-kargak eta pandemiaren ondorioak ebaluatzea eta neurri zuzentzaileak aplikatzea eta malgutasunerako edota lana eta familia bateragarri egiteko neurri eraginkor eta errealak eskatu dituzte. Azkenik, %4ko txanda osagarria, osagarri espezifikoa eta Santiago Ospitaleko larrialdien itxiera konpontzeko eskatu dute.