Zaintza lanak aitortu orain! lelopean elkarretaratu da LAB Bizkaiko Batzar nagusien egoitzaren aurrean. Ane Escondrillas sindikatuko ordezkariaren adierazpenen ostean, kalea moztu egin dute bertaratutakoak, "Bizkaiko erresidentziak borrokan" edo "ekiparazioa orain" oihuen artean. Izan ere, Escondrillasek salatu duenez patronalak negoziazio-mahaia blokeatzen jarraitzen du. Era berean, "Bizkaiko Foru Aldundiak hitzarmen honen negoziazioan aktiboki parte hartu behar du", ordezkariaren ustez.
Egoitza pribatuetako langileen lan-baldintzak sektore publikoko langilekoekin parekatzea izan da sindikatuaren eskaera nagusia: "Lan bera egiten dugu, horregatik, lan-baldintzak parekatu egin behar dira". Eusko Jaurlaritzak "beste behin" gehiegizko gutxieneko zerbitzuak jarri ditu greba egunean eta horrek sektoreko langileei lan- eta bizi-baldintzak "hobetzeko eskubidea debekatu" diela salatu du sindikatuak.
Sindikatu bakoitza bere kabuz
Arazoa konpontzeko "sindikatuen arteko batasunaren alde" egin du Ane Escondrillasek. Hala ere, sindikatu bakoitzak bere mobilizazioak egin ditu gaur. ELA-ko langileak Arriagatik hasi dute bere manifestazioa eta ordezkapenak lehen egunetik egitea, lanaldi osoko kontratazioa lehenestea eta kontratu partzialekin amaitzea eskatu du. Beste alde batetik, UGT eta CCOO sindikatuetako langileak Deustuko Ugasko bidean batu egin dira.