Torturaren aurkako manifestazioa deitu du Sortuk otsailaren 12an

uriola.eus 2022ko ots. 9a, 10:12

Torturaren aurkako egunaren bezperan, Alde hemendik! lelopean prestatu dute martxa. Plaza Biribiletik, Bizkaiko "tortura zentro handiena" izendatu duten Indautxuko komisaldegira egingo dute manifestazioa torturak salatzeko.

Igande honetan, otsailaren 13an, 41 urte beteko dira Joxe Arregi hil zenetik, Espainiako Poliziak egindako torturengandik jasandako zaurien ondorioz Carabanchelgo kartzelan. Gertaera horretaz geroztik, data honetan torturaren aurkako eguna ospatzen da. Aurten bezperan, Sortuk torturak salatzeko martxa prestatu du.

Plaza Biribiletik aterako dira 18:00etan eta Indautxuko komisaldegira egingo dute ibilbidea. Izan ere, Bilbon torturatu dituzten 570 pertsonetatik, kasu asko komisaldegi hartan eman ziren Sorturen esanetan; gainera, 1993an Xabier Kalparsoro hil zuten. Aitortza, erreparazioa eta torturak ez errepikatzeko bermeak aldarrikatu dituzte.