Presoen euskara irakasle taldea

Ziegan ere euskara duintasunez ikasi ahal izan dezaten

Maite Txintxurreta Agirregabiria 2022ko ots. 10a, 09:30
Bigarren Ibarra eta Belen Aurrekoetxea

Espetxean daudenek ere euskara ikasi eta hobetzeko eskubidea dutela sinetsita, hori egi bilakatzea helburu duen ekimen bat lehen urratsak ematen hasi zen 2017. urtean. Bederatzi preso eskolak jasotzen hasi ziren zortzi irakasle boluntarioren eskutik, orduko EGA (Euskararen Gaitasun Agiria) titulua eskuratzeko asmoz. Noski, euskaltegi baten ohiko jardunaz oso bestelakoa zen funtzionamendua, kartzelan ezarritako mugak tarteko eta aintzat hartuta ez zirela ikasketa ofizialtzat hartzen.

Oztopoak oztopo, esperientzia benetan arrakastatsua izan zen emaitzen ikuspuntutik; izan ere, azterketa egin zuten guztiek eskuratu zuten EGA, hau da, bederatzitik bederatzik.

Hori ikusita, preso gehiago animatu ziren, eta boluntario taldea ere handitu egin zen, deialdia zabaldu baitzuten ezagun zituzten euskara irakasleen artean. Orduko hartan, EGA jada desagerturik, HABEren (Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea) B1, B2, C1 eta C2 hizkuntza eskakizunak lantzeko aukera jarri zuten martxan, eta orotara 45 ikaslek eman zuten izena. Beste horrenbeste irakaslek jardun zuten zeregin horretan. Geroztik, ikasturtez ikasturte jarraitu du ekimenak, eta gaur egun 33 pertsonak jasotzen dituzte euskara eskolak espetxean.

Gaur egun 33 pertsonak jasotzen dituzte euskara eskolak espetxean

Hurbiletik ezagutzen dute egitasmoa Belen Aurrekoetxea eta Bigarren Ibarra bilbotarrek. Aurrekoetxea euskara ikasten diharduen preso baten senidea da, Arkaitz Goikoetxearen amaginarreba, hain zuzen. Ibarra, berriz, boluntario gisa euskara irakasten hasi zen duela urte pare bat, eta ogibidez ere AEK-ko irakaslea da. Zaballako (Araba) espetxean dagoen preso bati ematen dizkio eskolak ikasturte honetan, eta C1 mailako titulua eskuratzea da bere ikaslearen nahia. Iaz ere maila bereko eskolak ematen aritu zen beste preso batekin, eta “oso pozik” geratu omen zen esperientziarekin: “Gainditu zuen, eta aurten C2 titulua lortu nahi du”.

Belen Aurrekoetxeak bere suhiaren bitartez izan zuen lehenengoz egitasmoaren berri. Azaldu duenez, zalantzati bazegoen ere, izena eman zuen, presoen aldetik ere erantzun bat egon zedin: “Eta animatzen joan zen. Berak dio tutore zoragarria tokatu zitzaiola, eta gainera gainditu egin zuen”. Duela bizpahiru urte izan zen hori, dispertsioaren ondorioz Alacant probintziako Villenako kartzelan zegoela. Bada, amaginarrebak Goikoetxearen orduko berbak errepikatu nahi izan ditu: “Euskal Herrira eramaten gaituztenean, euskaltegia izan behar dugu kartzelan”. Gaur egun Zaballan dago, iritsi berri, baina momentuz ez da bete bere guraria, euskara ikasketak modu ez ofizialean egiten jarraitu behar baitute presoek.

Eskolen ohiko funtzionamendua

Ikasle bakoitzak irakasle bana du, eskola partikularrak bailiran, preso bakoitzaren beharrizanei eta ezagutzari egokituta. Ohiko funtzionamenduari buruzko argibideak eman ditu Bigarren Ibarrak: “Lehenik eta behin, presoaren kontaktuarekin harremanetan jartzen gara; hau da, presoak badu senideren bat edo beste norbait gauzak eramaten dizkiona, liburuak edo dena delakoa. Gero, azterketetarako matrikulak guk egiten ditugu. Jarraian, presoarekin berarekin egoten gara eta zer behar duen eta zer nolako maila daukan ikusten dugu. Horren ondoren, pasatzen dizkiogu beharrezko materiala, ariketa batzuk, azterketa ereduak eta abar”.

Kartzela tarteko, baina, erritmoa “oso-oso motela” ei da. Idatzizko ariketa baten adibidea jartze aldera, lehenik eta behin irakasleak eskutitza bidali behar du ariketa aurkezteko. Presoak hori osatu eta bueltan bidaltzea da hurrengo urratsa. Ondoren, irakasleak ariketa zuzentzeko tartea hartu eta azalpenak bueltan bidaltzen ditu. Eta hortik aurrera zalantzaren bat egonez gero, gutxienez beste bi gutun egon beharko lirateke tarteko. Asteak ere iraun ditzake, beraz, ariketa bakar bat osatu eta zuzentzeak.

Asteak iraun ditzake ariketa bakar bat osatu eta zuzentzeak

Telefonoa ere baliatzen dute zenbait kasutan zalantzak argitzeko, baina horrek ere baditu bere trabak, Aurrekoetxeak jakinarazi duenez: “Preso bakoitzak 8-10 telefono zenbaki izaten ditu baimenduta. Hortaz, tutorearena horien artean sartu behar du, beste norbaitena kanpo utzita agian. Bestalde, dei kopurua mugatua da; beraz, hori ere neurtu beharreko zerbait da”. Aurrez aurre egon nahi izanez gero ere, arazoa berbera litzateke; alegia, senide edo lagunen baten bisita sakrifikatu beharko litzatekeela trukean. Gainera, halakoak materialik gabe egitera behartuta daude; ez bolaluma, ez paper. Entzumena lantzeko audio materialik helarazteko modurik ere ez dute boluntarioek.

HABEko azterketak egiteko baldintzak ere ezberdinak dira espetxetik kanpo daudenek dituztenekin alderatuta. Lehenik eta behin, deialdi librean eman behar dute izena nahitaez, ezin baitute ikasle ofizialen matrikula osatu. Horrek dakarrena da, besteak beste, azterketa deialdi bakarra izatea. Gainera, proba guztiak egun berean egin behar dituzte, jarraian, aztertzailea egun bakarrean joaten baita espetxera. Azterketa BEC-en egiten dutenek (Bizkaian aurkezten direnen kasuan), aldiz, bi txandatan egiten dute: lehenengoan irakurmen eta idazketa froga, eta bigarrenean entzumen eta mintzamen froga.

Belen Aurrekoetxeak dio bere suhiak kontatzen duela Alacanten tutore izan zuen emakumea “harrituta” geratzen zela espetxera zerbait helarazteko zeuden zailtasunak ikusita, eta zera zioela: “Nola da posible? Euskarazko ikasketak egiteko testuak baino ez dira eta!”. Edonola ere, aipatutako baldintzek “batere lagundu ez arren”, presoek motibazioari eusten diotela pozez ikusten dute irakasle eta senideek.

Ofizialtasuna aldarri

Oztopoak gutxitzeko bidean, euskarazko ikasketak ofizial izatea da presoen irakasle taldearen helburu nagusia. Kartzelen gaineko eskumenak Eusko Jaurlaritzarenak izatera pasa diren honetan, gainera, inoiz baino bideragarriago ikusten dute xedea.

Euskarazko ikasketak ofizial izatea da presoen irakasle taldearen helburu nagusia

Asmo horri jarraikiz, HABErekin harremanetan ari dira, jaurlaritzaren mendeko erakundea den aldetik. Bada, elkarrizketatuek azaldu duten moduan, ekimenean parte hartu duten presoek lortutako emaitza arrakastatsuak begi onez ikusi dituzte hasieratik euskalduntze eta alfabetatze erakundeko ordezkariek. Ez da gutxiagorako, orain arte azterketa gainditzea lortu dutenen kopurua %80tik gorakoa baita. “Are gehiago, harremana finkatzeko eta aurrera eramateko asmoa plazaratu dute”, zehaztu du Bigarren Ibarrak.

Hala ere, boluntarioak azaldu du harreman hori borobildu eta HABEk presoen euskara irakaskuntza lehenbailehen bere gain hartzea litzatekeela “bermatu beharreko eskubidea” egikaritzeko gakoa. Hortaz, gaur egun horretan diharduen taldea desagertzea, kasu honetan, “ona izango litzateke”.

Eskubide linguistikoak eta gizarteratze bidean bultzada

Bitartean, jardunari jarraipena emateko asmoa daukate presoen euskara irakasleek. Aurrekoetxeak, senide gisa, ikasketetan sartzea presoentzako balio “oso garrantzitsua” dela uste du: “Edozein ikasketa. Txinera ikasteko bada ere. Bada, atera kontuak euskara ikasteko, hobetzeko edo euskarazko gaitasun agiri bat ateratzeko baldin bada”.

Inportantea deritzo, baina, ikasketok bide ofizialetik egiteko aukera eskaintzeari, “ez dadin izan beti militantziari lotutako zerbait”. “Erraztasunak egongo lirateke, eskolak kartzelan bertan eman ahalko lirateke… modu duinean, azken finean”. Edonola ere, uste du aldaketa ez dela “berez” etorriko “eskatu eta borrokatu ezean”.

Presoen gizarteratze bidean ere lagungarria litzatekela uste dute. Honela azaldu du Bigarren Ibarrak: “Gauza bi ikusi behar dira. Batetik, euskara bera eskubide linguistiko moduan, eta horrek berekin dakarren guztia. Eta gero, titulua baliabide bat dela kalera ateratzean lanean hasi ahal izateko. Hortaz, ateratzean egin beharreko izapide guzti horiei ez zaie gehituko euskarazko azterketa prestatu eta agiria lortzearena. Hori guztia arintzeko ere planteatu zen egitasmoa”.

"Titulua baliabide bat da kalera ateratzean lanean hasi ahal izateko"

Gizarteratzearekin lotuta, hain zuzen, gaur egun espetxeetan badago ikasketa ofizialak egiteko aukera, UNED urruneko unibertsitatearen eta Lanbide Heziketako instituzioen bidez, besteak beste. Aurrekoetxearen suhia, esaterako, Zuzenbide Gradua ikasten ari da, eta aurrez Psikologia ere egin zuen. Halako egitasmoak bideratzea posible denaren adibide da hori elkarrizketatuen aburuz, baina horretarako “benetako borondatea” behar dela uste dute.

Orain arte preso politikoekin ari da lanean boluntarioz osatutako irakasle taldea, baina preso guztientzako eskubidea dela aldarrikatzen dute, eta horixe lortzeko bidea ere izango litzateke ofizialtasuna aitortzea. Are, Euskal Herritik kanpo dauden euskal preso guztiei beren lurraldeko hizkuntza ofizialeko ikasketak egiteko aukera zabaltzeko akordioak egin beharko liratekeela ere uste dute.

Abenduan Durangon aurkeztu zuten egitasmoa publikoki (Argazkia: Anboto.org)

Horregatik guztiagatik, Eusko Legebiltzarrean presoen euskara irakasleen taldeko ordezkariek agerraldia egingo dute otsailean, uste baitute orain dela presioa egiteko eta egitasmoa lau haizetara zabaltzeko une aproposa. Batetik, aurrez aipatutako espetxe transferentziak irekitako bidea aprobetxatzen saiatzeko, eta bestetik, ahoz ahokoaren bidez jaio zen taldea dagoeneko egonkortu delako eta militantziakideei zein herritar guztiei horren berri emateko beharra ikusi dutelako. Izan ere, azken urteotan egitasmoan murgildutakoek soilik ezagutu dute berau, harik eta abenduan publikoki aurkeztu zuten arte.

Irakasle talde mardula bildu dute, baina ikasleak ezagutza maila gero eta handiagoa dutenez, hurrengo ikasturterako C2 maila irakasteko gaitasuna duten boluntarioak ongietorriak izango direla jakinarazi dute. Interesa dutenak euskarairakasletaldea@gmail.com helbide elektronikoaren bidez jar daitezke taldearekin harremanetan.