Korrika Kulturala aurkeztu da

Erabiltzailearen aurpegia Aikor! 2022ko ots. 10a, 11:50

Asier Amondo eta Aitziber Balantzategi AEK/KORRIKAko ordezkariek aurkeztu dute 22. edizioko Korrika Kulturala Derioko Baserri Antzokian, hainbat artistek lagunduta. Korrika Kulturalak herriz herriko eskaintza zabala proposatzen du, eta aurtengo emanaldien artean aipatzekoak dira, besteak beste, Ruper Ordorikaren Hautsi da Anphora ikuskizuna (Loraldia Festibalarekin elkarlanean eskainia) eta eRRe eta Antigone antzezlanak. Berrikuntzen artean, bestalde, nabarmentzekoena Kulturalaren “Menua”-n datza; hau da, herriz herriko emanaldi kulturalak programatzeko AEK-k osatutako katalogoa.   

Aldaketekin dator aurtengo Korrika Kulturala. Izan ere, Asier Amondok aipatu duenez, 22. edizio hau «trantsiziotzat» dute, eta hemendik aurrera Kulturalaren programa garatuko da AEK-k eskainitako kultur sorkuntzarako bekaren inguruan. “23. KORRIKAtik aurrera Korrika Kulturaleko ekitaldi nagusia bekarekin taxutuko dugu. AEK-k lan bat sarituko du bi urterik behin; euskal sortzaile ororentzat izango da, diziplina anitz edo bakarra bildu dezake, eta lanaren emanaldiek agertoki edo plaza batean aurkezteko modukoak izan beharko dute”, esan du Amondok. Aurtengo proposamenak jaso dituzte dagoeneko, eta epaimahaiaren esku daude. Apirilean emango dute bekaren irabazlearen berri.

Nolanahi ere, bekarena hurrengo KORRIKArako gaia da momentuz, “eta 22. edizio honetan azken urteotan maiz erabili dugun formulari helduko diogu berriro; elkarlanari, alegia”. Hala, Loraldia Festibala izango da, beste behin ere, Korrika Kulturalaren bidelagun, eta Hautsi da Anphora ikuskizuna, beren aurtengo ediziorako proposamena. Hori Ruper Ordorikaren azken proiektua dugu, Bernardo Atxaga eta Mugalaris taldearekin elkarlanean egina. Prentsa-agerraldian Amaia Ocerin Loraldia Festibaleko ordezkaria ere egon da, eta aurreratu duenez, Euskal Herriko sei udalerritan ikusi ahalko da: Senperen, Iruñean, Bilbon, Eibarren, Gasteizen eta Oreretan.

Halaber, bestelako sorkuntza-lanak sustatu, eta horiek hainbat herritara eramaten lagunduko du Korrika Kulturalak, hala nola eRRe ikuskizuna (Lanku kultur zerbitzuen eskutik)  eta Antigone edo ezetzaren beharra, Horman Poster kolektiboak moldatutako klasikoaren bertsio librea. Azken obra horren lagin txiki bat ikusteko aukera egon da Baserri Antzokian, Xanti Agirrezabala aktorearen eskutik. Agenda osoa kontsulta daiteke korrika.eus webgunean.

Herriz herriko “menua” osatzeko katalogoa

Aitziber Balantzategik adierazi duenez, “Korrika Kulturala jaio zen AEK-k Euskal Herriari KORRIKAren alde egindako lana eskertzeko, kalitate handiko kultur eskaintza zabala bueltan emanez”. Ildo horretatik, herriz herri antolatzen diren ekitaldiak ere eraman nahi dituzte Kulturalaren agendara AEK-koek. “Harago joan nahi izan dugu aurten», azaldu du Amondok eta KORRIKAren webgunean Menua izeneko baliabidea txertatu dugu, hau da, 22. Korrika Kulturalaren baitan antola daitezkeen ekintzen katalogoa, udalerri orori irekia”. Menuan topa daitezkeen artista eta ikuskizunen adibide da Eñaut Zubizarreta “Trigger” musikaria, aurkezpenean parte hartu duen bigarren artista.

Menuaren gaineko informazio guztia www.korrika.eus atarian topa daiteke, Kulturala atalean. Horretaz gain, webguneak Korrika Kulturalaren aterkian programatuko diren ekitaldi guztien berri ere jasoko du Agenda atalean.