2021eko maiatzean, Bilboko eta Sondikako Udalek Artxandako Aktibazio Plana aurkeztu zuten. Ingurua bultzatzea zuen helburu, Enekuritik Santo Domingora egin duten pasealekuaren moduko proiektuekin. Kirol, abentura-jarduera eta ostatuekin lotutako proiektuak aurrera ateratzeko aukera irekia geratu zen.
Berrikuntza horiek eta beste alde batzuk "onartu" eta "positibotzat" hartu zituzten ekologistek eta auzokoen elkarteek. Hala ere, Joserra Otegi Ekologistak Martxan elkarteko kidea salatu duenez, plan honek ez du helbururik zehazten: "Ez da plan berezia, ez ditu planaren mugak zehazten ez du eremua bere osotasunean antolatzen, ez ditu hasieratik garatu beharreko proposamenak eta proiektuak definitzen, ez da bete beharreko araudirik egiten".
"Plan urria eta eskasa", horrela definitu du plana Maria Angeles Delgado, Herri bideak kate barik elkarteko kideak. "Plan bereziaren" helburuen artean, lehendik zeuden ingurumen-eraginak ezabatzea zegoen; baina indarrean dagoen Lurralde Plan Partzialean jasotzen den arren, ez da hura aurrera eraman.
Elkarteen alegazioak
"Inkongruentzia handia da aisialdirako bideratuko den eremu bat, zabortegiez inguratuta egotea eta gainera beste berri bat sortzea" salatu du Jose Mari Larrañaga Plataforma Artxandako kideak. Zabortegien arazoa konpontzeko asmoz, hiru elkarteek hainbat alegazio bidali dizkiote Bizkaiko Foru Aldundiari.
Hirigintza-planetan jasotako proiektuak abian jartzea eta plan horietan jasotako moduan egingo direla bermatzea eskatu dute planak ez betetzeari dagokionez. Erakunde publikoei "plan bereziaren" buru izatea eskatu diete, eremu horretarako proposatutako helburuak eta hobetzeko neurriak aurrera eramateko eta dauden isurketak bezalako inpaktuak ezabatzeko. Era berean, Artxandako Metropoli-Parkean zabortegi berriak egiteko baimenak ez emateko eskatu dute.
Herritarren parte-hartzea eta plana Cabras menditik, San Bernabe menditik eta Gangureneraino doan Artxandako eremu osoa hartzea eskatu dute. Azkenik Artxandako kordal osorako zonifikazio bat definitzea eskatu dute. Metropoli-parkearen eredu egokiena zein den jakiteko hausnarketaren alde eta hondakinen buruzko "eztabaida parte-hartzaile" eta "garden" baten alde egin dute amaitzeko.