Eusko Legebiltzarrean adosten ari diren Hezkuntzaren Euskal Lege berriaren gaia pil-pilean dagoen honetan, Bilboko Udaleko Elkarrekin-Podemos IU koalizioak beharrezko ikusi du toki esparrutik ere ekarpenak egin ahal izateko bidea irekitzea.
Hori dela eta, puntu bi dituen proposamena erregistratu du, udalbatzak eztabaida dezan. Batetik, Gobernu Taldeari eskatu dio hezkuntza sistemak Bilbon bizi duen egoerari buruzko diagnostiko partekatu bat egiteko (hezkuntza komunitatearekin eta udal talde politikoekin batera) eta Hezkuntza Legea ezartzean udal esparruak izango duen funtsezko eginkizuna ikusarazteko. Bestetik, proposatu du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari Itun Sozial eta Politikoa bultza dezan eskatzea, hezkuntza sistemaren etorkizunerako akordio zabala eta arrakasta bermatze aldera. Horretarako, beharrezko ikusten dute inplikatutako eragileekin elkarrizketa prozesua abian jartzea.
Erkidegorako hezkuntza lege berri hau bezalako gai erabakigarrietan udal ikuspegia txertatzea beharrezkotzat dauka Elkarrekin-Podemos IUk. "Garrantzitsua da tokiko erakundeek bete behar duten zereginari buruz hausnartzeko guneak sortzea”, azpimarratu du Ana Viñalsek. Horregatik, lan gune bat sortzea ere proposatu dute, hezkuntza komunitate osoa eta udal talde politikoak bilduko dituena. Hezkuntza eta Euskara Arloa arduratu beharko litzateke gune hori gidatzeaz, koalizioaren ustez.