Donejakue bidea 16 egunetan

uriola.eus 2022ko ots. 11a, 10:13

Gonzalo Pérez, ultra trail korrikalari bilbotarrak, Donibane Garazi eta Santiago de Compostela lotzen dituen 800km-ak egin nahi ditu ataxia telangiectasiaren ikerketarako dirua lortzeko. Gaixotasunak, desgaitasun fisiko larri progresiboa eta minbiziaren intzidentzia handia eragiten du.

Erronka ikaragarria prestatu du Gonzalo Pérezek. Martxoaren 26tik, apirilaren 10era, ibilbide frantses osoa korrika egiteko asmoa du. Gainera, ibilbidea egiteko beharrezkoa duen guztia sartzeko erabiliko duen motxila erronka osoan zehar gainean eramango du.

Donibane Garazin hasita Orreaga, Iruñea, Lizarra, Logroño, Santo Domingo de la Calzada, San Juan de Ortega, Hontanas, Carrión de los Condes, El Burgo Ranero, Villadangos del Páramo, Rabanal del Camino, Villafranca del Bierzo, Triacastela, Portomarín eta Arzúan egingo ditu geldialdiak.

Egunero 50km inguru egingo ditu eta etapa bakoitza 100 eurotik aurrera babestuko duten enpresa solidarioen bila dabil. Horretaz gain, norbanakoek ere dohaintzak egin ahal dituzte, dirua biltzeko plataforma baten bidez (https://www.migranodearena.org/reto/un-camino-poraefat). Laguntza guzti hauek Aefat elkartera bideratuko dira. Honek Ataxia telangiektasia duten haurrak eta gazteak dituzten familiak biltzen ditu, eta elkarteak finantzatzen ari den ikerketa-proiektuetara bideratuko da lortutako dirua.

Gonzalo Pérezek, erronka testuinguruan jartzeko haren helburu nagusiak azaldu ditu: "Lehenengoa, ataxia telangiektasia duten haur eta gazteei ikusgarritasuna ematea. Loteria genetiko batengatik egokitu zaie gaixotasuna, eta eguneroko borroka gogorra bizi behar dute. Bigarrena, familiei itxaropena emateko dirua biltzen saiatzea, sendabide bat edo gutxienez bizi-kalitate hobea izaten lagunduko dien tratamendu bat aurkitzeko ikerketari lagunduz .

Ez da laguntzen duen lehen aldia

2021ean, hiru egunetan zehar 200km baino gehiago egin zituen korrika Arabako lautadatik eta 2021ean Donostiako Zurich maratoian parte hartu zuen Zurich Aefat taldearekin, gaixotasunagatik kaltetuen aulkiak 42 km-tan zehar bultzatzen.