Lanuztea Artxandako funikularrean zuzendaritzaren kudeaketa salatzeko

uriola.eus 2022ko ots. 15a, 12:12

13:30ean hasiko den bi orduko lanuztea egingo du funikularreko lantaldeak. Enpresak negoziatzeko batere borondaterik ez duela eta jarduketa-protokoloa langileen ordezkaritza kontuan hartu gabe ezartzea salatu dute.

Bilboko Udaleko mugikortasun eta iraunkortasun zinegotziari esku har dezan eskatu diote Artxandako funikularreko langileek irtenbide bat lortu ahal izateko. Ezarritako azken protokoloak gidariak bagoian denbora guztian egotera behartzen ditu orain arte erabiltzaileei eskaintzen zitzaien zerbitzuaren "kaltetan".

Gainera, edozein istripuren erantzukizuna langileen gain jartzen du, baina ez du baliabide edo soluziorik jartzen gertakariak ekiditeko: "Egoera honetara iritsi aurretik alderdi sozialak hainbat neurri tekniko proposatu du istripuak saihesteko, baina zuzendaritzak ez du erantzunik eman" salatu dute langileek komunikatu baten bidez.

2021ean hainbat gertakari egon ziren, baina Funikularreko "langileen borondate eta inplikazioari esker", arazoen jatorrian zeuden akatsak ezagutu ahal izan dira. ELA sindikatuak, arazo hauen guztien ondorioz urtarrilaren 27rako greba deitu zuen. Horren harira, funikularreko zuzendariak negoziatzeko astia eskatu zuen eta langileen ordezkariek deialdia otsailaren 15era atzeratu zuen. Hala ere, denbora horretan konponbiderik ez jasotzea salatu du ELA-k: "Bitarte horretan enpresak ez die langileei inolako proposamenik egin. Honi langileekiko errespetu falta deritzogu".

Bizitzen ari diren egoera salatzeko, lanuzteaz gain, elkarretaratzeak egingo dituzte funikularreko plazan 13:30etik-14:15era eta 14:30etik-15:30eraudaletxeko plazan.