150 metroko distantzia minimoa ezarri du ikastetxe eta joko-aretoen artean Eusko Jaurlaritzak

uriola.eus 2022ko ots. 16a, 10:20

Segurtasun sailak EAEko Agintaritzaren Aldizkarian publikatutako dekretuaren arabera, joko-aretoak ikastetxeetatik aldenduko dira, lurralde osoan 170 egon ahalko dira gehienez eta haien artean 500 metroko distantzia minimoa egon beharko da. Bestalde, apustuen inguruko publizitatean murrizketak jarriko dituzte.

Jokoaren Erregelamendu Orokorra eguneratu zuen atzo Eusko Jaurlaritzak "gaur egungo egoera soziala eta ekonomikoa kontuan hartuta". Hemendik aurrera hiru urtez behin aldatzeko konpromisoa hartu du Jaurlaritzak, Euskadiko joko-eskaintza gizartean onargarria den mailara doitzeko, osasunaren babesa bermatzeko eta arazoak sortzen dituen jokoaren prebentziorako, eta adingabeak eta kolektibo zaurgarriak babesteko.

Euskal Autonomia Erkidegoan, 40.000 (%2,2) pertsona inguruk jokoarekin lotutako arazoren bat izan dute bizitzan zehar eta 18.000 (%1) inguru 2019an, Jokoaren euskal behatokiak 2020an argitaratutako txosten baten arabera. Apustu etxe eta joko-aretoen eragina murrizteko asmoarekin lau aldaketa nagusi ezarri ditu dekretuak. 

Lokalen arteko distantzian harreta handia jarri da. Orain arte, lokalen arteko 150 eta 600 metro inguruko tartea zegoen baimenduta. Baina atzotik aurrera distantzia hori 500 metrokoa izan beharko da kasinoen kasuan izan ezik. Gainera, lehen hezkuntzako, bigarren hezkuntzako eta lanbide heziketako ikastetxeetatik 150 metrora egon beharko dira.

Joko-establezimenduen kopurua ere, murriztuko du dekretu berriak. Hiru kasino, hipodromo bat, 14 bingo, apustuetako 60 lokal eta 170 joko-areto egongo dira gehienez. Bestalde Eusko Jaurlaritzak ez du emango baimen berririk datozen hiru urteotan ostalaritzan makinak eta joko aretoak jartzeko. 

Esparru hauetan nor sartzen den kontrolatzeko araua ere ezarri zuten atzo. Nahitaezkoa izango da joko-areto guztietako sarrerak kontrolatzea, baita horietako ostalaritza eremuetakoak ere. Atzotik aurrera, bederatzi hilabete izango dituzte establezimenduek teknikoki eta fisikoki egokitzeko. Lokalek NANa eskatu beharko dute adingabekoak ez sartzeko. Era berean, Eusko Jaurlaritzaren jokorako sarrera debekatuen erregistroa izan beharko dute eta bertan inskribatutakoei ere ezin diete sartzen utzi, ezta bere buruari nahita sartzea debekatu dietenei. 

Estimuluen murrizketa

Laugarren aldaketa publizitatean egingo da. Gure egunerokoan oso presente daude jokatzera bultzatzen gaituzten estimulu hauek eta horietan eragina izatea erabaki du exekutiboak. Goizeko 6etatik gaueko 12etara apustuei buruzko publizitatea debekatuta egongo da komunikabideetan. Ezin izango dute ospe publikoa duen pertsona bat erabili hura iragartzeko, ezta jokoa dirua azkar eta ahaleginik egin gabe lortzeko metodo erraza dela iradoki.

Esparru horretako enpresek ezin izango dituzte kirol ekipamenduak edo kamisetak babestu eta debekatuta geratuko da kirol-zentroetatik 150 metro baino gutxiagora publizitate liburuxkak banatzea. 

Arau eta moldaketa hauei lotuta, debekatuen erregistroan izena eman ahal izateko lekuen sarea zabaldu dute. Izen-emateak ertzain-etxeetan, joko-aretoetan bertan eta online jokorako etxeetan ere egin ahal izango dira, Osakidetzan eta errehabilitazioko elkarteetan ez ezik. Sei hilabeteetan ezin izango da Euskadiko joko-establezimendu bakar batean sartu, erregistro horretan izena ematen duenak.

Hainbat ekimen aste honetan

Joko Arduratsuaren Nazioarteko eguna ospatuko da aste honetan eta horrekin lotuta aurrera eraman nahi izan da arauketa berri hau. Jokoaren Euskal Behatokiak Jokoa eta gazteria Euskadin azken urteko txostena aurkeztuko du eta Pantallas Amigas elkarteak Gaming eta gambling, bideo-jokoak eta horiek online apustuekin eta ausazko jokoekin duten harremana aurkeztuko du.