Lehenik eta behin, zorionak. Nola doa saria asimilatzeko prozesua?
Lurreratzen ari naiz oraindik. Larunbataz geroztik komunikabide guztiak izan ditut gainean, eta lagunak zein familia ere bai. Mezu asko jaso ditut, eta denak erantzuteko astirik ez. Baina oso pozik, jende asko alaitu delako. Athletic-ek final bat irabazi izango balu bezala izan da. Pasada bat, borobila.
Irakaslea zara. Ikasleek zer esan dizute?
Haiek ere oso pozik daude. Sekulako harrera egin zidaten lehengo egunean: besarkadak, negarrak… oraindik ere negar guztiak ez ditut kanporatu, ez baitut guztiz asimilatu. Hau da, argazkiei begiratzean, oraindik ere ez dut sinesten ni naizenik. Ametsetan nago oraindik. Eta ikasleak ere berdin. Gainera, oraindik ez dira guztiak BIZIEtik pasa, batzuk falta dira, tartean txikienak. Horiek ostiralean datoz, eta flipatu egingo dute. Watsappez esaten ari dira garaikurra ukitu nahi dutela eta abar. Jende guztiak argazki bat egin nahi du Goyarekin. Nirekin ere bai, baina benetan nahi dutena da saria esku artean izan, ukitu, zenbat pisatzen duen ikusi…
"Argazkiei begiratzean, oraindik ere ez dut sinesten ni naizenik"
Ondo zaindu beharko duzu, badaezpada.
Igandean lagunak aireportura etorri ziren, eta Muskizera [Olazabalen bizitokia] beharrean Miribillara eraman ninduten. Harrera egin zidaten han, eta momentu batean bistaz galdu nuen Goya, non zegoen ere ez nekien. A ze sustoa! Baina beno, orain kontrolpean dago, nire ondoan daukat.
Zein esanahi dauka zuretzat sari honek?
Bide bat egin dugula esan nahi du. Jende askoren artean egindako bidea: familia, lagunak, ogibide honetan gabiltzan profesionalak, aktoreak… lan horren guztiaren sinboloa da, nolabait ere. Ekinez eta ekinez lortzen dira helburuak. Espero dut, gainera, tarteko helmuga izatea hau, eta aurrera jarraitzea. Hori izango litzateke benetako saria, lanean jarraitzea eta beste film batzuekin sendotzea ibilbidea.
Uste duzu, hain zuzen, lagungarria izango dela etorkizuneko bidea errazteko?
Bai, Goya hau zein gainerako sariak. Azken finean, guzti horiek bat egiten dute, beste hark esaten zuen moduan, argimutilean jartzeko eta hortxe egoteko, erdigunean, jendea eta industria begira dituzula. Izan ere, industrian ere oso harrera ona egin zidaten. Zuzendari zein aktore ezagunak niri begira eta ni zoriontzen… pasada bat da, esan bezala. Eta aukera gehiago ekarri dizkit. Mahai gainean jada baditut proiektu batzuk, eta orain horiek agendan jarri behar ditut. Dezente dira, eta ez ditut solapatu nahi. Guztiak egin nahi ditut, erronka bakoitza besteekiko ezberdina delako. Artista batentzako oso dibertigarria da pertsonaia batetik bestera salto egitea. Horiek dira benetako sariak.
Artista batentzako oso dibertigarria da pertsonaia batetik bestera salto egitea
Maixabel filmari dagokionez, nolakoa izan da Luis Carrasco interpretatzeko prestaketa lana?
Oso baliogarria izan zen Luis Carrascorekin egon ahal izatea. Azken finean, aktore batek normalean fikziozko pertsonaien paperak egiten ditu, baina kasu honetan benetako gizon bat da. Eta benetako gizon horrek, gainera, hiru pertsona hil ditu. Errespetu handia ematen zidan berarekin elkartzeko egoerak. Baina ezagutu nuenean gizon goibel eta damutu batekin egin nuen topo. Orduan konturatu nintzen benetako planta zela; horrelakoa zen eta pentsakera hori zeukan. Gazte garaian benetan hil zuen eta horretaz libre bizitzeko nahia dauka, baina ezinezkoa zaio. Eta ni naiz guzti hori kontatzeko bere gailua. Hori bazekien berak, eta horregatik agertu zitzaidan horren prest bere istorioa azaltzeko. Eta ni bere energiaz kutsatu nintzen. Noski, gauza bat da etakide bat gaur egun damututa egotea, baina nola islatuko duzu gazte garaian pistola bat eskuan zerabilen pertsona hura? Nik, euskalduna izanik, banekien zer izan zen ETA, zer nolako giroa zegoen kalean… manifestazioetara joan ohi ginen kuadrilan, eta abertzaletasun hori bizi izan genuen. Baina hori gauza bat da, eta beste bat pertsona bat erailtzea, ezta? Arlo horretan egin behar izan dut lan handiena, pertsona horren azalean nola sar nintekeen ikusten. Eta hori izan da zailena, egia esan. Aktore moduan, ezin duzu halakorik epaitu; aldiz, sinetsi egin behar duzu tipo bat hil behar duzula Euskal Herriaren askatasunaren alde.
"Pertsona horren azalean nola sar nintekeen ikustean egin behar izan dut lan handiena"
Interpretazio eskola daukazu Bilbon. Zergatik da garrantzitsua arlo honetako formazioa?
Formazioa gustatzen zait besteei laguntzea eta bideak erakustea, bereziki gazteei, oso gustuko dudalako. Ez dakit zergatik, baina hala da. Irakaskuntzak, gainera, gizartea hobetzen duela uste dut. Norberak izan dituen oztopoak eta akatsak saihesten lagundu ahal badiezu, askoz ere errazagoa izango da haien eboluzioa eta garapena. Uste dut horregatik naizela irakaslea. Eta zehazki interpretazio irakasle izateari dagokionez, artea erakusteaz gain bizitzen ere erakusten dugu BIZIEn. Madrilen, Bartzelonan edo beste hiriburu batzuetan dauden zinema eskolen bezalakoa da. Izan ere, hemengo gazteak hara joan behar izaten ziren zinema ikastera, Euskal Herrian aukerarik ez zegoelako. Orduan, emazteak eta biok erabaki genuen eskola bat irekitzea, gaztetxoek etxe alboan izan zezaten aukera hori.
Zu zeu formatzen ari zinen garai hura nola gogoratzen duzu?
Eskultura egiten hasi nintzen unibertsitatean, eta nire lagun batzuk ikus-entzunezkoen ikasketak egin zituzten. Bada, momentu baten zera esan zidaten: “Aizu, Urko, zuk duzun grazia izanda, animatuko zara gure film laburrean antzezten?”. Horrela hasi nintzen film laburren munduan. Gustatzen zitzaizkidan, eta ikusi ahal izan nuen nola egiten ziren. Ingurura begiratuta, nahiko erraz egin zitezkeela pentsatu nuen, eta ni neu ere hasi nintzen lanak ekoizten. Orduan, noski, kameraren bestaldekoak ezagutzen hasi nintzen, teknikari lanak egiten ikasten. Hala, alde batean zein bestean lan egiten jakin nuen. Gerora, unibertsitatea bukatu eta lau urtez egon nintzen antzerki eskolan. Kontua da zuzentzearena pilo bat gustatzen zitzaidala. Eta pentsatu nuen: “Zuzentzeko, zer hobeto aktore izatea baino?”. Hortaz, aktore lana ikasi nuen, hain zuzen, aktoreak nola zuzendu jakin ahal izateko. Bada, ondo moldatzen nintzela ikusita, Goenkaletik deitu ninduten. Horrela hasi nintzen, eta apurka-apurka joan nintzen aurrera egiten, tartean beste lantxo batzuk ere izan nituelarik, baina ametsa beti buruan eta bihotzean. Horretan behin eta berriz jokatzeari esker heldu naiz honaino.
Euskarazko zineman ere hainbatetan egin duzu lan. Zer nolako osasuna dauka gaur egun sektore horrek?
Nire ustez, badago nolabaiteko goraldi bat. Hor dago David Perez-Sañudo, adibidez, berarekin Ane egin nuen. Paul Urkijo ere fantasiazko filmak egiten ari da, eta laster estreinatuko du Irati. Nire ustez apustu hori egiten ari da. EITBk ere horretan inbertitzen du, eta polita da gure hizkuntzan zinema egitea. Azken finean, Youtube, Twitch eta antzeko plataformek ez dute euskararik erabiltzen eta gure gazteek galtzen dute hizkuntzarekiko gogoa. Hortaz, izan behar ditugu euskarazko filmak, eta, zergatik ez, youtuberrak. Espero dut arlo hori indartzen jarraitzea eta poliki-poliki gero eta ekoizpen gehiago egotea euskaraz.
"Espero dut gero eta ekoizpen gehiago egotea euskaraz"
Sare sozialetan zeresan handia eman ohi dute Goya bezalako sarien galek. Asteburuan, esaterako, pil-pilean egon da ekitaldiko oholtza nagusiaren atzeko pantailan euskaraz Ongi etorri/a idatzi izanaren kontua. Konturatu zinen horretaz momentuan?
Nire emaztea Casteldefellsekoa da [Katalunia] eta ez daki euskaraz, baina horretaz jabetu zen. Esan zidan: “Hori txarto dago!”. Baina beno, behintzat euskaraz jarri dute. Ez dakigu nork jarriko ote zuen, baina nik esfortzua baloratzen dut, keinua hor dago eta.