Hiru urte baino gehiago darama Doctor Deseo oholtzetara igo gabe eta horren ondorioz, gogoz aurkeztu dute bira berria: "Musikari guztiak bezala, jotzeko gogo handiz gaude" azaldu du Francis abeslariak. Publikoarekin berriz elkartzeko unea dela azaldu du taldeak eta horregatik "Berriro zuekin" deitu nahi izan diote bira honi.
Diska berria, Euskara soilean konposatuta dago eta horregatik, Doctor Deseo ordura arte izandakoa eta Maketoen iraultza diskaren nahasketa egin nahi dute kontzertuetan. Abeslariak azaldu duenez, "ez da erraza izan" datak aurkitzea, izan ere musika talde askok urtarrileko kontzertuak atzeratu zituzten eta data guztiak hilabete gutxitan batu dira.
Azpeitiko Sanagustin kulturgunean izango da lehen geldialdia . Martxoak bostean jarri zuten lehen data baina sarrera guztiak saldu eta beste bat jarri zuten martxoaren 4an. Martxoaren 19an Gasteizen egingo dute Jimmy Jazz-en eta martxoaren 26an Atarrabian, Totem aretoan. Bilbo izango da bost kontzertuetako azkena; apirilaren 22an Santana aretoan joko dute. Hala ere, bira ez da hor amaituko. Bartzelonara eta Madrilera joateko asmoa dute eta irekian ere bira txiki bat egin nahi dute.
Gitarra-jotzaile berria
Bira honek beste berritasun bat dakar. Josu Aginaga, gitarrista berria izango da. "Xelebrea, dotorea eta basatia" horrela deskribatu du Francisek bere taldekide berria. Pandemia, talde osoarentzako "errusiar mendia" izan zela azaldu du abeslariak. Aurreko gitarrarekin "ezberdintasunak" izan zituzten eta bideak banatzea erabaki zuten. "Tristea izan zen, jotzeko gogoak kendu zitzaizkidan" onartu du Francisek. Hala ere, gogo horiek gitarrista berriarekin berpiztu egin ziren.
Taldean izandako harrera, "oso naturala eta erreza" izan zela azaldu Aginagak: "Oso pozik nago eta nire proposamenak onartzen dituzte". Smile taldean egondakoa da eta ibilbide luzea dauka, hala ere, Doctor Deseok duen historia azpimarratu eta taldeko kidea izatea "ardura handia" dela azaldu du.
Poriektu berriak
Aurkezpenarekin amaitzeko, pandemian proiektu berrien inguruan pentsatzeko denbora izan duten arren, egoera amaitu arte itxaron nahi dutela onartu du Francisek: "Ez dut nahi egoera honetatik eratorritako letrarik". Baina, etorkizunean proiektu berriak egongo dira abeslariaren esanetan.