Aratusteak

Lozorrotik mozorrora

uriola.eus 2022ko ots. 17a, 13:55

Bi urteren ostean, berriz ere bete-betean ospatuko dituzte bilbotarrek aratusteak. Ibon Koteron eta Gemma Martinez, hurrenez hurren, Farolin eta Zarambolasen azalean sartu dira jada, eta hiritar guztiak animatu dituzte “urteko jairik ausartenak” erantzukizunez gozatzera.

Otsailaren 24tik martxoaren 1era arte izango dira Bilboko Aratusteak. Dena den, bihar, hilak 19, Aratusteetako Koplen lehiaketa egingo dute Kafe Antzokian (20:00), egitarauko lehenengo hitzordua izango dena. Jarraian, Sutan taldeak kontzertua emango du. Biharamunean, berriz, Aratusteetako X. Torrada eta Pontxe lehiaketak usain gozoa zabalduko du Plaza Barrian.

Bada, Farolin eta Zarambolas dagoeneko irrikitan daude hirian mozorro festa lehertzeko. Farolinek (Ibon Koteron) jaiaren antolatzaileek erakutsi duten “ausardia” azpimarratu du, eta uste du pandemiak eragindako “parentesi garaia pasatu dela ospatzeko” egunak izango direla. Esan duenez, gainera, aurtengo aratusteak inoiz baino bereziagoak izango dira, aurpegia maskaraz estaltzeaz bat azalaraziko delako bilbotar jendearen benetako esentzia. Zarambolas (Gemma Martínez) pertsonaiak alaitasuna islatu ohi du beti, eta inauteri hauetan latinezko Carpe Diem esamoldea hartuko omen du lelotzat. Hala, erasorik gabeko jaiak ospatzeko deia egin du, “askatasunez eta alaitasunez” gozatzeko modukoak.

Ohiko egitaraua itzuli da

Aipatu bezala, bete-betean ospatuko dira aurten inauteriak Bilbon, bi urteren ostean. “Bilbotarrak esnatu nahi ditugu jai gogoa luzaroan lozorroan egon ostean”, esan du gaur goizean udaletxean egin duten aurkezpenean Bilboko Konpartsen bozeramaile gisa jardun duen Ioritz Varonak. Bada, berrogeita hamar proposamen inguru prestatu dituzte, hiriko hainbat txokotan zehar egingo direnak. Egitarau osoa Bilboko Konpartsen webgunean kontsulta daiteke.

Urtero egin ohi diren ekintzak egongo dira programazio horren baitan, hala nola Farolin eta Zarambolasi epaiketa, mozorro desfilea, sardina erretzea eta abar. Hori bai, ikastetxeen desfilerik eta txokolatadarik ez da egingo aurten. Horren partez, eskola zentroetako mozorroen argazkiak bilduko dituzte, Jaietako zinegotzi Itziar Urtasunek zehaztu duenez. Gastrogunerik ere ez da egongo, eta ohiko indaba lehiaketa ere ez antolatzea erabaki dute, Covid-19a kutsatzea prebenitzeko moduan egiteko formatu egokirik topatu ez dutela eta.

Berrikuntzen artean, aurtengo mozorro desfilea ohi baino luzeagoa izango da, Plaza Biribilean hasi beharrean Diputaziotik abiatuko delako, eta Areatzaraino iritsiko da. Ibilbidea luzatzearen erabaki horren muina izan da ikusleak gehiago sakabanatuko direla kaleetan zehar, hartara jende pilaketak ekidingo direlarik.