Enpresa elektrikoen irabazien aurrean, energia eskubidea aldarri

uriola.eus 2022ko ots. 17a, 15:33

Argindarraren prezioaren igoera salatu eta horren aurkako premiazko neurriak eskatzeko dinamika berri bat aurkeztu dute gaur Bilboko hainbat kolektibok, eta martxoaren 26rako manifestazioa iragarri dute.

Euskadi Plazan egin dute agerraldia hiriko zein inguruko hainbat kolektibo ekologista, sindikatu, auzo elkarte, etxebizitza sindikatu eta gazte eragilek osatutako dinamika berri honetako ordezkariek. Izan ere, egoitza nagusia bertan duen Iberdrola bezalako enpresa elektikoen irabaziak eta pobrezia energetikoa “txanponaren bi aldeak” direla uste dute ekintzaileek. Hala, gogorarazi dute aipatutako erakunde horrek 2020an 3611 milioi euroko mozkina deklaratu zuela.

Bizitzaren garestitzea

Sakeoari Ez, Derecho a La Energía (Sakeoari ez, Energia Eskubidea) izena jarri diote egitasmoari, eta aurrerago jakinaraziko dituzten hainbat ekintza egiteko asmoa daukate. Horietako garrantzitsuena, hori bai, datorren hilean izango da; Bilbon zehar egingo den manifestazioa, hain zuzen.

Azken hilabeteotan argindarraren prezioan izandako gorakadak eraman ditu eragileak elkartu eta joera horri aurre egiteko dinamika prestatzera. Izan ere, garestitze horrek “milaka pertsona pobrezia energetikora bultzatu ditu, eta EAEren kasuan 10 etxebizitzatik 1 dago pobrezia energetiko egoera. 70.000 etxebizitza baino gehiago”. Hala azaldu du taldearen bozeramaile gisa jardun duen Hodei Rodriguezek.

Dena den, testuinguru zabalagoan kokatu dute dinamikaren sustatzaileek argindarraren arazoa: “Geroz eta bortitzagoa den sistema kapitalista suntsitzaile honek jendartearen egiturazko pobretzea eragiten du”. Hala, alokairuen edo elikagaien prezioen gorakadak ere ildo beretik datozela nabarmendu dute, eta, horren guztiaren ondorioz, duintasunez bizitzea gero eta zailago bilakatzen dela askorentzat. Hori dela eta, gaur aurkeztu duten dinamikaren helburuekin bat egiten duten taldeei parte hartzeko deia luzatu diete.