STOP BALAS DE GOMA

"Elkartasunak bere mugak dauzka, ezin diozu inori galdutako begia edo bizitza bueltatu"

Pablo Martínez Canibe 2022ko ots. 18a, 11:10

Gomazko balak debekatzea lortzeko 2010etik darama lanean Stop Balas de Goma plataforma kataluniarrak. 2021ean Novact eta Iridiak jaurtigai hauen inguruan egindako txosten bat argitaratu zuten. Ostegunean Bilbon aurkeztu zuten, Iñigo Cabacasen hilketaren hamargarren urteurrenean egingo diren ekitaldien barruan. Iridiako Andres Garciarekin eta Stop Balas de Gomako Carles Guillot eta Ester Quintanarekin hitz egin dugu. 

Iñigo Justizia herri ekimenarekin kontaktuan jartzen zareten lehen aldia?

Carles Guillot: Iñigo Cabacas hil zenean ni etorri nintzen eta manifestazioak egon diren bakoitzean etorri gara. Bestalde, Bruselara, Europako Parlamentura,  gomazko balak debekatzen saiatzeko komisio batera joan nintzen Jone Goirizelaia abokatuarekin eta Manu eta Finarekin. Epaiketan ere egon ginen. Azkenengoan, txostenarekin batera doan dokumentalaren pasarte batzuk grabatzera etorri ginen.

Nola lagundu duzue 10 urte hauetan?

C.G.: Elkar lagundu egin dugu denbora honetan. Iñigo Cabacasena gertatu zenean, guk bageneraman urte batzuk elkartearekin. Orduan hona etorri ginen eta geneukan informazioa eta jakintza eskaini genien. Era berean, hura gertatzean, Jake al modelo policial deituriko jardunaldi batzuk prestatu zuen herri ekimenak. Euskal Herrian egoera aldatu bazen eta jada su-etena bazegoen, gatazka urteetarako pentsatutako modelo poliziala aldatu behar zela planteatu zuten jardunaldi hauetan. Horren ostean, poliziak erabiltzen zuen armamentuaz haratago begiratzen hasi ginen. Arazoaren muinera joan ginen.  Batak bestearen ideiak hartu ditugu eta kontaktu iraunkorra izan dugu.

Zein harreman daukazue Euskal Herriarekin?

C.G.: Stop Balas de Goma sortzeko arrazoi nagusia gure arteko laguntza ematea izan zen. Horregatik, Iñigo Cabacas hil zutenean, Euskal Herrian ezagutzen genituen pertsonekin kontaktuan jarri ginen berehala. Oso ondo zaindu gaituzte beti. Gomazko balen auzia Bruselara eramatea erabaki zutenean guri deitu ziguten haiekin joateko. Borroka paraleloak egin ditugu. 

Lurralde laguna da Euskal Herria. Kontzientzia handiagoa dago, izan ere errepresio handia jasan duen lurraldea da. Madril edo Sevilla moduko hiriak zailagoak izan daitezke aurkezpen hauek egiteko. Horregatik nahi diogu erakutsi jendeari zer gertatzen den arma hauekin.

"Iñigo Cabacas hil zutenean, Euskal Herrian ezagutzen genituen pertsonekin kontaktuan jarri ginen berehala"

Noiztik ari zarete gomazko balen inguruan lan egiten?

C.G.: Stop Balas de Goma 2010ean sortu zen. Niri 2001ean lehertu zidaten begia eta 2007 eta 2010 artean, kasu asko eman ziren Mossos de Esquadren eskutik. Izan ere, hauek dira kasu gehien eragin dituztenak. Parlament-ean komisio bat egiten saiatu genuen, baina inork ez zigun kasurik egiten. Gainera, manifestaldi handiak egin genituen horren harira eta bertan ere zaurituak egon ziren, beraz, urte horietan hasi ginen ekimenarekin.

2012ko lehen greba orokorren bi gazteri begia lehertu zieten eta beste bat larri zauritu zuten. Bigarren greban Esterri lehertu zioten. Ojo con tu ojo elkartea sortu zen bere kasuaren harira. Elkarteak egindako lanari esker lortu zen gertatutakoa argitzea. Catalunyako Parlament-era heltzeko balio izan zitzaigun, gomazko balen debekua exijitzeko. Kasu horiengatik eta hildako beste pertsona baten ondorioz, eredu poliziala zalantzan jarri zen eta alderdien artean erabaki zen gomazko balak debekatzea. Horren ostean FOAM-ezko balak ordezko gisa erabiltzen hasi ziren.

Hala ere, FOAM-ezko jaurtigaiak ez dute arazoa konpontzen

Andrés Garcia: Iridiak berak ostiral honetan txosten bat aurkeztuko du, FOAM jaurtigaien inguruan eztabaida zabaltzeko. Izan ere,  gertaerek argi usten dute, jaurtigai hauek arrisku bera eta lesio berak utzi dezaketela. Gainera, talde polizialek argi utzi dute ez dituztela arma hauek kontrolatzen.

C.G.: Gomazko balek, Ibilbide aleatorioa dute, inork ez daki nora joango diren. Gainera orokorrean jendetzaren kontra botatzen dira eta edonon errebota dezakete. Haiek esaten dute FOAM jaurtigaiak oso zehatzak direla. Orduan hori egia balitz, ez litzateke zauriturik egon beharko, baina egon badaude.

Aipatu duzuen deskontrola, eragin dezake jaurtigaiak nork bota dituen ez jakitea? 

Ester Quintana: Ezinezkoa da jakitea nork egin duen tiro. Jaurtigaiak ez daukate zenbakirik, ez dakizu zein eskopetatik atera den eta ez dakizu zer poliziak bota duen. Eta gero haien artean babesten dira; tiro egin duen pertsona ezkutatzen dute. Gainera, gorenekoak ez dira kapazak tiroa nork egin duen identifikatzeko. 

C.G.: Iñigo Cabacasen kasuan polizia-agintariari bi urteko espetxe zigorra jarri zioten, karga ez gelditzeagatik. Hala ere, epaileak libre utzi zuen seme bat bere kargura zeukalako. Hori gertatu zenean ere, hemen egon ginen eta Fina lur jota zegoen. Epailea, polizia libre uzteko erabili zuen arrazoia bere semea zaintzea zen, eta hori hain zuzen izan zen polizia horrek Iñigoren gurasoei kendutakoa, bere semea. Familiak jaso zuen azken golpea izan zen hau.

"Ezinezkoa da jakitea nork egin duen tiro"

Mossoei gomazko balak erabiltzea debekatu zaien arren nazio mailan erabiltzen jarraitzen dira?

C.G.: Mossoek gomazko balak erabiltzea debekatzea lortu ondoren, protestan jarraitu dugu estatuan eta gainerako polizia-gorputzetan balak desagerrarazteko. Oinarritzat hartu genuen ez zela normala gomazko balak debekatzea eta FOAMezko balak erabiltzea, eta horregatik estatu osoan hasi ginen lanean. Duela gutxi, gaur aurkeztuko dugun txostena atera genuen, eta hainbat hiritan zehar ibili gara hura aurkezten, jaurtigai horien erabilerari buruzko eztabaida soziala sortzeko helburuarekin.

Izan ere, guk 2010ean Stop Balas de Goma sortu genuenean, iritzi orokorra hau zen: hau gertatu bazaizu zerbait egiten ari zinelako da. Gaur egun, iritzi hau oraindik nahiko errotuta dago eta horrek eragiten du jendea beldur izatea salaketa jartzerako orduan. Beraz, aurreriritzi horrekin amaitzen bilatzen ari gara, inoiz ez delako zure errua. Erakusleiho edo zaborrontzi batek ez duelako bizitza balio.

Nola dago egoera beste herrialde batzuetan?

C.G.: Herrialde bakoitza oso ezberdina da. Osagaia edo jaurtigaia aldatzen da, orduan oso zaila da txosten orokor bat egitea, baina poliziaren basakeria berdina da leku guztietan. Hemen adibidez, badakigu gomazko balek nazioarteko araudiak urratzen dituztela, baina estatu bakoitza subiranoa da bere erabakiak hartzeko.

Prozesua gogorragoa izan daiteke inork barkamena eskatzen ez badu?

C.G.: Istiluen kontrako polizia bazara eta badakizu zure ekintzek ez dutela ondoriorik izango, nahi duzuna egiten jarraituko duzu. Polizia identifikatzea posiblea balitz edo zigorrak egongo balira, poliziak ez luke hainbeste inpunitaterik izango. Baina modu honetan, inork ez du erantzukizuna bere gain hartzen. Horregatik, nahiz eta laguntza judiziala emateko balio izan duen, Stop Balas de Goma laguntza pertsonal animiko eta psikologikoa emateko sortu zen bereziki; batzuen beldurrak besteenak baitira.

"Stop Balas de Goma laguntza pertsonal animiko eta psikologikoa emateko sortu zen bereziki"

Nola bizitzen da hurbiletik horrelako kasu bat?

E.Q.: Gogorra da, zuri gertatutakoa birbizitzen duzulako. Azken urteetan hainbatek galdu dute begia FOAM-ezko jaurtigaien ondorioz. Adibidez, 2017an Roger deituriko mutil bat ospitalera bisitatzera joan nintzen begia galdu zuelako eta nahiz eta nik begia galdu nuenetik jada bost urte pasa ziren, oroitzapen guztiak burura etorri zitzaizkidan. Niri gertatutakoa berriz gogoratzea da. Urteetan zehar egiten egon zarena ezertarako balio ez duelako sentsazioa daukazu. Elkartasunak bere mugak dauzka, ezin diozu inori galdutako begia edo bizitza bueltatu. Hala ere, konturatzen zara benetan merezi duela egiten dugun lana eta eskerrak borrokatzen jarraitzen dugula.

Elkarren arteko laguntzarekin hobeto eramaten da?

E.Q.: Babesa funtsezkoa izan da, elkartasuna elkarri adieraztea eta behar genuen animoa ematea ezinbestekoa izan da. Beste epaiketa batean txarto atera dena zurean hobetzeko aukera duzu. Elkartea ezagutzea inflexio-puntu nabaria izan zen niretzat. Oso garrantzitsua izan zen, nik adina sufritu zuen jende gehiago zegoela ikusi nuelako. Lehenik prozesua hain mingarria izan ez zedin eta tunelaren amaieran argi bat ikusteko sartu nintzen bertan. Ezinbestekoa izan da elkarri laguntzea.

Dokumentalaren bidez errazago erakusten da bizi duzuena

E.Q.: Dudarik gabe. testigantza zuzenak ikusten dituzunean gogorragoa egiten da. Adibidez, Iñigoren aita eta ama kasuari buruz hitz egiten ikusten dituzuenean, mundua gainera datorkizu.

"Iñigoren aita eta ama kasuari buruz hitz egiten ikusten dituzuenean, mundua gainera datorkizu".

Uste duzue noizbait zuen elkartea ez dela beharrezkoa izango?

C.G.: Ez genuen uste Katalunian gomazko balak debekatzea lortuko genuenik. Garaipen bat izan zen, inor ez delako geratuko begi gabe jaurtigai hauen ondorioz, baina ez dugu amaitu. Polizien inpunitatean jarri genuen fokua hasieran. Ez da posible egiten dituzten tiroengatik zigorrik ez jasotzea eta inork ezer ez esatea horren aurrean. Orduan gure borroka bertatik hastea erabaki genuen. Apurka apurka gure helburuak handitzen joan gara eta polizien identifikazioa hobetzeko mekanismoak eskatu ditugu ere. Orduan, jaurtigai mota guztiak debekatzea lortuko bagenu, gizarte-mugimenduen garaipen handia izango litzateke, eta etapa hori ixtea lortuko genuke, baina oraindik aipatutako beste hainbat gauza konpondu beharko genituzke. Iñigo gogoan plataformak polizia-ereduan fokua jartzeko ideiaren lekukoa hartu nahi dugu.

Txostena eta dokumentala

2021ean aurkeztu zuten 148 orriko txostena, gomazko balen inguruan. 2000 eta 2020 urte arteko datuak biltzen ditu eta hauek erabilera, arriskuak, utzitako zaurituak, alternatibak eta beste hainbat ideia biltzen ditu. Horrez gain, zazpi minutu inguruko dokumental bat grabatu dute, hainbat biktimen testigantzarekin. Ostegunean aurkeztu zuten Bira kultur gunean eta Espainiako hainbat lekutara eramango dute.