Pontxe eta torraden eta kopla txikien lehiaketek asteburua girotu dute

uriola.eus 2022ko ots. 21a, 12:02

Hontzak konpartsa (Irudia: Bilboko konpartsak)

Aratusteen lehendabiziko ekitaldian giro itzela eta festan murgiltzeko gogoa igarri ziren. Kafe Antzokian, kritika soziala eta ironia nagusitu ziren konpartsen kopletan. Igandea berriz, jateko eta edateko eguna izan zen Plaza Barrian, zapore tradizionalen itzulerarekin. 

Iñauterietara begira hasi da Bilbo asteburu honetan. Kafe Antzokiak hasiera eman zien ekitaldiei Kopla txikien lehiaketaren VII. edizioarekin. Barietate handia izan zen taldeen abestietan, baina guztietan nabarmendu zen zerbait: ironia eta kritika soziala. 

Altxa Porrue izan da "errebelazio taldea" epaimahaiarentzat. Publikoari porruak eta guzti botata, Mauriziaren zantzuak zituzten euskal Tanxungueiras batzuk irudikatu zituzten. Hala ere, Tanxungueiras-en kasuan gertatu bezala, ez zuten irabazi, eta bigarren geratu ziren, irabazleengandik puntu erdira.

Hontzak konpartsak kritikaz beteriko Es lo que hay kanta abestu zuen. Ez zen inor salbatu haien letretan, eta auzokide salatariek, borboiek, Eusko Jaurlaritzak eta alderdi politiko guztiek aipamenen bat edo beste izan zuten. “Urte osoa musika eskola batean eman dutela dirudi, baina, hori bai, gerria pixkat gogortuta zuten”, adierazi zuten epaileek.

Hirugarren sailkatua Algara konpartsa izan zen. Euskal kultura eta euskara bizitzen ari diren garai latzak plazaratu zituzten. Hizkuntza "desizoztu" eta "plazaren erdira" ateratzeko deia egin zuten, soinean zeramatzaten mendiko arropak erantzi bitartean. Algarakideek sari nagusia ez, baina animazioarena eskuratu zuten. Beste sari berezia Sin Kuartelek irabazi zuen, mozorro onenarengatik. 

Epaimahaian Monica González, Bizkaiko Abesbatzen Federazioko ordezkaria; Asier González, Jai Batzorde Mistoko kidea eta Bilbao Musikako irakaslea; Natxo Montero, dantzari eta koreografoa eta Nagore González aktorea egon ziren.

Igandean jateko eta edateko txanda

Kopla txikien lehiaketak utzitako giro onarekin jarraitzeko, igande goizean, Pontxe eta Torrada txapelketa egin zen Plaza Barrian. Euriari eta eguraldi txarrari aurre eginez, 100 parte-hartzaile inguru batu ziren; gozogileak, tabernariak, konpartsak zein norbanakoak. Aurreko urtean bertan behera geratu ostean, bilbotarrak errezeta tradizional hauek auzokideei erakusteko gogoekin zeuden; izan ere, antolatzaileen arabera, inoiz baino maila altuagoa ekarri dute. 

                      Pontxe eta torrada lehiaketen irabazleak (Iurdia: Bilboko konpartsak)

Farolinek, sukaldariek eta Bilboko Konpartsen lantalde gastronomikoko kideek parte hartu dute lan latza eduki duen epaimahaian. Hauek izan dira irabazleak: 

TORRADAK

  • Herrikoia

    • Kremazkoa

            - 1. saria: Iñaki Pastora
            - 2. saria: Txori Barrote.
            - 3. saria: Teresa Ines.

    • Ogizkoa

            - 1. saria: Soraya Motos Manuel.
            - 2. saria: Sim Romi 2.
            - 3. saria: Txori Barrote 4.

  • Ostalaritza

    • Kremazkoa

            - 1. saria: Gaztelugatxe gozotegia.
            - 2. saria: Baste.
            - 3. saria: Bizkarra.

    • Ogizkoa

            - 1. saria: Cafe Bar Bilba.
            - 2. saria: Plaza Nueva.
            - 3. saria: Restaurante Aitziar.

PONTXEA

  • Herrikoia

        - 1. saria: Sim Romi.
        - 2. saria: Kaixo.
        - 3. saria: Zaratas.

  • Ostalaritza

        - 1. saria: Plaza Nueva.
        - 2. saria: K D K.
        - 3. saria: Cafe Bar 2002.

Sari popularra

Lehiaketaz gain, guztientzako saria egon da zen atzo goizean. Bertaratutakoak Residence Cafeko kideek prestatutako pontxe berezia doan dastatzeko aukera izan dute. 2013ko aratusteetan Farolin izan zen Manu Iturregi tabernariak eginiko pontxe berezia dastatu dute herritarrek.