"Erraz ezagutzeko modukoak, benetakoak eta bakarrak", horrela definitzen da Akatz. 1992an sortu zen taldea eta ordutik "kalitatezko musika" sortzea eta kontzertu bakoitza "festa paregabea" bihurtzea izan dute helburu. Bere horretan jarraitzen dute eta aurten haien 11. lana kaleratu dute, Yuyu izenarekin.
Disko berri hau, 2019an erregistratu zuten Kaki Arkarazoren (Kortatu, Negu Gorriak) estudioetan, baina editatzeko unea heldu zenean, pandemia agertu zen. Orain arte egin dituzten melodiak, erritmo, swing, beat, flow eta konposizio-sendotasun batekin osatu dituzte lanaren 12 abestiak. Ska klasikoa, reggaea eta jazz jamaikarra, Ritm&Bluesaren apaingarriekin, swing dantzagarriko eta punk jarrerako esentziekin nahastu dituzte. Gai bakoitzak jatorri eta prestakuntza desberdineko musikarien askotariko irakurketak onartu ditu.
Bakion sortu zen gaur egun bederatzi partaide dituen taldeak, baina eraiki eta bost urtera Bilbon finkatu zuten haien lantokia. Ibilbidean zehar, jamaikar eszenaren erreferentzia bihurtu dira eta hainbat lekutan hedatu dute haien musika. Kingston eta Bilbo arteko bidegurutzean egon da Akatz taldea, New Orleanseko mardi grassen espirituarekin solasean.
Kafe Antzokia ospakizun leku gisa
Kafe Antzokia erabaki dute berriz haien lanaren aurkezpena egiteko, 2018an 25. urteurrenarekin egin zuten moduan. Oraingoan berriz toki bera erabaki dute, hasi gabeek "bururik gabeko oilaskoak bezala eta errebelazio basati bat bezala" har dezaten diskoa eta bizitza osoko jarraitzaileek "ke, pattar eta dantza amaigabeko eskaintzekin" ospa dezaten. Hitzordua otsailaren 25ean izango da 22:00etan.