Askapenak brigadak egingo ditu bere 35. urteurrenean

uriola.eus 2022ko ots. 22a, 12:56

Internazionalismoak "herrion askapen nazional eta sozialean" daukan garrantzia mahai gainean jartzeko eta udagorritzen daramaten urteek "etenik izan ez dezaten" bueltan dira brigadak bi urteren ostean, 35 urte udagorritzen! lelopean.

35 pasa dira Askapena, Euskal Herria internazionalista eraikitzen hasi zenetik. Haien helburuak lortzeko, brigadak izan dira tresna "garrantzitsuenetako" bat. Jardunaldi hauen bitartez, gainerako herri langileekin ezagupenak partekatzea lortzen dute: "Beste herri langileen borrokak ezagutu eta geureak irakaspen horietaz elikatu dituzte ehunka euskal brigadistek, eta, noski, era berean, gure herriko esperientziak gainontzeko herrietara zabaldu izan ditugu".

Horren ondorioz, pandemiak baldintzatutako bi urteren ostean brigadak bueltan dira. Kartelean ikusi daitekeen moduan, 22 zenbakia, 20aren gainetik jarri dute urte hartan egin ez zirenei erreferentzia egiteko. "Bi norabideko elkartasun politikoa" izan da brigadei eta urtero lantzen duten internazionalismoari eman dioten definizioa.  

Aurkezpenean egindako irakurketan, munduko herri langile guztien "askatasuna" jarri dute helburu eta ez "turismo politikoa" egitea, edo laguntza eta irakaspen iraultzailerik ematea. "Jarrera paternalistak bultzatu zein besteen borrokak erakuslehio huts izatera daramatzate", Askapena erakundearen ustez. Beraz, herri borroken "elkar-ezagutza bultzatzeko" eta, bueltatzerakoan, Euskal Herrian internazionalismoa eta haien "askapen borrokak" elikatzeko daramate urte hauek guztiak brigadak antolatzen.

Bueltatzean hasten da lana

Azkenik aipatu dutenez, brigadisten lana Euskal Herrira itzultzean hasten da. Jardunaldietan eskuratutako esperientziak dagokien unean eta lekuan aplikatzen laguntzean hasten da lana, hain zuzen ere. Helburu guztiak lortzeko asmoz, Euskal Herriko borrokalariak brigadetan parte hartzera animatu dituzte. Izena emateko epea, atzo hasi zen, otsailak 21ean, eta apirilaren 19ra arte egongo da irekita.