Musika eszenatokietan bueltan da eta Bilbok ez du atzean geratu nahi. 40. urteurrena ospatzeko Metallicak mundu bira egingo du eta gure hiria izango da geltokietako bat. Maila honetako ikuskizuna Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak Live Nation sustatzailearekin batera aurrera eramandako elkarlanaren bidez antolatu dute.
Gainera, Metallica ez dira izango San Mamesen arituko diren bakarrak. 16:00etan hasiko da jaialdia, Weezer-ekin. The Hellacopters, Nothing But Thieves eta The Regrettes taldeek jarraituko diote, eta itxiera munduko rock talde famatuenetarikoarentzat izango da. Sarrerak ostegun honetan, otsailaren 24an, jarriko dira salgai Ticketmaster plataformaren bidez eta Live Nationen webgunean.
Ilusioa berreskuratzeko kontzertua
Nazioarteko ekitaldi handiak hartzeko hiriaren eta lurraldearen posizioa indartzen duela nabarmendu dute Bilboko alkateak eta Bizkaiko Ahaldun Nagusiak. Juan Mari Aburtok garrantzia handia eman dio ekitaldi honi: "Bilbon rock musikaren zaleentzat ezinbestekoa eta mitikoa den talde honen beste kontzertu ikusgarri bat izatea garrantzitsua da". "Oso gogorrak" izan diren bi urteren ondoren gizartearen ilusioa berreskuratu eta ingurune hurbilenean "inpaktu ekonomikoa sortu" nahi du udalak.
Era berean, Unai Rementeria, Bizkaiko Ahaldun Nagusia, jendearen ilusioa berreskuratzearen garrantziarekin tematu da: "Gizarte honek ondo merezita du". Kultura eta musika berreskuratzea ere beharrezkoa dela aipatu du Rementeriak.