Lehen greba eguna otsailaren 25ean izango da, ostiral honetan. Lehen arretako langileei egin diete deia eta Santutxuko, Alde Zaharreko eta Deustuko anbulatorioetan antolatu dituzte mobilizazioak "baliabide falta" salatzeko eta "inbertsio gehiago" eskatzeko. Hurrengo astelehenean, hilak 28, Osakidetza osoko langileei luzatu zaie grebarako deia, eta 26an manifestazioa egingo da Jesusen Bihotzetik abiatuta.
Hilabete hasieran, Osasun Sailaren "immobilismoa" eta "konponbide eza" salatzeko ELA, SATSE, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek grebarako deialdia egin zuten aste honetarako. Izan ere, urte amaieran anbulatorioen aurrean mobilizazioak egiten hasi ziren Covid-19ari aurre egiteko baliabide gehiago eskatzeko eta lehen arretan egindako murrizketak salatzeko. Urtarrilean mobilizazio hauekin jarraitu zuten eta, azkenik, gehiengo sindikalak aurrera pausu bat egitea erabaki zuen.
Bideo baten bidez, ELA-k Osakidetza Euskal Herriko "ETT-rik handiena" dela salatu du. Sindikatuaren esanetan 2021eko otsailean Osakidetzako langileen %58 behin-behinekoa zen, 24.600 langile hain zuzen ere. Bestalde, kopuru horretatik ia 9.000 langilek dute zortzi urte baino gehiagoko antzinatasuna, ELA-ren esanetan.
Duela hamar urte baino inbertsio gutxiago dauka Osakidetzak eta aurten 17 milioi gutxiago inbertitzea planteatzen du Eusko Jaurlaritzak. Belaunaldi erreleboa gauzatzeko planifikazioa salatu dute ere, plantillaren batez besteko adina 50 urtekoa baita. Prekaritate honek langileen ihesa eragiten duela salatu dute eta 5.000 postu berri sortzea eskatu dute; horietatik 1.000 lehen arretarako.
Garbiketa sektoreetan ere, hala nola
Osakidetzako langileak ez bakarrik, garbiketako langileak ere borrokan darabilte hainbat denbora. Guggenheimeko garbitzaileak 260 egun inguru daramate greban. Urte hasieran Zorrotzaurre eta Andra Maria Zuriaren IMQ zentroetako 89 langile kaleratu zituzten eta atzo ospatu zen epaiketa. Bertan, IMQk langileen oinarrizko eskubideak urratu dituela salatu du ELA-k eta sektore horretako ehunka langile Epaitegiaren aurrean bildu ziren.
Deustuko unibertsitateko garbiketa zerbitzua ere, greba egin zuen aurreko astean 16tik, 19ra. Irailetik 11 greba egun egin dituzte eta egunero mobilizazioak egin dituzte unibertsitatearen aurrean. Donostiako Deustuko Unibertsitateko langileek dituzten lan-baldintza berberak eta sektore feminizatu horretan dagoen soldata-arrakalarekin amaitzea eskatu zuten.
Atzo izan zen soldata-arrakalaren aurkako eguna hain zuzen ere. Hainbat ekitaldi eta mobilizazio egin ziren eta garbiketa sektoreko langileak batez ere, soldata-arrakala deuseztatzea eta eremu feminizatuetako hitzarmenen blokeoarekin amaitzea eskatu zuten.