Hautsi zen anphora! izango da aurtengo edizioaren leloa, Ruper Ordorikak 1980an kaleratu zuen Hautsi da anphora lanari erreferentzia egiten diona. Bernardo Atxaga idazlearen Etiopia obrako poemak abesti gisa moldatu zituen diska hartan, eta, oraingo honetan, 42 urte beranduago, kanta horien berraurkezpena egingo dute biek. Hala, Ruper Ordorika&Mugalaris taldea izango da eszenatokian, Bernardo Atxagak gaurko begirada literarioa irakurtzen duen bitartean. Martxoaren 11n izango da hori, Euskalduna Jauregian eta egitarau zabalaren hasiera markatuko duen hitzordu nagusietakoa izango da.
Egun bat lehenago, baina, martxoaren 10ean, Loraldiak iraun bitartean Bira Kultur Gunean ikusgai egongo den J.C Egillor mundua erakusketaren bueltako ibilbidea antolatu dute Zazpi Kaleetan zehar, María Urcelay aktoreak gidatuta. Bilbotar artistaren lanik garrantzitsuenak ikusteko aukera egongo da Erronda kaleko txoko horretan, eta hurrengo egunean Euskalduna Jauregian taularatuko duten ikuskizun horretan ere izango dute isla Egillorren artelanek.
Aipatutako bi horiek, baina, hasiera baino ez dira izango. Izan ere, hainbat diziplinatako eta ikuskizun, tailer eta solasaldiak egongo dira bi astez. Iraganak utzitako arrastoari segika sortu denaren eta, are, aurrerantzean sortuko denaren gain jarri du arreta aurtengo Loraldiak. Izan ere, Amaia Ocerin komunikazio arduradunaren esanetan, “Geroari begira dator” festibala.
Eulalia Abaituarekiko miresmena
Atzera begirako horri jarraikiz, Bilbotar argazkilari Eulalia Abaitua ere gogoan izango du festibalak, “gure memoriaren gordailua sortu zuen aitzindaria”, Imanol Agirre zuzendari artistikoaren esanetan. Bada, Loraldiak urtero sortzen duen antzezlan propioa Abaituaren figurari eskainia izango da aurten: Mira hadi. Eulalia Abaitua andre-begietan. Martxoaren 15ean taularatuko dute Arriaga Antzokian Ane Pikazak eta Maite Larburuk, Getari Etxegarairen zuzendaritzapean. Argazkiak, kontaketak eta musika uztartuko ditu emanaldiak.
Abaituak Ingalaterran ikasi omen zuen hasi berria zen argazkilaritzaren artea, eta Bilbora, bere hirira, ekarri zuen XIX. mendean. “Kamararekin islatu zituen pertsonak (hamaika emakume) eta paisajeak gure memoria dira. Irudi ezinbestekoak gure nortasuna ulertzeko eta ezagutzeko”, antolatzaileek azpimarratu duten bezala. Hori aintzat hartuta, euskal kulturak onespena eta ezagutza sor dizkiola uste dute Loraldiaren sustatzaileek: “Aitzindaria eta bidegile handia izan zen baina gaur egun oraindik ezezaguna da gure artean”.
Berrikuntzak eta jarraipenak
Nobedade gisa, gazteek espazio propioa izango dute festibalean. Zorrotzaurreko irla delakoan dagoen La Terminal espazioa hartuko dute euskal gazte adierazpen anitzek martxoaren 12an: graffitia, beatbox, pop eta musika elektronikoa, DJ, teatroa… Aretoan sei ikuskizun eszenaratuko dira.
“Egun osoko programazio honek gure unibertsoko jende gazteari plaza eskaini nahi dio”, adierazi dute antolatzaileek.
Bestalde, azken edizioan martxan jarritako Bozak esperientzia digitala bigarrenez egingo dute aurten. Emakumea eta euskal eszena izango dituzte mintzagai Lide Hernando Liher eta Maddi Oihenart idazleek, Maddalen Arzallusek gidatutako solasaldian. Itziar Ugarte poeta ere gonbidatu dute hitzordura. Hortaz, hizketaldiaz gain musikak eta literaturak ere izango dute beren tokia.
Gerora begira jarraitzeko gonbita
Literatura, musika eta bertsoak batuko dituen ikuskizunak itxiko du kultur festibalaren 8. edizioa. Testua sortu duen Alaine Agirre idazlearekin eta Olatz Salvador musikariarekin batera taularatuko dira hiru bertsolari: Nerea Ibarzabal, Amaia Agirre eta Oihana Bartra santutxuarra. Gerorik balego izenburua jarri diote ekimenari; hain zuzen, euskal kulturaren etorkizunari erreparatu eta bultza egiteko deia izango da, horixe baita, aipatu bezala, Loraldiaren xede nagusietakoa.