Kiroldegi eta erabilera anitzeko espazioa bihurtuko da Casilla

uriola.eus 2022ko ots. 24a, 11:01

Irudia: Bilboko Udala

Casillako pabiloia eta inguruko eremua berreraikiko da "kiroldegi trinko eta moderno bat" sortzeko eta beste eremu estali bat egokitzea "erabilera askotarako". Gainera ingurua "kohesionatu eta berpiztu" nahi da, hiri-garapeneko ikuspegi bat hartuta abiapuntutzat.

Casillarako etorkizuneko estrategia eman zuen ezagutzera atzo Bilboko Udalak eta plan berriaren nondik norakoak azaldu zituen. Alde batetik kirol azpiegitura berri eta erabilera askotakoak abian jarriko dituzte eta bestetik haiek kokatzen diren inguruko hirigintzari, bizimodu sozialari eta ekonomiari bultzada emango diote. 

60ko hamarkadan inauguratu zen Casilla eta urteetan zehar moldatzen joan da Bilboko kirol ekipamenduen sarean egin diren aldaketei, hiriaren beharrizanei erantzuteko. Horregatik Udalak "maila handiko" berrikuntzak egin nahi ditu inguruan.

Kirol-ekipamenduari dagokionez, luzetara bi jokaleku izango dituen pabiloi bat egin nahi da. Honek, zeharka hiru jokaleku izateko aukera emango du. Horrez gain, ur-eremu bat eraiki nahi da, "eskari objektiboaren eta urian gertu dagoen ekipamendu-sarearen araberako neurriak izango dituena".

Gutxienez erabilera askotako areto bat egiteko asmoa ere badago; gero eta eskaera handiagoa duten, osasun ongizate, pilates, yoga eta beste jarduera batzuetarako areto bat gutxienez; fitness areto bat baina gaur egungoa baino handiagoa eta hobetutako espazioekin; eta azkenik sauna, spa edo hidroterapia gehitzeko aukera egongo litzateke. 

Kiroldegia Bilbao Kirolak udal entitatearen barruan sartuko da eta ondorioz, Udalaren gainerako ekipamenduek bezalako tarifak eta sartzeko baldintzak izango ditu.

Eskaerari aurre egin ahal izateko 

Jolas, kirol, kultur, musika edo merkataritza arloko ekitaldiak egiteko eskaera handia duela Casillak. Hala ere "segurtasunarengatik" edo "gehienezko jende-kopuruarengatik" mugatuta geratzen dira. Horren jakitun, proiektu berriak hor zer aurreratu baduela azaldu du. Asmoa espazio berrian ekintza guzti hauek gauzatu ahal izatea da. 

Lehiazko elkarrizketa

Atzo goizean aurkeztutako plana aurreikuspen bat izan zen. Izan ere, hurrengo pausua lehiazko elkarrizketa izango da, Casilla berriaren proiektua definitzeko eta haren etorkizuneko ustiapena zehazteko obra-kontzesioaren bidez. 

Geltoki intermodalaren proiekturako erabili zuten finantzaketa prozedura honetan, kontratazio-organoak elkarrizketa bat zuzentzen du hautatutako hautagaien artean. Horiek aldez aurretik egin behar dute eskaria, haren beharrizanei erantzun ahal dieten konponbideak garatzeko eta azkenik Udalak oinarritzat baliatuko ditu obra publikoaren kontzesioko kontratua definitzeko. 

Prozedura hura lizitaziora ateratzen denean, sei hilabeteko epean garatuko eta espero da ondorioak aurten eskuratzea. Modu honetan, azpiegituraren obren lizitazioa datorren urteko hasieran egin ahal izango litzateke. 

Kritikak EH Bilduren aldetik

Oposizioko alderdiak hiri proiektuak Udaleko gainerako alderdiekin eta auzokideekin "elkarbanatu eta eztabaidatu ez izana" salatu du. Sare sozialen bitartez EH Bilduk 2015ean Casillarako eta ingururako konponbide integralarentzat egindako proposamena gogoratu eta Udal Gobernuaren jarrera salatu du: "Ekipamendua esku pribatuetan uztea planteatu du, aldebakarreko proposamen bat aurkeztuz".