Badatoz aratusteak

uriola.eus 2022ko ots. 24a, 16:00

Aurtengo Farolin eta Zaranbolas

Farolin eta Zaranbolasen ohiko epaiketarekin abiatuko dira inauteri jaiak. Ibon Koteron musikaria eta Gemma Martinez antzezlea udaletxean atxilotuko dituzte bihar, 19:00etan, eta 19:30ean epaiketari aurre egin beharko diote konpartsetako aktore amateurrek prestatutako ikuskizunean.

1984an Farolin eta Zaranbolas pertsonaiak sortu zituzten Jai Batzorde Mistoko kideek, eta urte hartan egin zen lehen aldiz haien epaiketa. Aratuste tradizional eta baserri-girokoetan ohikoa zen urteroko pertsonaia gaiztoa epaitu eta zigortzearen eredua parodiatzen dute urtez urte, zintzoaren eta gaiztoaren arteko "dikotomia" hausteko. 

Udaletxean egiten den atxiloketarekin hasten da herri-auzia. Horren ostean, mazukariek protagonistak ziegetara eramango dituzte eta hortik Fraisku, Momo, Hartza, Moja, Turko eta Higien kalejira batek bideratuko ditu Plaza Barrira arte, bilbotarren irainen artean. 

Konpartsetatik bilbotar guztiak Plaza Barrian egingo den epaiketara joatera gonbidatu dituzte. Epaiketaren ostean, Farolin eta Zaranbolas, euren burua defendatu (edo gehiago errudundu) eta gero, ziegetara itzuliko dira, eta horrela herri auziari amaiera emango dien burla, trufa eta eskarnioa egingo dira. Azkenik, kopla txikien lehiaketako irabazleak, Hontzak konpartsak, abestuko du aurtengo bere kopla txikia. 

Iñauteriei hasiera

Esan bezala, Farolin eta Zaranbolas pertsonaien epaiketak emango dio hasiera asteburuari. Hala ere, gaur bertan Orkestra elektrotxarangak Zazpi Kaleak girotuko ditu 20:00etan. Larunbata izango da egunik beteena, eta 12:00etan iñauterien esparrua zabalduko da. Kalejirak, tailerrak, kontzertuak, dantzak, antzerkiak eta Albian egingo den merkatuak girotuko dute goiza.

Arratsaldean mozorroen lehiaketa izango da, Diputaziotik abiatuta. Plaza Biribilean epaimahaia egongo da eta Areatzan amaituko da desfilea. Bertan, Oinutsik erromeria hasiko da jotzen (17:00), eta Lekittoko deabruak izeneko piroteknia taldea eta albokariak Plaza Barriraino joango dira 19:30ean. 20:30ean, arratsaldean lehiaketara aurkeztutako mozorro eta dantzarik onenek beren saria izango dute Plaza Barriko karpan. Eguna amaitzeko, Bocabeats taldeak ikuskizuna emango du plazan bertan. 

Igandean, Gaztedi dantza taldearen emanaldia izango da ekintza bakarra, baina astelehena programazio zabalarekin dator berriro. DJ Xaiborrek kontzertua emango du familientzat, eta Txirri, Mirri eta Txiribiton izango dira arratsaldean Campos Eliseos antzokian. Bataklan Kabaretak eta Silitiaren kontzertuak itxiko dute eguna. Iñauteriekin amaitzeko, Bilboko Udal txistulari bandak joko du astearte goizean, eta arratsaldean kandelen banaketa eta sardina erretzea egingo da. 

Aurreko urtean bertan behera geratu ostean, egitarau zabal eta betea eskaini nahi izan dute antolatzaileek, mota guztietako ekintzez josia eta hartzaile guztientzako modukoa. Ekintza horien guztien berri Uriolako agendan izango duzue.