Gerra arbuiatzeko kanpaina abiatu du Kakitzat koordinadorak

uriola.eus 2022ko ots. 28a, 10:12

Errusia eta Ukraniaren arteko borrokaldiak bertan behera geldi daitezen eskatzeko deia egin diete herritarrei: "Inperialismo guztien gerra eta arma deseskalatzea eskatzen dugu. Bai errusiarrarena, bai NATOrena".

"Elkartasuna adierazten diegu gerra hau eta beste batzuk jasaten ari diren herritarrei, eta kaltetu nagusia babesteko deia egiten dugu: biztanleria zibila, ondorio tragikoen biktima", adierazi du Kakitzat Koordinadora Antimilitaristak.

Hala, alde batetik, herritarrei eskatu diete beren balkoi eta leihoetan gerraren aurkako mezuak eskegitzeko; bestalde, mobilizazioetan parte hartzeko gonbita ere luzatu dute.

"Logika militar eta kapitalista" haustea nahi du taldeak,  "interes ekonomikoak eta geoestrategikoak herrien ongizatearen aurretik jartzen baititu".

Plazaratu nahi dituzten aldarrikapenak lau argazki motaren bidez azaldu dituzte koordinadorakoek:

Argazki finkoa: gure balkoietan banderolak edo sinbolo antimilitaristak eskegi ditzagun, gobernuei gerra eskalada gelditzeko eskatzeko. Era berean, mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten dugu.
 
Enfokatu gabeko argazkia: inbasio honen justifikazioak alde batera uzteko deia egiten dugu, errepubliken aldarrikapenetan oinarrituta edo NATOren inperialismoari aurre egingo dion mundu bipolar batera igortzeko.
 
Argazki panoramikoa: nazioarteko komunitateari eskatzen diogu Ukrainako gerra geldiarazteko, baina baita gaur egungo gainerako gatazka armatuetan ere. Gerrek populazioetan duten eragina murrizteko zeregin aktiboa izan dezala eskatzen dugu.
 
Lehen planoa: gerrak gobernarien asmo espantsionistekin eta interes ekonomikoekin hasten dira, baina baita industria militarrarekin ere. Aipa dezagun armagintza eta bere heriotza negozio zikina.
 
Plano xehea: indarkeria eta gatazkei aurre egiteko modu militaristak arbuiatzen ditugu, eta elkarrizketaren eta bidezko akordioen alde egiten dugu, elkarrekin bizitzeko eta jendeari bizitza errazteko, bultzada militaristetatik urrun.