Gogoz hasi zen asteburua Farolin eta Zaranbolasen epaiketarekin batera. Jendetza hurbildu zen Plaza Berrira egun handiaren bezperan. Farolin (Ibon Koteron) eta Zaranbolas (Gemma Martínez) izan ziren, hain zuzen ere, mozorro-lehiaketaren epaimahaia osatu zutenak. Ostiralean jada lehen mozorroak ikusi ziren, eta larunbatean, denetariko pertsonaiek bete zuten hirigunea. Aurreko urtean nagusitu ziren musukoak alde batera utzi eta originaltasuna nagusitu zen herritarren arropan.
Mozorro berriak, zaharrak, oso landuak edo momentu batean egindakoak ikusi ahal izan ziren. Umorea, fantasia eta aldarrikapenetarako lekua egon zen. Osasungintza eta zerbitzu publikoen aldeko mezua ekarri zuten hainbat taldek eta horietako hainbatek Iñigo Urkullu eta Juan Mari Aburtori artaziak atera eta arlo publikoan murrizketak egitea leporatu zieten.
Kalejirek, kontzertuek, tailerrek eta Albian egindako merkatuak, goiza girotu zuten eta arratsaldean mozorro lehiaketaren txanda izan zen. Etxean sortutakoa erakusteko gogoak zituzten herritarrak eta 4.000 bat parte-hartzaile egon ziren, 2020ko aratusteetan adina. Prestatuta zeukaten ikuskizuna antzeztu zuen bakoitzak ibilbidean zehar eta Plaza Biribilean kokatutako epaimahaiaren aurrean.
Eztabaida handiaren ostean, Menudo Cuadrok irabazi zuen taldekako sari nagusia. Kide guztien artean, Guernica koadroa islatu zuten. Goma Eva eta San Simon Sucrek jaso zuten bigarren eta hirugarren saria hurrenez hurren. Konpartsen kasuan, Kaixok irabazi zuen, eta Pinpilinpauxa eta Pa...Ya izan ziren hurrengoak sailkapenean. Azkenik, bakarkakoen kasuan Iratxe eta Fernando izan ziren irabazleak, eta Enki eta Katrina y árbol hurrengoak.
Mozorro lehiaketarekin batera, Oinutsik erromeriak jarri zion musika arratsaldeari, eta Lekittoko deabruek ikuskizuna egin zuten mozorro lehiaketaren sari banaketaren aurretik. Egun handia amaitzeko, jendez bete zuen Plaza Berria Bocabeats taldeak gauerdira arte.
Oraindik ez dira iñauteriak amaitu
Atzo, Gaztedi Dantza taldearen Zuberoako maskarada izan zen ekitaldi bakarra, baina gaur eta bihar, ekintza anitz geratzen dira. Gaur umeen eta senideen eguna da. Plaza Berrian, DJ Xaibor eta Udal Musika Bandaren kontzertuaz gozatzeko aukera egongo da. Gainera arratsaldean, Txirri, Mirri eta Txiribiton egongo dira Campos Eliseos antzokian eta Bataklan Kabaretek eta Silitia taldearen kontzertuek amaituko dute eguna. Bihar, amaitzeko, sardinaren hileta egingo da Arriaga Antzokiaren aurrean.